Ikasturtea amaitu ondoren, agur ekitaldia izan dute.
Goierri Eskolako Oinarrizko Lanbide Heziketako (OLH) ikasleek ere agurtu dute ikasturtea. Agur ekitaldia egin dugu eta bertan izan dira Jorge Mancisidor eskolako zuzendaria, Xanti Iruretagoiena Ikaslan Fundazioko zuzendaria eta irakasleak ere. Ikaslaneko zuzendariak hartu du lehenengo hitza. Izan ere, ikasleetako batzuk Ikaslanen izan dute lan-munduarekin beraien lehen harremana, ikaskide izatetik, langile izatera pasaz. Iruretagoienak “ikasteko grinarekin” jarraitzeko gomendioa luzatu die: “Ikasteko grina baduzue, edonon ondo egokituko zarete”. Mancisidorrek bere aldetik, bi urte hauen errepasoa egin du eta ibilbide honetan zehar “lagun berriak egin eta asko ikasteko aukera” izan dutela gogorarazi die. Tituluaz gaindiko beste gauza asko gogoan izango dituztela ere aurreratu die. Zorterik onena opatzeaz gain, beharra badute Goierri Eskolaren laguntza betiko izango dutela gaineratu du zuzendariak.
Ekitaldiak diplomen banaketarekin jarraitu du eta borobiltzeko, bi urte hauen bideoa proiektatu dute. Barreak izan dira nagusi! Momentua hilezkortzeko, argazkiak atera dituzte eta lunch bat jan dute.
Zorionak denoi! Aurrerantzean Goierri Eskolako enbaxadoreak zarete! Zorterik onena opa dizuegu ibilbide berrian.