Goi Mailako KIROLA eta IKASKETAK uztartuz

Goierriko kanpusean ikasten ari diren goi mailako kirolarien bizipenak

"Ikasketak eta kirola, bizitzako bi ardatz garrantzitsu"

Adin tarte zaila da, 18-21 urte bitarteko gazteak dira, kirolean beren bizitzeko eta izateko modua aurkitu dute eta aldi berean, ikasketak albo batera uzteko asmorik ez dute. Apustu sendoa eta ausarta. Mondragon Unibertsitateko Goierriko kanpusetik igaro izan dira eta gaur egun ere baditugu hainbat eta hainbat ikasle goi mailako kirolean aritu direnak edo ari direnak, Unibertsitatean ikasten duten bitartean. Horietako Ingeniaritza Mekanikoaren maila ezberdinetan jarduten duten bost lagun batu ditugu eta kirola eta ikasketak uztartzeari buruz berriketan aritu gara; Joseba Reguillaga Eizagirre (judo); Mikel Olaetxea Balda (txirrindularitza); Ander Rekondo Herrera (arrauna); Unai Reguillaga Eizagirre (judo) eta Beñat Senar Apalategi (pilota).

Askotan ez gara guztiz jabetzen adin horretako pertsona batek dituen betebehar guztiekin. Goi mailan ikastea eta entrenatzea ez da batere erraza eta kontziente izanik eta abentura honek eurengan ekarri dezakeen higadura fisiko, psikiko eta emozionala onartuta egiten dute aurrera. Izan ere, ikasketak eta kirola bizitzako bi alde garrantzitsuak dira beraientzat, eta bakoitzak 100% ematea eskatzen du helburuak lortzeko. Halaber, kirolari horietako asko, ziur asko, ikasle oso onak dira, eta agian ez dituzte hain nota bikainak, astean 15-20 ordu ematen dituztelako entrenatzen eta lehiatzen.

Aukeratutako sakrifizioa

Mikel Olaetxeak zazpi bat urte daramatza txirrindularitzan murgilduta. Tokatzen zaion entrenamendu motaren arabera antolatzen ditu ikasketak: “Garai honetan azkar iluntzen du eta horregatik, Mondragon Unibertsitateko Goierriko kanpusetik atera eta lehenengo gauza entrenatzera joatea izaten da. Amaitzean, etxera itzuli eta ikasi”. Baina, zer gertatzen da azterketak dituztenean? Mikelek argi du erantzuna: “Lehentasuna ikasketei ematen diet beti. Gogorra da baina txirrindularitza nik aukeratutako zerbait da. Gustuko dudalako egiten dut eta ez dit inork behartzen”.  Hala ere, hau guztiak kostu bat baduela aitortzen du. “Baditut, ni bezala, kirolean dabiltzan lagunak baina beste askok aisialdirako denbora gehiago dute eta nik larunbatetan lasterketa badut, igandeak izaten ditut horretarako. Mendira joan eta lagunekin egotea dut gustuko egun horietan”, azaldu du.

Josebak, berriz, pare bat urte daramatza judoa “serioago” praktikatzen. Entrenamenduak egun zehatzetan izaten dituzte eta aste hasieran egun horietarako antolaketa egiten du. Azterketak tokatzen badira, egun batzuetan gehiago ikasi behar izaten da. Beharrezkoa bada, azterketak iristean entrenamendu eguna kentzen du. “Oraingoz ongi daramat, Unibertsitateko lehen mailan nagoelako baina kontziente naiz datozen urteetan konplikatuko dela guztia”, jakinarazi du. Eta horixe bera da bere anaia Unairi gertatzen ari zaiona. Ingeniaritza Mekanikoko 3. mailako ikaslea judoan aritzen da eta lau bat urte daramatza serioago entrenatzen. Iaz eta aurten lehenengo urtearekin alderatuta ezberdintasuna “handia” izan dela nabarmendu du. Izan ere, goi malako kirolari eta Unibertsitateko ikasketei lana batu zaie: “Lehen bi urteak errazago eraman nituen. Orain pixka bat gogorragoa ari zait egiten. Alegin, Ederfil-Becker enpresan lanean ere banabilelako. Aurten bidaietan aprobetxatu dut ikasteko. Beti atera behar nonbaitetik denbora… Akaso ezingo dugu 10aren bila joan azterketetan baina, 7 bat lortzeko behintzat lan gogorra egiten dugu”.

Bidaiak eta azterketak egun berean. Zer egin?

Iaz azterketa garaian Europako txapelketa jokatu zuten kanpoan eta bueltakoan, errekuperazio garaian, lehen azterketa egiteko aukera eskaini zioten eskolan. “Zorionez lehenengoan atera genuen!”, barreak sortarazi ditu Unaik gainontzeko kirolarien artean, argi dute eta egiten dute ahalegina. Aisialdirako denbora duenean, motor mundua oso gustuko du eta baita naturara jotzea ere.

Taldeko pilotariaren kasua bestelakoa da. Pilota partida dezente izaten ditu Beñatek astean zehar ere. Ostegunetan, adibidez. Egun horietan, ezin izaten du ikasi. Hala ere, goi mailako kirolaria izanik, hutsegiteak justifikatzeko arazorik ez du izaten eta alde horretatik oso eskertuta agertu da Mondragon Unibertsitateko Goierriko kanpusarekin: “Egunen batean azterketa bat atzeratzeko beharra edo izan bada, ez didate inoiz trabarik jarri. Iaz Valladoliden izan nintzen selekzioarekin munduko txapelketan eta azterketa garaia zen. Maiatzean ere Kalifornian izan nintzen eta azterketak nituen orduan ere. Taldekideekin adostuta ikasteko orduak aurrez sartu nituen eta itzultzean azterketak egin nituen”. Frontoian ez dagoenean ehizan aritzea du zaletasun gisa.

Boskoteko arraunlariak, berriz, Anderrek arraun denboraldian entrenamendu gehiago izaten ditu baina orain larunbatetan elkartzen dira. Urtea aurrera doan heinean egunak gehitzen joaten dira, ostiralak, astelehenak… “Denbora kentzen dit baina saiatzen naiz ongi antolatzen eta denbora ateratzen, zaila bada ere”, aitortu du.

Emozionalki egoerak kudeatu beharra

Galdu edo irabazten dutenean sentitzen duten adrenalina ondoren, nola kudeatu emozionalki egoera? Unairen iritziz, txapelketara zoazenean burua horretan duzu %100 eta bueltan, ikasketetan murgiltzean berdina egiten saiatu behar zara. “Esperientzia eduki ahala ohitzen joaten zaren arren, behin pasa denean zaila egiten da emozionalki kudeatzea. Gizarte honetan guztiok dugu denbora falta eta gure kasuan ere, hala izaten da batzuetan”, gehitu du bere anaia Josebak. Higadura fisikoa ere badago, izan ere, Beñatek azaldu moduan, askok uko egiten diote lo-orduei ikasteagatik eta, horrela, entrenamendu-saio batera huts ez egiteagatik, adibidez.

Agian beste gazte batek egingo lukeen beste edozeri uko egingo diote, baina boskote honek egin duen aukera eta apustua izan da goi mailako kirola eta ikasketak uztartzea eta kirolak ematen dizkien balio guztiak gainera, arlo akademikoan aplikatzeko aukera aparta izaten dute. Diziplina eta jarraikitasuna, sakrifizio-izpiritua eta esfortzua ikusi daitezke beren bizitzako bi aldeetan. Horregatik, guztiek ondokoarekin bate egiten dute: “Guk aukeratu dugun bidea da eta bete egiten gaitu. Horrek balio du”.

Ikus itzazu hemen honekin erlazioa duten beste berri edo notizi batzuk: ikusi

kirola eta goierriko kanpusean ingeniaritza ikasketak uztartzen dituzten ikasleak
alumnos de ingenieria del campus de goierri que son deportistas de élite
campus de goierri de la universidad de Mondragon unibertsitatea

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?