LEIRE COLOMO ZULAIKA
Goi mailako ingeniaria. AMPO balbulagintzako Berrikuntza arduraduna
Hamar urte daramatza Leire Colomo ordiziarrak AMPO lanean. Kalitate sailetik bulego teknikora egin zuen jauzi, AEBtako merkatuari sostengua emanez. Diseinu taldeko lider izan zen, Berrikuntzako arduradun izendatu aurretik.
“Goierri aberasten saiatu behar dugu jakintza hona ekarriz”
Likidotutako gas naturala zuzenean itsasotik erauzteko eta ekoizteko lehenengo ur gaineko planta Broomen, Australiako mendebaldeko kostaldean ainguratuta dago. Shell etxea garatzen ari den Prelude ontzia da eta 2017an hasiko da lanean, munduko historia energetikoak sekulako jauzia emango duelarik. Eguneko 110.000 gas upel aterako dituela aurreikusten da itsasertzetik urrun dauden gas meatokietatik. Ingeniaritza obra erraldoi horretan buru-belarri murgilduta dago AMPO, berrikuntza bere jarduerari atxikita baitago, produktuaren eta zerbitzuaren kalitatearekin batera. 10.000 balbulatik gora egiten ditu urtean. Leire Colomo, berrikuntza arduradunarekin, aritu gara hizketan.
Mundu zabalera begira bizi zarete. Beti al dago berrikuntzarako aldartea edo momentu eta toki aproposean egotea da kontua?
Beti dago aukera gauza berriak egiteko. Gure sektorea, gasa eta petrolioarena, mugimendu handikoa da. Teknologia ez da estankoa eta etengabe erauzketa planta berriak eraikitzen ari dira. Garai batean baino fluxu presio gehiagorekin egiten da lan plantetan, tenperaturaren heina ere aldatzen da… Jakintza berritzen joaten da eta horrek ematen dio gure lanak duen erronka ukitu hori. Proiektuek badute amaiera baina berrikuntzak ez. Mundua zabala da eta teknologia eta energia mota asko daude. Uneoro eta toki guztietan agertzen dira aukerak. Ezin da inoiz esan, “tira, hurrengo hamar urtetakoa egin dut”. Gainera, teknikoki alderdi asko jorratzen dira, diseinua, materialak, sentsorizazioak, aplikazioak…
Zein da azken urteotan emandako urrats nagusia?
Batetik, gure lehiakideek eskaintzen dituzten soluzioekiko, balio erantsia emango diguten produktu berri batzuk ateratzear ditugu. Patente bidean gaude. Balbulagintzari elektronika gehituko diogu eta horrek ezberdintasun bat emango digu merkatuan. Bestetik, mantenimendu zerbitzuari dagokionez, azterketa estrategikoa lantzen ari gara non zentratu ikusteko, eta erronka onak ditugu. Orain arte, beti egin dugu lan downstream eta midstream sektoreetan. Bertan bagaude ere, orain upstream-en sartu nahi dugu indartsuago, industriaren eremu osoa hartuz. Eta horrek behartzen gaitu itsas-azpiko teknologiak garatzera.
Merkatu berriak irekitzeko beste aukera bat.
Bai, oso sektore gorena da. Edozein akats baldin badago, erantzukizun zibila oso altua da eta jende gutxi dago hor sartuta. Hor posizionatzea da gure erronka, segurtasuna eta kalitatea bermatuz. Goraka doan merkatua da, berria. Ustiaketa toki errazak ustiatuta daude jada, plantak eraikita daude eta gero eta toki zailagoetatik atera behar da energia iturria. Tekniko eta teknologikoki jauzi bat eman behar da horretarako. Orain arte, batez ere, 100 metro itsas azpitik egin izan dira eraikuntzak eta gaur egun aldiz, pixkanaka 3.000 metrora arte jaisten ari dira. Alderdi guztietatik sekulako erronka da guretzat.
Buru belarri zabiltzate Prelude proiektuan, alegia, mundu mailan eta erauzketaren historian mugarri den egitasmo batean. Nola daramazue?
Hala da. Shell etxea itsasontzi belaunaldi berri bat garatzen ari da. Prelude proiektua da eta hortxe dago AMPO. Bertan balbulagintzako erreferente gisa parte hartzea, oso harro egotekoa da.
Gasaren garraioa eraginkorra izateko, gas naturala gas egoeratik likidora pasatzen da. Gasa likidotzeko, -161ºCra jaitsi behar izaten da tenperatura, bolumena 600 aldiz murrizten delarik. Garraioa portura iritsitakoan, tratamendu plantan likidoa gasifikatu egiten da. Preluderen kasuan, ordea, ontzian bertan dago tratamendu planta. Momentu honetan eraikitzen ari dira. Oso proiektu zorrotza da, exijentzia maila altukoa.
Afrikako eta Kaspiar Itsas inguruko merkatuetan sartzeko ahaleginetan zabiltzate, baina ia mundu osoan duzue presentzia. Toki asko geratzen zaizkizue etxeratzeko?
Mundu osora esportatzen dugu eta %95 inguruko esportazio maila daukagu. Lan komertziala estrategikoa da eta komertzialki oso lan ona egin da, baina oraindik toki asko daude arakatzeko. Afrikan eta Kaspiar Itsas inguruko herrialdeetan sartzen ari gara, esaterako. Dagoeneko badugu presentzia lurralde horietan, beharbada esan daiteke leku askotara iritsi iritsi garela, baina proiektu txikiekin. Asko dago egiteko munduko txoko guztietara iristeko.
AMPOren lehiakideak non daude nagusiki?
Balbulagintzan, batez ere, Europan, Italiako zonaldean eta Alemanian; baita Estatu Batuetan ere. Eta Asia ingurua ere hasi da bere tokia egiten eta posizionatzen.
AMPOk %35eko hazkundearekin amaitu zuen 2012a. Krisia aldamenetik pasa zaizue baina ukitu gabe. Non dago gakoa?
Orokorrean, zerbitzuan. Gure altxorrik garrantzitsuena pertsonak dira eta gure aldetik, asko ematen dugun taldea osatzen dugu. Kooperatiba izatea gure bezeroek oso begi onez ikusten dute. Badakite jabeak eta langileak garela eta berezitasunen bat eskatzen badigute, gure erantzuna oso ona izaten da. Jendeak dena ematen du, konpromiso maila eredugarria da eta hori nabaritu egiten da, gu egunerokotasunean konturatu ez arren. Eta gero, noski, kalitate oneko produktua dugulako etortzen zaizkigu bezeroak.
Krisia sumatu dugu baina gure sektorea oso gora-beheratsua da. Kasu batzuetan eraikuntzak atzeratzen dira finantziazio faltagatik eta abilezia behar izaten da dibertsifikatzeko, eta hori izan da gure erronka nagusietako bat azken urteotan. Besteak beste, gas naturalaren likuefakzio prozesuan oso zentraturik gaudelako eta eraikuntzen atzerapena sektore honetan eman izan delako, batik bat. Hain zuzen ere, 0ºC azpitiko tenperaturen teknologian.
Barne antolaketa erabat horizontala duzue…
Bai. Informazioa partekatzea eta erabakiak taldean hartzea oinarrizkoa da guretzat.
Kanpoan hainbeste ibiltzen zaretenoi, goierritar sena galtzeak beldurrik ematen dizue?
Asko mugitzen gara bai, eta pertsonalki noizean behin kanpora joatea gustuko dut. Gainera, kanpora joan beharra dagoela uste dut. Bidaiatzean ikusten da gauzek zer nolako abiadura daramaten, nola mugitzen diren merkatuak, pertsonak, harremanak… eta honek guztiak aberastu egiten du. Hala ere, egia da goierritar izaera barneratuta dugula oso. Oso hemengoak gara. Oso goierritarrak. AMPOn %90a goierritarra izango da. Eta ezagutza aldetik, AMPOra ekar dezakegun guztia ekartzen saiatzen gara. Hau Goierri Eskolarekin asko lantzen dugun gaia da.
Goierri Eskolarekin hainbat proiektu dituzue martxan.
Bai. Adibidez, Finlandiako Unibertsitate batekin hainbat proiektu ditugu. Saiatzen gara munduan zehar jakintzak bilatu eta hona ekartzen. Hau non dago? Joan, ekarri eta hemen garatu. Goierri aberasten saiatu behar dugu, hori da Amporen izaera.
Inbertsioei ere ez diezue muzinik egiten. Aurreikusitako kopuruak ez dira makalak. Zertara bideratuko dituzue?
Inbertsio handiak ari gara egiten instalazio mailan. Indiako lantegia jabetzan hartu dugu eta eraikina eraikitzen ari gara. Teknologia maila altukoa eta ingurumen ikuspuntutik eredugarria izango da.
Balbulategian eta fundizioan ere plantak berritu eta handituko ditugu. Datorren urtean hasiko gara. Eta bestetik, zerbitzuari begira, asko inbertitzeko asmoa dugu. Eta gainerako inbertsioak, nagusiki, ingeniaritzara bideratuko dira.
IÑAKI ZABALO, Goierri Eskolako zuzendaria
Goierri Eskolan begi-bistan gaudenok ikasle eta irakasleak gara nagusiki. Baina Goierri Eskolaren zimenduak sendo mantentzen badira, beste askoren ahaleginari esker ere bada. Goierri Eskola bailarako 18 udaletxek eta 40 enpresak osatzen dute, Goierri Fundazioa tarteko. Sare-lan hori ikusgai egiteko eta formakuntzaren alde egiten duten lana aitortzeko xedez, atal berri hau zabaldu dugu. Udal zein enpresetako kideak elkarrizketatzen joango gara, gure gazteei bailarako errealitatea lan eta merkatu ikuspegitik ezagutarazteko.
Langileak: 475 Idiazabalgo instalazioetan eta 175 Indiako lantegian
Fakturazioa: 190 milioi
Aurreikusitako inbertsioa datozen urteetarako: 20 milioi