JON AUZMENDI

Praxair-en ipar ordezkaritzaren zuzendaria

Ingeniaritza Tekniko Elektronikoan lizentziatua, Auzmendik bi urtez egin zuen lan Siemens-ko elektromedikuntza sailean, eskanerren eta erresonantzia magnetikoen artean. “Han izan duen gasekin lehen harremana eta maitemindu egin nintzen, industriaren zirrikitu guztiak ukitzen diren mundua da gasena. 27 urte daramatzat bertan murgilduta”.

 

“Enpresa gisa, azken urteotan, gure apustu estrategikoa energian, ingurumenean eta ekonomia emergenteetan egin dugu”

Praxair erotzeko moduko zifrak maneiatzen dituen multinazionala da. 108 urte daramatza gas industrialak ekoizten sektore ezberdinentzat, hala nola, aeronautikarako, elikagaigintzarako, osasungintzarako, petrolioa eta energiaren sektoreetarako…

Mundu mailan 27.500 langile ditu enpresak,12.000 milioi dolarreko fakturazioa, 50 herrialde baino gehiagotan presentzia eta milioi bat bezerotik gora. Globaltasunean hartuta, horixe da Praxari zifratan.

Baina ondo sustraitzen jakin du eta Olaberriako instalazioek enpresa familiar baten itxura gehiago dute. Bilera gelan langileek Txindoki, Ernio, Aizkorri, Erlo, Anboto edo Gorbeiara egindako txangoetan ateratako argazkiak daude zintzilikatuta. “Guztiok elkarrekin zortzi milakoak egitea jarri genuen erronka gisa. 1.000 metroko zortzi gailur, alegia” dio Auzmendik. Desafioak gustuko dituzte. Eta hortxe datza berrikuntzaren esentzia. Zerbaitegatik jo du Forbesek bere sektorean munduko enpresarik berritzaileenatzat .

PRAXAIR_TXINDOKI 

Badu Praxair-ek oraindik hazitzeko aukerarik edo gaina jo du?

Azken urteotan tamalez hazkuntzak ez dira Europan ematen ari, beste toki batzuetan baizik. Baina konpainiak hazten jarraituko du, ziur. Edonola ere, guk ez dugu esportatzen. Gure bezeroek bai, haiek esportatzen dute eta guk soluzio teknologikoak edo produktuak eskaintzen dizkiegu gero haiek balbulak, autobusak edo trenak egin ditzaten. Gure produktua desegokia da garraiatzeko. Gasak oso gutxi pisatzen du eta ez da batere errentagarria 80 kiloko gas botila bat munduko beste puntara eramatea. Gure negozioak tokian tokiko presentzia eskatzen du eta hori da mundu guztian fabrikak izatearen arrazoia. Praxair-ek 100 urtetik gora daramatza airea hartu eta oxigenoa, nitrogenoa eta argona erauzten. Gure produktua commodity bat da, generikoa.

Baina 4.000 patente aktibotik gora dituzue.

Hala da. Sektoreko enpresa berritzaileenetarikoa gara. Berrikuntza ez da bakarrik ikusten fabrikazioan, baita bezeroaren balore katean produktuak erabiltzeko moduan ere. Aplikazioetan izugarri bereiztu gara. Zer ekarpen egin dezakegu aukeratuak izateko, hori da galdera. Ampok esaterako gure sistema batekin ekoizten du altzairu herdoilgaitza edota Arcelorrek gure teknologia darabil produktiboagoa izateko.

Praxair-en leloa da “Making our planet more productive”. Planeta ala enpresak egiten dituzue produktiboagoak?

Gure misioa da munduko gas ekoizle enpresarik hoberena izatea. Eta hori lortu nahi dugu gure planeta produktiboagoa eginez, produktibitatea baliabideen erabilera arduratsuari lotua baitago. Enpresa gisa, apustu estrategikoa egiten ari gara energian, ingurumenean eta ekonomia emergenteetan munduak hazitzen jarraituko du-eta. Hemen errealitate bat bizi dugu, zahartzen ari gara, baina munduan errealitate ezberdin asko daude. Ezin duguna egin da oparotasunean bizi eta besteei esan ez isurtzeko karbono dioxidorik, hobe dela haur bakar bat izatea… Brasilen eta Txinan lehenengo ekoizleak gara. Asko ari gara inbertitzen Errusian, ekialdean, Alemanian… baina momentu konplikatua da zeren azken urte eta erdian euroaren  eta dolarraren arteko aldeak eta petrolioaren prezioaren jaitsierak ekonomia iraultza eragin dute.

Zer nolako eragina du energiaren prezioak zuen kasuan?

Ikaragarria da. Gurea “etengarria” deitzen zaien enpresa horietakoa da. Sareari zerbitzu bat ematen diogu. Kontsumo altuko enpresa batzuk produkzioa eteten dugu linea sistema gainkargatuta dagoenean. Gobernuak arautzen du eta horregatik ordaindu egiten digute. Baina duela hiru urtetik zerbitzu horren kostua murrizten ari dira. Azken hiru edo lau urteetan, guretzat energiaren prezioa %40 igo da. Berdin dio merkatuan mantentzen edo merketzen bada. Badira Kanada edo Frantziara lekualdatu diren enpresak arrazoi hori tarteko. Espainia, ikatza salbu, baliabiderik gabeko irla energetikoa da. Energia berriztagarrien aldeko apustua egin da eta hori oso ondo dago baina haizerik eta euririk egiten ez duenean, ez dute funtzionatzen eta energia fosilen eskuetan erortzen gara.

PRAXAIR2

Praxair-ek estatuan 40 instalakuntzatik gora ditu. Zer da benetan erabakigarria kokapen berri bat aukeratzerakoan?

Kasuen %99an, kontsumo handiko bezero baten presentzia. Epe luzeko kontratua hitzartu ohi da eta hori da amerikarrak etorri eta inbertitzera bultzatzen dituena. Aldi berean, zonaldeko enpresentzat abantaila bat ekartzen du horrek lehiakortasunari begira  zeren behin inbertsioa eginda, korporazioa aktibo hori errentagarri egiten saiatzen da eta aplikazioak garatzen edo bere teknologia guztia ekartzen. Inbertsioak sekulakoak dira eta horregatik multinazionalek eramaten dituzte aurrera. Esan daiteke, inbertsioa lehiakide berrien sarrera oztopatzen dutela.

Eta  Olaberrian, zer inbertsio duzue aurreikusita?

Penintsulan funtzionatzeko soilik, alegia, ateak zabaltzeko bakarrik, 30 milioiko inbertsioa egitera behartuak gaude, hau da, fakturazioaren  ia %10. Ipar ordezkaritzatik guztiaren %20-25eko ekarpena egiten dugu. Baina gainerakoan azken urte hauetan ez dira inbertsio handiak egiten ari, pentsa gure lehiakideak ixten joan direla. Industri Produkzioaren Indiziea (IPI) estatuan %30 jaitsi da krisia hasi zenetik. Ematen zuen zerbait mugitzen hasita zegoela baina itzalak ikusten dira bidean. Argi dagoena da munduko beste zonaldeetako enpresekin ere lehiatzen dugula gure jatorriko etxearen  inbertsioetan eta zenbakiak ateratzen badira, arriskua arrazoizkoa bada eta inbertsioa estrategiara orientagarria baldin bada, ez dago arazorik.

Praxair-en garapena aplikazioetan ikusten da bereziki. Zer nolako aplikazioez ari gara?

Adibidez, elikagaigintzan produktuak hutsean ontziratu beharrean, atmosferarekin, gasen nahasketa batekin ontziratuz gero, produktuen bizia luzatzea lortzen da. Produktuaren bizia bost egunekoa baldin bada, agian ezin zara gehiegi mugitu baina hamabostekoa baldin bada, Europara esporta dezakezu. Hor lan asko ari gara egiten. Beste aplikazio bitxia da karbono dioxidoarekin txerriak edo hegaztiak zorabiatzeko erabiltzen dena.

Zertan datza txerrien zorabiatzeak?

Txerri-hilketaren aurretik, noria moduko batean sartzen dituzte eta azpikaldean airea baino pisutsuagoa den gas geldo bat jartzen diete, oxigenoa lekualdatzen duena. Animaliak erdi zorabiatuta geratzen dira eta ez dute inolako estresik jasaten. Baina horrekin benetan enpresek bilatzen dutena da produktuaren kalitatea hobetzea.

Michelin izarrak ere zuen bezeroak dira.

Hala da. Euren sukaldeak laborategiak dira eta gasez hornitzen ditugu. Normalena da edari guztiek eramatea gasen bat edo elaborazio prozesuan erabilia izatea.

Gainerako sektoreei dagokienez, soldaduran esaterako, zertarako erabiltzen dira gasak?

Galdaragintzan edo eraldaketa industrian guztiek behar dute gas motaren bat. Gure lankide amerikarrekin gas nahasketa berriak garatzen ari gara gure bezeroen produktibitatea handitzeko, soldatzerakoan azkartasuna irabazteko, kalitatea hobetzeko edo orain arte gutxi landutako materialak soldatu ahal izateko, titanioa edo aluminioa kasu.

Ospitaleetara ere oxigenoa eramaten duzue, ezta?

Duela urte batzuetatik farmazeutikoak ere bagara. Farmazia-laborategi modura akreditatu gara. Donostiako Ospitalera oxigenoa eman behar badugu, kamioi batean gaixoentzat diren oxigeno botilak eramaten ditugu eta beste batean mantenimendurako erabiliko direnak, barruko produktua berbera izan arren. Ezin ditugu 80 oxigeno mota ekoiztu. Egin duguna da kalitate maila igo. Badakigu noiz bete den botila bat, non… datu guzti-guztiak jasotzen dira eta trazabilitatea elikagaigintzan eta osasungintzan oso garrantzitsua da. Aurki esparru guztietan izango da beharrezkoa.

Olaberriako sarreran kartel bat ageri da. “1590 egun” dio. Azaltzerik bai?

Inolako gertakari edo istripurik gabe daramagun egun kopurua da. Segurtasuna gure lehenengo balorea da. Bigarrena zuzentasuna da eta hirugarrena, ingurumenarekiko errespetua. Eta behin balio horiek bermatutakoan, pertsonen bikaintasuna bilatzen saiatzen gara eta bezeroarekiko orientazioa. Eta horixe da emaitzak ematen dituena. Eta emaitza finantzarioak. Burtsan gaude eta dirua irabazi behar da. Burtsan behartuta zaude hazitzera.

PRAXAIR3

Goierrin ugariagoak dira kooperatibak edo enpresa familiarrak multinazionalak baino. Zein da ezberdintasun nabarmenena zure ustez?

Hemengo zenbait enpresa multinazioanalak bihurtu dira edo multinazionalen parte, multilokalizazioaz hitz egitea gehiago gustatzen zaien arren. 30 urte hauetan oso gertutik ikusi dut nola bertako zenbait kooperatiba eta enpresa familiar multinazional egin diren. Orklik fabrika du Txinan; IrizarreK Brasilen, Marokon eta Mexikon;  Ampok Indian zabaldu du lantegi bat… Gure AEBtako jatorriko etxea dena lehendabizi Argón S.A. enpresaren bazkide teknologikoa izan zen. Hemengo enpresek gauza bera egiten dute, hemengo lanpostuak babesteko egiten dutela esan arren. Argi dagoena da merkatua globala dela. Denok nahi dugu mundu guztian saldu. Zoragarria litzateke mundu guztian saldu ahal izatea Goierrin bakarrik ekoiztuta. Niri ezinezkoa zait Txinara gasa eramatea, garraioa gehiago kostatzen zaidalako produktua bera baino. Beharbada diamantezko eraztunak egiten dituen batek saldu dezake mundu osora eta Suitzan edo Anberesen eutsi lantegiari. Gasarekin hori ezinezkoa da.

Barne komunikazioari dagokionez, zein da funtzionamendua?

Mundu mailako zuzendaritza bat dago, Europa mailako beste bat, eta baita herrialde bakoitzeko eta zonalde bakoitzeko zuzendaritzak ere. Aginduak AEBtik Europara iristen dira eta Europatik zabaltzen dira herrialde bakoitzera. Baina zonalde bakoitzak bere helburu kuantitatibo eta kualitatibo propioak ditu politika globalaren azpian.  Egia esan, pertsonetan asko inbertitzen duen konpainia da gurea. 27.500 langile gara eta online formakuntzarako 10.000 lizentzia daude.

Nire esperientzia pertsonala da Praxair osatzen dugun pertsona guztiak oso hurbilerrazak garela. Geure mugetatik at, kontsulta asko egiten ditugu eta erantzunak azkarrak eta zuzenak izaten dira.

Egun hauetan irakurri dut gizabanakoentzat eta gizartearentzat ona dena, negozioentzat eta politikarentzat ere ona dela. Guztien onerako egin behar dugu lan.

PRAXAIR4

Elkarlanean aritzen da Praxair tokian tokiko erakunde edo zentro teknologikoekin?

Praxair-ek Ingenieritza Eskolari spin-off bat erosi dio, baita Inasmeti ere, orain Tecnalia denari. UPV/EHUrekin kolaboratzen dugu, zentro teknologiko guztiekin, Goierri Eskolarekin urteak daramatzagu elkarlanean, Lortek-en 250 m2ko gune bat dugu… eta geure ikerketa eta garapen zentro propioak ere baditugu. Berriki Arcelor Mittalekin batera garatu dugun teknologia saritua izan da AEBetan, horri esker produktibitatea igo eta CO2 gutxiago isurtzea lortu baitu.

Praxair-ek ia 100 milioi dolar inbertitzen ditu ikerketan eta garapenean, salmenten %0,8. Hori zuzenean inbertitzen duena da baina horretaz gain bezeroekin zuzenean aurrera eramaten dugun garapen teknologikoa dago.

Administrazioek nahikoa inbertitzen dute berrikuntzan?

Zer da nahikoa? Arazoa da inbertitutako dirutzaren araberako emaitzak jasotzen direla uste zela. Eta proportzionaltasunik ez dagoela ikusi da. Orain ziklo hori aldatzen ari da. Zentro teknologiko asko laguntza publikoei esker bizi izan dira eta hori aldatzen doa. Gero eta enpresa gehiago dira zentro teknologikoetan dirua jartzen ari direnak. Bestalde, zentroen berrantolakuntza bat eman da zentroak Tecnalia eta IK-4 korporazioetan elkartzearekin. Eta esango nuke beste berrantolakuntza bat etorriko dela zeren kostatzen ari da industriaren eta zentroen arteko konexio erreala gauzatzea. Berrikuntzak ez du ezertarako balio prozesu bati aplikatu eta balioa sortzen duen arte.

Usted dut Eusko Jaurlaritza ahalegin handia egiten ari dela. Kontua da nondik etorriko den dirua. Nahikoa zor badugu. Euskadin ez hainbeste, baina estatuak urte bateko Barne Produktu Gordina zor du. 1.000 milioi euro ditu zorretan estatuak.

Orokorrean formakuntza maila ona da?

Ezagupenari dagokionez, bai. Gazteen gaitasunak lantzen ari gara baldintza hobeagoetan sar daitezen enpresetan. Enpresek behar dutena da jende arduratsua, konprometitua, aurre hartzen dakiena, taldean zein bakarrik lan egiten asmatzen duena… erraza dirudi baina horixe da askotan bilatzea kostatzen dena. Ikasketa maila izugarri hobetu da baina hizkuntzetan, esaterako, lan asko dago egiteko.

Iñaki Zabalo, Goierri Eskolako zuzendaria:

“Enpresak bizirauten badute, zerbait ondo egiten ari direlako da. Edo gaizki egiten dutena baino askoz gehiago delako ondo egiten dutena. Jon Auzmendik dio enpresek jende arduratsua, konprometitua, iniziatiba hartzen dakiena nahi dutela. Adoretsua ere gehituko nuke. Hain justu konpententzia teknikoekin batera, gure ikaslegoaren artean irakasten ditugun baloreak dira. Edozein erakunde, multinazionala, kooperatiba edo enpresa familiarra izan, pertsonek osatzen dute. Proiektuak aurrera ateratzeko, haietan sinetsi eta parte sentitu behar dira. Eta hori mundu globalizatuan are eta konplexuagoa da. Praxair-en, Olaberrian, badirudi lortu dutela. Familia handi bat dira.”

 Praxair_logo

-LANGILEAK: 27.500 globalki hartuta

-URTEKO FAKTURAZIOA :12.000 milioi dolar

-AURREIKUSITAKO INBERTSIOA 2016rako: fakturazioaren %10 funtzionamendu soilerako

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?