AZIZ mutikoarentzat eginiko bizikleta
Senegal-era bidalia izan da!

Senegalgo Kelle herriko Aziz gaztearentzat egindako bizikleta prest dute Goierri Eskolako ikasleek. Azizek 17 urte ditu eta elbarria da. Egunero 10 kilometro egin behar izaten ditu eskolara joateko, baina duen elbarritasunak lehendik nekeza den bidea are gehiago zailtzen dio. Gurpildun triziklo bat erabiltzen du gaur egun eskolara joan-etorriak egiteko; baina ez da egokia. Txiki geratu zaio, eta zaharkituta dago.

Kellesensa Gobernuz Kanpoko Erakundeak Goierri Eskolari egindako elkarlanerako deiari erantzunez sortu da proiektua. Kellesensako kideek Kellera (Senegal) egindako bidaia batean ezagutu zuten Aziz. Haren egoera aztertu, eta laguntzeko bide bila hasi ziren Jose Martin eta gainerako kideak. Erakundeko kide Sebas Gartziarenak bazuen harremana aurrez ere Jorge Mancisidor Goierri Eskolako zuzendariarekin, eta ezagutzen zuen Goierri Eskolaren erronketan oinarritutako irakaskuntza metodologia. Horra hor erronka berria: Aziz-entzat bizikleta berria sortzea, eta horretarako beharrezko finantzazioa lortzea.

Goierri Eskolako 12 ikaslek parte hartu dute proiektuan. Administrazioa eta Finantzak, Soldadura eta Galdaragintza, eta Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko zikloetako ikasleak denak. “Ilusioz eta arduraz” hartu zuten proiektuaren gidaritza ikasleek. Izaskun Mateosek azaldu du bizikletaren sortze prozesua: “Administrazioa eta Finantzak zikloko ikasleek proiektuaren bideragarritasun plana egin dugu, bizikleta fabrikatu ahal izateko beharrezko materiala erosteko. Goierri eskualdeko eta eskualdez kanpoko enpresekin eta erakundeekin harremanetan jarri ginen beharrezko finantzazioa lortzeko: 2.000 euro. Hainbat material ere sortu genuen: poltsak, musukoak, ilerako zintak… Eta salgai jarri genituen. Dohaintzak egiteko aukera ere bai”.

Bizikleta diseinatzeko Aziz-en ezaugarri fisikoak eta eremu geografikoa hartu behar izan zituzten kontuan. Kellesensako Martinek zehaztu duenez, “Aziz-ek sortzetiko malformazio bat du hanketan, eta mugitzeko gaitasuna baduen arren, ez du zutik jartzeko adina indar. Esku baten gainean sostengatzen da ibiltzeko, eta pikotxean mugitzen da. Beraz, eskuak erabiliz mugitzen ditu bizikletako gurpilak. Kontuan hartu behar da, baita ere, ez dutela gasolinarik erosteko dirurik, eta Senegalen errepideak, eta zorua orohar, hondarrezkoak direla”.

Ezaugarri horiek kontuan hartuta, “atalez atal diseinatu dute bizikleta” Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko ikasleek, azaldu du Mateosek: “Adibidez, Aziz-ek altuera jakin batera igotzeko zailtasunak ditu, beraz, eserlekua ezin da ohiko altueran egon”. Soldadura eta Galdaragintza ikasleek zorrotz jarraitu dute diseinua, eta bizikleta arina izatea ere garrantzitsua zenez, burdina eta plastikoa erabili dituzte bizikleta fabrikatzeko.

 

Larunbatean bidaliko dute bizikleta

Hiru zikloetako ikasleak eta irakasleak ez ezik, Kellesensako kideak ere lehen egunetik taldean aritu dira lanean. Baita Aziz gaztearekin ere, bideo dei bidez hura ezagutzeko aukera izan baitute. “Proiektua azaldu genionean izugarrizko ilusio egin zion, eta gogotsu dago bizikleta jasotzeko”, azaldu du Mateosek.

Hala baieztatu du Martinek ere: “Kontuan hartu behar dugu Senegalgo herrixka baten bizi dela Aziz. Azpiegiturak oso eskasak dira, ez dago garraio publikorik, oztopo arkitektoniko asko daude eta une oro mugatuta du mugikortasuna. Aziz-entzat etxetik eskolara joan ahal izatea erronka handia da. Baina ez hori bakarrik. Inguru haietan, kalera irten eta bizilagunekin elkartuta berriketan aritzea da aisiarako aukera bakarra. Beraz, bizikleta berriak sozializatzeko aukera ere emango dio”.

Borrokalaria, alaia, ameslaria, oso ikasle ona, eta oso maitatua da Aziz Martinen hitzetan. “Bizkleta jasotzeko deseatzen dago”. Gero eta gutxiago falta da horretarako, Kellesensa erakundeak ostegunean, ekainak 17, bidaliko baitu edukiontzi bete material. Material horren artean joango da bizikleta egokitua, Goierritik Kellera. Bizikleta gehiago ere bidaliko dituzte, beste haur batzuek ere eskolara joateko aukera izan dezaten; baita ordenagailuak eta medikuntza materiala ere, tartean bi inkubagailu Kelleko anbulatoriorako.

 

Eskerrak eman dituzte jasotako babesagatik

Goierri Eskolako ikasleek, irakasleek eta zuzendaritzako kideek zein Kellesensa erakundeko ordezkariek esker hitzak besterik ez dituzte proiektuaren amaieran. “Proiektua gauzatzeko laguntza eman duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu gaur. Gure ikasketa prozesuan barneratu ahal izan dugun beste ikaskuntza bat izan da proiektu hau, eta bestelako balore batzuk ere barneratu ahal izan ditugu. Ekonomikoki, baliabide aldetik eta elkartasunetik proiektu honekin bat egin duzuen guztioi eskerrik asko”, esan du Mateosek.

Berdin Martinek ere: “Mila esker proiektu honetan parte hartu duzuen guztiei, zuen interesagatik eta inplikazioagatik; baina, batez ere, eskerrik asko proiektu hau gauzatzeko % 100a eman duten taldeko kide guztiei. Eskerrik asko finantzazioa lortzeko egin duzuen ahaleginagatik, esfortzu hori gabe ezinezkoa izango litzatekeelako bizikleta hau sortzea eta Aziz-ek goi mailako ikasketak egiteko aukera izatea”.

Jorge Mancisidor Goierri Eskolako zuzendariak ere eskerrak eman dizkie bai ikasleei eta baita Kellesensa erakundeari ere: “Goierri Eskola bere alor teknologikoagatik eta industrialagatik da ezaguna batez ere. Baina Goierri Eskola hori baino gehiago da. Gizarte alorreko ikasketek pisu garrantzitsua dute eskolan, eta Kellesensak egindako proposamenari erantzuteko aukera izateak balioan jartzen du hori guztia. Lan mundurako ez ezik, gizarterako eta bizitzak aurrean jartzen dizkigun erronkei erantzuteko ere hezten ditugu ikasleak Goierri Eskolan. Guretzat oso pozgarria da horrelako emaitzak ikusi ahal izatea, beraz, zorionak eta eskerrik asko guztiei”.

NON GAUDE?

imagen de Aziz con su bicicleta de madera en Kelle, Senegal
imagen corporativa de la ONG Kellesensa
profesor circula sobre la bicicleta fabricada por Goierri Eskola para Kellesensa
imagen delantera de la bicicleta fabricada por Goierri Eskola para Kellesensa
pedales de la bicicleta fabricada para Kellesensa

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?