Elikagaiak eta sendagaiak modu seguruan garraiatzeko sistemak

Isolatuta dagoen pertsonari lehen arretako produktuak helarazteko gailua

Covid-19ak eta haren ondorioz eratorritako krisi sanitarioak mota askotako gabeziak azaleratu ditu. Birusa zabaltzeko erraztasunak hainbat erronka gainditu beharra ere mahaigaineratu du sektore askotan, tartean birusaren ondorioz isolatu behar izan diren pertsonen beharrei erantzuteko eta erantzun hori modu seguruan emateko gaitasuna. Erronka horri erantzun behar izan diete Mondragon Unibertsitatearen Goierriko campusean Ingeniaritza Mekanikoa ikasten ari diren hirugarren mailako ikasleak. ¿Nola lagundu dezake teknologiak eginkizun horretan?

Azken hilabeteetan ikusi ahal izan den moduan, enpresa askok haien jarduna norabide honetara bideratu dute, negozio lerro berriak irekiz. Zentzu horretan, eta teknologiak pertsonen beharretara egokitzeko duen gaitasuna nabarmenduz, covid-19agatik edo bestelako arrazoiren bategatik, isolatuta egon behar duen pertsona bati elikagaiak, sendagaiak edo lehen arretako bestelako materiala modu seguruan garraiatzeko sistemak garatu dituzte.

Garapen jasangarriaren kontzeptua kontuan hartuta, honako irizpideak hartu behar izan dituzte kontuan garraio sistema garatzeko: garraiatu behar den produktua une oro babestuta egotea, garrai sistema trinkoa eta ergonomikoa izatea (etxe batean edo ospitale batean erabili ahal izateko) eta autonomoa edo urrutira kontrolatu ahal izateko modukoa izatea. Esan bezala, ezaugarri horiei guztiei gehitu behar zaie ingurumenarekiko errespetagarria izatea, energia kontsumoa baxua izatea eta kutsadura akustikorik ez sortzea.

Ainhoa Sarasola ikasleak adierazi duenez, “lehen egitekoa gaia sakon aztertzea izan da. Azterketa horrek balio izan digu benetan proiektu honekin lortu nahi diren helburuak identifikatzea eta zehaztea, eta behin hori egindakoan helburu horiei ondoen erantzungo dien irtenbidea diseinatu dugu”. Oier Otxoaren hitzetan, “ez da lan erraza izan, proiektua teknologikoki garatzeaz gain, beste hainbat ikuspegi ere kontuan hartu behar izan dituelako: denbora jakin bat egon behar da martxan, pisu konkretu bat altxatzeko gaitasuna izan behar du, eremu konkretu batean modu seguruan ibili ahal izateko prestatuta egon behar da…”.

Bi ikasleak bat datoz: “Ikasturte guztian ikasitakoa praktikan jartzeko oso modu polita da, eta gure burua egoera horietara egokitzen joateko asko balio digu. Taldean lan egin behar dugu, taldekideon artean koordinatu behar gara, beti ez gara ados egoten eta ezadostasun horiek ahalik eta ondoen kudeatu behar ditugu. Eta hori lan munduan ere hala izan behar da, beraz, ikasten goazen eran etorkizunerako prestatzen ere bagoaz”.

Aitor Zuriarrain irakasleak eta mekanika graduko 3. mailako koordinatzaileak balio erantsi bat gehitu dio proiektuari: “Teknologia industria alorrera edo informatikara oso lotuta dago gizartean. Teknologia esaten denean askotan lantegiak eta makinak edo sakelakoak eta ordenagailuak etortzen zaizkigu burura. Baina teknologia oso alor zabala da, eta, noski, oso estu lotzen da gizarte gaiekin. Hori da lanketa honekin lortu nahi izan den helburuetako bat: teknologiaren balioak ezagutzea. Pandemia egoera lagungarria izan da horretan”.

Izan ere, Mondragon Unibertsitateak ikasketa alorretik harago, gizarterako eta lan esparrurako ere hezten ditu ikasleak. “Egunerokotasunean lanean aurki ditzaketen kasuistiketara moldatzen ikasten dute ikasleek. Teoria praktikara eramateaz baino zerbait gehiagoz arduratzea eskatzen diegu, ikasketak amaitu eta lan mundura salto egindakoan ezagutza teknologiez gain bestelako ezagutza batzuk ere izan ditzaten, aurrean dituzten erronkei erantzuteko gaitasuna izan dezaten”.

Sarasolak eta Otxoak zehaztu bezala, proiektuak baldintza zehatz batzuk bete behar zituen: denbora jakin bat jarraian martxan ibili, pisu kantitate zehatz bat altxatzeko gaitasuna izan, ahalik eta zaratarik gutxien atera, material birziklagarriak erabili… Aurrekontu zehatz baten barruan ere garatu behar izan dute proiektua.

Zuriarrainen hitzetan, “ikasturte guztiko materia teorikoa proiektu honetan aplikatu behar izan dute ikasleek, eta oraingoan ez diegu proiektu erraza jarri, horrelako produktu gutxi baitaude merkatuan, eta erreferentziarik gabe, zerotik egin dute prototipo guztia. Gustura gaude eman duten mailarekin eta azken emaitzarekin”.

robots fabricados por alumnos de ingeniería en Goierri Eskola, Ordizia.
fotografia de los alumnos de tercer curso de ingeniería mecánica de Goierri Eskola con los robots que han fabricado
robots fabricados por los alumnos de ingeniería mecánica de Goierri Eskola

 

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?