UNAI ELOLA
Ederfil Becker-eko Errektore Kontseiluko lehendakaria
Unai Elola 2001ean sartu zen enpresan. Makinari egin zuen lan zortzi urtez, kalitateko teknikari izatera iritsi arte. Beste sei urte eman zituen kargu hartan. Gaur Errektore Kontseiluko lehendakaria da.
“Gure helburua Europan kontsumitzen diren eroaleen %15 ekoiztera iristea da”
Kooperatiba 35.000 tona ekoiztera iristen denerako, Ederfil Becker-etik aterako da Europan kontsumitzen diren eroale elektrikoen %15. Gaur egun, urtean 33.000 tona ekoizten ditu baina aurreikuspenak bete ahal izateko, hiru milioi euro bideratu ditu makinak erostera Alegiko lantegirako. %80 esportatzen du baina garraioaren kostua da buruhausterik handienetako bat. Barruan berrikuntza nagusia talde autonomoak sortzea izan da, langileen inplikazio maila altua sustatuz. Enpresa Industrialaren saria jaso du aurten Gipuzkoako Bazkundearen eskutik, bere “pertsonen kudeaketa ereduagatik eta ikuspegi estrategikoagatik”.
Produkzioa igo eta lehiakortasuna irabazteko, sekulako ahalegina egiten ari zarete inbertsioetan. Ez da horrela?
Bai. Hurrengo urte erdia bitartean exekutatzeko hiru milioiko inbertsioa egin dugu. Makinaria berriak Alegiko lantegiko produkzioa bikoiztea ahalbidetuko digu. Bi lantegien artean, egunean 135 tona ekoiztuko ditugu. Kobrezko eta aluminiozko hari esmaltatua eta pletina esmaltatua egiten ditugu.
Gure helburua Europan kontsumitzen denaren %15 ekoiztea da. Eta horretarako urtean 35 mila tona fabrikatzeko ahalmena izan behar dugu. 33 mila tonatan gabiltza.
Nora esportatzen duzue nagusiki?
Euskal Herria eta Espainiaren artean %17-18 saltzen dugu,Frantzia eta Alemanian %35 eta Portugal, Italia eta Eslovakia artean beste %30 inguru. Afrikan iparraldean Marruecosen eta Tunezen sartu gara eta Arabia Saudin eta Libanon ere gure presentzia indartzen ari gara. Asia eta Afrika alderuntz begiratzen dugu, merkatu potentziala ikusten bait dugu. Arazo nagusienetakoa garraioa da. Oso ondo posizionatuak gaude egiten dugun eroalearen kalitatearengatik eta prezioarengatik, baina garraioaren kostuak eragiten dizkigu buruhauste haundienetakoak. Oraintxe bertan ez gara ari bezero potentzial batzuentzat lanean ezin diogulako etekinik atera.
Arrazoi horregatik, Europako beste enpresa batzuekin lankidetza aukerak aztertzen ari gara. Eta badirudi badagoela interesa.
Saiatu zarete errepideko garraioa ordezkatzen?
Errepidekoa da merkeena eta azkarrena, hala ere, bestelako aukerak aztertzen ari gara.
Beste bide batzuetatik joan da gure berrikuntza. Esaterako, energiaren kontsumoa jaistea lortu dugu. Elektrizitatean eta bernizean sekulako gastua dugu. Proba asko egin ostean, lortu dugu kalitate bereko edo handiagoko eroalea egitea berniz kantitatea kontrolatuz eta makinen kondizio onenak bilatuz. Azkenean kalitatea igotzea eta prezioa jaistea lortu dugu. Ez daukagu garapen haundietarako aukera ematen digun produktu bat eta ez gara bakarrak. Munduko edozein bazterretan egin dezakete eroalea. Gure konpetentzia toki guztietan dago.
Ederfil eta Becker lehiakide izatetik fusionatzera pasa zineten. Zergatik?
2003an Becker zailtasun handiekin zebilen eta Ederfil eta Mondragonen artean enpresa hartu genuen, kooperatiba bihurtuz. 2014an, enpresa biak fusionatzea erabaki genuen kanpora begira indarrak batzeko. Kooperatiba handi bat bi txiki baino indartsuagoa izango zela pentsatu genuen.
Kanpora begira eta duen dimentsioagatik, garrantzitsua al da Mondragonen eskutik joatea?
Bai, nahiz eta momentu jakin batean kontrakoa ere eman. Fagor Etxetresnak-en aferak ez digu asko lagundu. Bezero eta banku askok eskatu dizkigute azalpenak. Ez dute kooperatibaren funtzionamendua ezagutzen eta horrelako “munstro” bat erori dela ikusitakoan, galdezka hasi dira. Guk, datuak eskuan, ondo goazela erakutsi behar izan diegu. Buelta ematen ari gara baina badugu zer ikasi aurrerantzean, bai kooperatiba gisa eta baita ere Mondragon bezela. Buru belarri sartuta gaudenez “Etorkizuneko Mondragon” hausnarketa lanean, hau guztia oso ondo etorriko zaigu.
Kooperatibak asko daude, eta kooperatibistak?
Ni Ederfilen duela 14 urte sartu nintzen eta nire ustez orduan kooperatibak beste xarma bat eragiten zuen. Orain sartzen diren gazteengan ez dut halakorik ikusten. Zer den Kooperatiba esplikatzeko ez dugu denborarik hartzen. Gazteei erakutsi egin behar zaie nola funtzionatzen dugun, nola lan egiten dugun… kanpoan inork ez daki. Eskolatik ateratzen direnek badakite zer den kooperatiba bat?
Balore horiek zabaltzeko lan asko ari dela egiten esango nuke, kooperatiba mundua ezagutarazteko…
Konta diezazukete. Baina ni sartutakoan, “baina, non nago ni?” pentsatu nuen, lanean aritzeko ordaindu beharra? Lehenengo momentutik enpresa ezberdina ikusi nuen aurretik lan egindako tokiekin alderatuta. Beraren parte zara eta parte bat duzu bertan. Gauza asko dauzkagu hobetzeko.
Ederfilen hainbat proiektu estrategiko eraman dituzue aurrera eta saio batzuk Arantzazu bezalako toki berezietan eta “Aldaketa sortzen” izenpean. Jauzi garrantzitsuak izan dira?
Arantzazuko lehenengo pausoa elkar ezagutzea izan zen. 2010ean sufritu genuen krisian du guzti honek iturburua. 2009koa ere oso urte txarra izan zen eta aurrekoan, 2008an, kobrearen prezioaren beherakadak sekulako kolpea eman zigun. Zerbait egin beharra zegoela ikusi genuen. Konturatu ginen enpresa berean egon arren, ez gindoazela denok bide beretik. Bazkide bakoitzak bere ikuspegia zuen eta ikuspegi bakar eta globala falta zitzaigun. Hura izan zen abiapuntua.
Elkar ezagutzea?
Bai. Elkar ezagutzeko eta elkarrekin hitz egiteko aukera izateak ulertarazi zigun guztiok kooperatiba beretik bizi garela eta guztion artean atera behar dugula aurrera. Guztion beharrak berdinak direla ere ikusi genuen. Noski, hausnarketa horren atzetik plan estrategikoa etorri zen. Produktua ez ezik, enpresa saltzen ikasi dugu.
Nola “saltzen” da enpresa?
Oraintxe bertan “Erronka” plan estrategikoa gauzatzen ari gara. Bezeroak nola maitemindu ikasten ari gara eta asmatzen ari garelakoan nago. Gure instalazioetara ekartzen ditugu bezeroak nola lan egiten dugun ikusteko eta aurrez aurreko harremana bultzatzeko. Lehen bezeroarengana joaten ginen bakoitzean, arazo bat zegoelako izaten zen. Hona etortzen direnean bezero asko harrituta geratzen dira. Jauzi handia izan da. Bezeroa eta enpresaren arteko erlazioa estuagoa eta gertuagokoa da. Lan guzti horrekin, ikusten dugu produkzio bolumena krisi aurrekoa baino handiagoa dela eta pozgarria da, prezioek lehengoekin zerikusirik ez duten arren.
337 egun egiten dituzue lan…
Lau errelebotara. 24 ordu etenik gabe. Lehen errelebo bakoitzak taldeko arduradun bat zuen eta arazoren baten aurrean hari zegokion konponbidea bilatzea. Baina, bagenekien haren ingurukoek ere bazutela arazoei aurre egiteko adina ezagupen eta informazio. Ondorioz, beste lan dinamika bat abiatu genuen. Errelebo bakoitza orain independentea da eta figura berri bat dugu: Liderrarena. Informazioa partekatzen dugu eta inplikazio maila askoz handiagoa da. Jendea proiektu baten parte sentitzen da.
Hein handi batean, komunikazioari esker aldatu da lanaren antolakuntza orduan?
Noski. Horrek buelta eskatzen du. Behin galdetzen badiozu norbaiti, hurrengoan ere galdetu beharrean aurkituko zara. Galdetu eta entzun! Ez du balio lehenengoak bakarrik. Talde-lana sustatu dugu. Erabaki okerra denon artean hartuz gero, denok egiten diogu gero aurre.
Barrura begira gauzak asko aldatu ditugu.
Finantza konglomeratuek egunero ezartzen dute kobrearen prezioa Metalen Burtsan. Horrek nola eragiten du zuen aktibitatean?
Arriskutsua da. Irabazi edo galdu egin dezakezu. 2008an, biltegia gainezka genuen eta kobrearen prezioa kolpera erdira jaitsi zen. Bezeroek eskatutakoa atzeratu egin zuten, beraz, materiala askoz merkeago eraman zuten. Egun, beste planteamendu bat darabilkigu. Bi hilabeteko batezbestekoa ateratzen dugu eta prezio horretan erosten dugu. Horrela badakigu galdu arren, galera minimoa izango dela.
Ederfilek harreman zuzena du Goierri Eskolarekin. Ikasleak ondo prestatuta etortzen dira?
Ederfilen LH2 eskatzen dugu eta teknikoki oso ondo prestatuta etortzen dira gazteak. Baina asko baloratzen dugu partaidetza, talde-lana… oso ondo ikusten dugu bakoitzak bere ekarpena egitea.
IÑAKI ZABALO, Goierri Eskolako zuzendaria
Ziurgabetasunak bereizten duen testuingur global honetan, Ederfil Becker Coop. lehiakortasunean eta baloreetan inbertitzen jarraitzen duen enpresa da, eredu bilakatuz. Kalitatearekin eta prezioarekin batera, merkatuan ezberdintasuna markaren atzean dauden pertsonek egiten dute. Badakite, aldarrikatzen dute eta baita bete ere. Egunez egun gogotsu lan egiten duen lan-taldea osatzen dute “bezeroa maitemintzeko” eta Afrikako eta Asiako merkatuei hozkada bat egin ahal izateko. Krisiekin ikasi egiten da. Batzuetan, baita erreakzionatu ere. Ederfil Becker-en kasuan bezala. Indartuta atera baita.
-LANGILEAK: 158
-URTEKO FAKTURAZIOA:132 milioi 2014an
-2015erako AURREIKUSITAKO INBERTSIOA: Hiru milioi euro makinetan, Alegiako lantegiko produkzioa bikoiztu ahal izateko.