JOSU IMAZ MURGIONDO

CAFeko Negozio eta Teknologia arloko zuzendari korporatiboa

Ingeniaritzako ikasle zela sartu zen CAFen karrera amaierako proiektua egitera, duela 16 urte. Bertan geratu zen. Aparteko espediente akademikoa eta etorkizun handia iragartzen zuen profil pertsonal eta profesionala alde zituela, CAF-eko ingeniaritza departamentuan hasi zen lanean eta enpresako hainbat sailetatik igaro  ostean, gaur egun Filialen, Garapen Korporatiboaren eta Teknologia arduraduna da.  

“Jada trenak bakarrik saltzea ez da nahikoa”

 CAF-ek historia egin du.2017an fabrikatutako 599 kotxe berri gehituko dira mundu  osoko  trenbideetan “fabrika handia”ren izenpean. 101 urte bete ditu errekorra egin duen 6.225 milioi eurotara heldu den eskabide-zorroarekin.

Euskal Herriko industriaren ikonoetako bat dena  egunetik egunera enpresa lehiakorragoa izateko borrokan murgilduta dago, beti merkatu berriei ekiteko  eta kontratuen zerrenda ugaltzeko prest.

Josu Imaz Murgiondorekin hitz egin dugu munduko ziurgabetasunaz, arrakastez eta mehatxuez, aurrerapen teknologikoen abiaduraz eta errailetatik ez irteteko egin beharreko guztiak CRRC txinatarrari edota berriki bat  eginda eratu den Siemens Alstom europarrari aurre egin ahal izateko.

 

 

CAFek 101 urte egin zituen iaz hazteari utzi gabe eta 2020ra begira, hazten jarraitzea da asmoa. Momentu gozoa da enpresak bizi duena?

Une goxoa da aukera bezala ulertuta, zeren garai hotzago batetik gentozen eta hazkunde fase batera pasa gara. Momentu ona da, bai, erronkaz betea.

Enpresa gehienak bezala, CAFek bere zikloak izan ditu. 2011tik aurrera, esaterako, salmentak ahuldu egin ziren eta urte batzuk behar izan ditugu aurreko egoerara bueltatzeko, nahiz eta errentagarritasun gutxiagorekin izan. Estatuko merkatua eta CAFentzat erreferentziazko bezeroa zen Renfe erori ziren. Ez dio tren bakar bat erosi inori sei edo zazpi urtetan. Ez da estatuko merkatua jaitsi egin zela, zuzenean desagertu egin zen.

Baina salmenten gehiengoa nazioartera bideratzen duzue. Zenbateraino eragin diezaioke estatuko merkatuak?

Oraintxe bertan ia ez du eraginik. Mantenimendu zerbitzua ematen jarraitu dugu eta osagaiez hornitzen, baina ez geneukan eskaera bakar bat ere, berriki Bartzelonako metrorako unitate berriak fabrikatzeko eskaera sinatu dugun arte.

Zorionez, nazioarteko merkatuari eutsi ahal izan diogu eta baita gure posizioa indartu ere erregio ezberdinetan.

Beasaindarrek CAF “fabrika handia” ezizenarekin ezagutu izan dute. Baina nazioarteko ikuspegitik, tamaina aldatu egiten da, txiki bihurtzeraino…

Beasaingo lantegiari deitzen zaio “fabrika handia” baina gaur egun CAF-ek jende gehiago du kanpoan hemen baino. Edonola ere, enpresa txiki samarra gara.

Alstom eta Siemens batuta gu baino 10 aldiz handiagoak dira.  CRRC txinatarra 26 aldiz gehiago da tamainaz eta hazten doa. Kanadako Bombardier ere hiruzpalau aldiz handiagoa da. Etxekoentzat handiak gara, baita Euskadiko enpresa sarearekin alderatzen bagara ere gehienak konpainia txikiak edo ertainak direlako, baina mundu mailan, eta bereziki gure sektorean, CAF ez da enpresa handia.

Eszenatoki horretan, nola lehiatzen du CAF-ek tren-industriako erraldoiekin?

Gure apustu estrategikoa garapen teknologikoan eta gure lehiakortasunaren etengabeko hobekuntzan oinarritzen da, nazioarteko garapenera eta gure negozio guztien hazkuntzara bideratuz.

CAFen 150 milioi eurotik gora inbertitu ditugu azken urteotan garapen teknologikoan eta datozen urteetan inbertsio erritmo hori handitzea pentsatzen dugu. Hori funtsezkoa izan da gure trenekin lehen mailako merkatuetan lehiatzeko eta gaur egun taldearen salmentetan pisu esanguratsua duten negozio unitate berriak martxan jartzeko, produktu eta zerbitzu berriekin. Garraioaren eta mugikortasunaren etorkizunak trenen salmentatik haratago joatera behartzen gaitu.

Edonola ere, gure historiak babesten gaitu , gure trenak mundu osoan zehar dabiltza, teknologikoki puntan gauden eta izen ona dugu merkatuan.  Tamainagatik, handien alternatiba gara.

Baina…

Baina erraza ez da. Batetik oso teknologikoa delako trenen negozioa eta horrek inbertsio maila altua mantentzera behartzen zaitu eta bestetik, finantziazio beharrak zorrotzak dira. Zentzu horretan, tamaina faktore garrantzitsua da. Aldi berean, konpetentziaren presioa gero eta handiagoa da eta ezin duzu kostuetan baretu tentsio hori.

Gidari gabeko trenak, kontsumo urrikoak… teknologiari eta inbertsioari begira, norantz doa CAF?

Teknologia mailan garapen ildo nagusi bat digitalizazioari lotuta dago, produktu eta zerbitzuen aplikazioan zein gure produkzio prozesuetan. Seinaleztapenari buruzko proiektuez ari gara hitz egiten, mantentze lan prediktiboaz, baliozkotze inguruneez, gidaritza autonomoaz, faktoria digitalaz, e.a. Horien artean, nabarmentzekoa da duen garrantziagatik Tren Digitalaren garapen proiektua.

Inbertsioari dagokionez, gure Teknologia Planaren baitan garatzen ari garen proiektuez gain, Galesko lantegi berriak pisu esanguratsua izango du.

 

Zer aurreratu dezakezu tren digitalez?

Bai. Datu kantitate handia sortzen eta jasotzen duten trenez. Datu horiei esker diseinua hobetu dezakegu, zerbitzuan duen kostua murriztu, energia kontsumoa gutxitu, bizitza erabilgarria luzatu…

Digitalizazioari esker, trenaren ispilu birtual bat lortu dezakegu trenaren diseiua, operazioa eta mantenimendua optimizatu ahal izateko. Gainera, aukera berriak zabaltzen dira gure bezeroei eta azken erabiltzaileei zerbitzu berriak eskaintzeko

Energia kontsumoa murriztea etengabeko erronka izango da, ezta?

Hala da. Teknologikoki energiaren karta eta biltegiratze sistemetan eta gure ibilgailuen kudeaketa energetikoan ditugu indarrak jarrita. Garraio sistema batek jasangarritasunean duen inpaktuaz gain, kontsumo energetikoa da ibilgailu baten bizitzan gastu gehien eragiten duen faktoreetako bat eta horrela baloratzen da lizitazio prozesuetan.

Lehen bezeroak trenaren prezioa eskatzen zuen. Orain trenaren operazioaren eta mantenimenduaren kostuak eskatzen dituzte. 10, 15 edo 20 urterako soluzio tekniko bat eskaintzen dugu. Bezeroak erosten duen tren horrek zer kostu izango duen jakin nahi izaten du eta zer nolako inpaktu energetikoa eragingo duen.

Halaber, ahalegin handia ari gara egiten seinaleztapen soluzioen garapen teknologikoan,  trenaren eta tren-azpiegituraren arteko komunikazio sisteman.

Trenen segurtasuna bermatzeko?

Bai. Seinaleztapenari esker, tren garraioak segurtasunean eta eraginkortasunean irabazten du. Oinarrizko funtzionaltasunen artean dago, adibidez, kontrol zentroak jakitea uneoro trenaren kokapen zehatza zein den. Sistema hauetan sofistikazio maila ezberdinak daude, bihurgune edo abiadura murritzeko gune baten aurretik gidariari alarma oharrak helaraztetik hasi eta trenaren abiadura automatikoraino doan bide zatiaren arabera. Garapen teknologiko horren muturrean gidaririk gabeko trena dago.

Txileko hiriburuan, Santiagon, CAF-ek egindako metroko tren automatikoak dabiltza joan-etorrian. Gidaririk gabe. Mugarri bat da.

Bai hala da, eta ez bakarrik Santiagon. Izugarrizko ahalegina ari gara egiten eta gure lehiakideak bide beretik doaz.  Ez gara ezer berria deskubritzen ari, merkatu aurreratuenetan lehian jarraitzeko egin beharra daukaguna da.

Merkatuan bereiztea zaila izanik, CAF-ek behin baino gehiagotan lortu du.

Bai. Katenaria gabeko lehenengo tranbia, esaterako, CAF-ek egin zuen Sevillarako. Gaur egun Zaragozan, Birminghamen, Sydneyn  edota Luxenburgon ere zerbitzuan daude, besteak beste.

Taiwanen, Kaohsiung hirian, iaz inauguratu genuen  batere katenariarik gabeko 12 kilometroko tranbia linea bat, munduko lehenengoa. Hori ezinezkoa izango zen trakzio eta biltegiratze teknologia propioa garatu izan ez bagenu. Aplikazio gehiago izan ditzakeen teknologia da. Ildo horretan, tranbiaren bilakaera naturalak autobus elektrikora garamatza, zeren garraio biak teknologia, bezeroak eta erabiltzaileak partekatzen dituzte.

Mantenimendu zerbitzua da CAF-en beste negozio ildo nagusia?

Bigarren garrantzitsuena da. Mantenimendu kontratuak 5, 10, 20 eta 30 urte arterainokoak ere izan daitezke eta indarrean dauden denboran diru-iturri finkoa eta enplegua bermatzen dituzte. 100 bat kokaleku ditugu 30 herrialde baino gehiagotan  mantenu zerbitzua emateko.

Taldearen negozio ildo nagusiekin jarraituz, osagaiak eta seinaleztapena ditugu gero, eta horiek ere zerbitzu eskaintza propioa behar dute.

CAFek iaz BWB Consulting enpresa britainiarra erosi zuen bere hazkunde estrategiaren barruan. Ze helbururekin?

Gure produktuen ingeniaritza eta I+G izateaz gain, Zamudion proiektu integralen eta garraio sistemen alderdi elektromekanikoan espezializaturiko ingeniaritza bat dugu, elektrifikazioa edo komunikazioak lantzeko, baina eremu zibilean esperientzia gutxiago du. Gero eta gehiago ikusten dugu trenak ez direla bakarrik saltzen, giltza eskura erako proiektuak eskatzen dira. Historikoki trenari loturiko esparrua menperatu dugu baina azpiegituren eraikuntza, esaterako, gutxiago landu dugu. Erantzun bat eman beharreko gabezia genuen hor  eta ezagutza duen talde bat gurera ekarriz konponbidea jartzea erabaki genuen. Erresuma Batuan ibili ginen bila ingeniaritza zibilean erreferentea delako eta estrategikoki bat zetorrelako gure apustu geografikoekin.

Erresuma Batuan posizio ona dugu, proiektu garrantzitsuekin. Orain lantegi berria eraikitzen ari gara Galesen, eta han fabrikatuko da Erresuma Baturako diren trenen zati bat. Horrek indartu egingo du han gure presentzia.

RIFER italiarra ere erosi duzue.

Hazkuntza errentagarria nahi dugu. Hori da datozen urteetako erronka: hazkuntza abiadura mantentzea edo handitzea eta errentagarritasuna. Orain arte, gure hazitzeko modua izan da salmentak areagotzea edo negozio ildo berriak martxan jartzea. Iaz urrats berri bat eman genuen hazkuntza inorganikoarekin eta etengabe horrek ematen dizkigun aukerak aztertzen ari gara. Aldi berean, erronka da zure organizazioan bere kultura, antolaketa eta jendea dituen enpresa bat integratzea.

Erabaki gunea Beasainen mantenduko da?

Beasainen mantentzen dugu. Egoera egonkorra dugu akziodunei begira. 90eko hamarkadan aldaketa eman zen akziodunen egituran. Kartera soziala sortu zen langileei aukera emanez akzionista izateko. Gaur egun, akzionista nagusia langileria da %26arekin. Kutxabank, Kutxa Fundazioa eta duela gutxi sartu den Eusko Jaurlaritza ere akziodunak dira.

Egia da kulturalki ohituak gaudela erabaki garrantzitsuak hemen hartzera baina mundu osoan baldin badituzu operazioak, logikoa da gai batzuk deslokalizatzea merkatuak eskatzen duen eraginkortasun mailari eusteko. Baina erabaki estrategikoak hemen hartzen dira eta hemen hartuko dira.

Zein da gailentzen den merkatua? Txinak kilometroak eta kilometroak behar ditu trenbidez, garapena landa guneetara eramateko…

Gure merkatu nagusiak Europa eta Amerika dira. Tren sektoreko enpresa handiena txinatarra da eta urteak daramatzate diru asko inbertitzen gobernu txinatarraren laguntzarekin. Egia da han kilometro asko eraikiko dituztela baina normalena da txinatarrek eraikitzea eta txinatar fabrikatzaileek hornitzea. Alabaina, ez da baztertzen dugun merkatua. Txinan sartzeko aukerak egon daitezke trenbide handietatik haratago eta ikusiko dugu etorkizunean gai izaten garen trenak saltzeko, gurpilak eta trakzio sistemak saltzen urteak daramatzagun bezala.

Asia-Pazifikoa indartsu datorrela dirudi.

Bai, baina han gehiago ari zaigu kostatzen. Trenez hornitu ditugu Hong Kong Txinan, Zelanda Berria, Australia edo Taiwan eta oraintxe bertan proiektuak ditugu Filipinetan eta Australian. Baina Ozeaniatik kanpo txinatarren eragina antzematen da eta orain arte ez dugu Europan eta Ameriketan adinako arrakastarik lortu.

Mendeko kontraturik begien aurrean?

Epe laburrera ez dugu ikusten. Gure ohiko kontratuak 100, 200 edo 300 milioi inguruan ibiltzen dira. Sinatu ditugu kopuru handiagoko proiektuak azken urte hauetan baina orain arte salbuespenak izan dira. Kontratu asko itxi beharra daukagu gure oraingo negozio zifra mantentzeko edo igotzeko. Horregatik, gure erronketako bat da bolumen handiagoko kontratuak lortzeko gai izatea modu jasangarrian eta bide horretan aurrera goaz.

Frantzian, Indian, Brasil edota Mexikon dituzue lantegiak, delegazio komertzialak eta mantenimendu zentroak ia mundu osoan… CAFek astebururako etxera bueltatuko ez den jendea behar du kanpoan?

Bai. Bidaiatzea euren lanean eguneroko zerbait den jendea behar dugu eta baita urte batzuk kanpoan emateko prest dagoena ere.

Zer eskatzen die CAFek bere langileei? Esfortzua ez da negoziatzen, ezta?

Inplikazio eta konpromiso maila altua eskatzen dugu. Eskatutako profiletan kualifikazio altuko pertsonak behar ditugu eta jarrera proaktiboa dutenak. Gaur egun ez luke beharrezkoa izan behar aipatzea baina ingelesa jakitea ere ezinbestekoa da.

Ze titulu nagusitzen dira langileen artean?

Gure lan eskaintza gehienak ingeniariei edota produkzio postuetarako Lanbide Heziketako goi mailako ikasketak dituztenei zuzenduta daude. Baditugu zuzenbidean, ekonomian eta administrazioan lizentziatuak baina askoz gehiago dira ingeniaritzakoak. Hala ere, duela gutxi arte ingeniari industrialak nagusitzen ziren eta azken urte hauetan ingeniari elektrikoen eta elektronikoen portzentajea indartu egin da. Baina ez gara profil horietara mugatzen. Digitalizazioarekin, analista profila dutenen bila gabiltza eta ez daude asko.

Andres Arizkorreta  CAFeko presidentearen esanetan, inplikazioa, esfortzua, emandako hitza betetzea… errentagarriak dira.  Balore horiek irakasten dira?

Neurri handi batean baditugu balore horiek baina indartu beharrekoak dira beti. Hasten direnei ere erakusten saiatzen gara. CAFen lanean ari garen pertsonak gara erronkei aurre egin behar diegunak eta gure baloreak funtsezkoak dira arrakastarako formulan.

100 urte betetzeak enpresaren hermetismoa hausteko eta ateak zabaltzeko balio izan du. Mendeurrenak CAF hobeto ezagutzeko balio izan du.

Garrantzitsua da gure instalazioak ezagutzeko aukera partekatzea, baina ez dut uste konpaina hermetikoa garenik. Burtsan kotizatzen duen enpresa garenez, derrigortuak gaude CNMV- Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari nobedadeen berri ematera eta ondorioz, etengabe argitaratzen da gure informazioa eta komunikabideetan nahiko maiz izaten dugu presentzia.

CAFen,  bailararekiko konpromisoak indartsu jarraitzen du?

Dudarik gabe. Apustu irmoa da. Kostuetan bakarrik erreparatuko bagenu, Beasaingo lantegia edota inguruan egiten dugun erosketaren bolumena ezberdina izango litzateke.

Goierri Eskolak zerbitzuan, desmuntatu gabe, ardatzak testeatzeko prozedurak garatu ditu CAFentzat. Nola ikusten duzu eskolaren eta enpresaren arteko lankidetza hori?

Ongi. Inguruko enpresa eta erakundeekin kolaboratzen saiatzen gara beti. CAF bezalako talde batek ezin du dena barruan egin eta hornitzaile eta kolaboratzaile sare indartsua behar du. Mila inguru hornitzaile ditugu. Zentzu horretan, CAFek lotura estua du Goierri Eskolarekin jaio zenetik, eta batik bat, formakuntzaren ikuspuntutik. Denboran gure arteko harremanak jarraitu egiten du eta oso ondo baloratzen dugu. Guretzat inportantea da hemen bertan Goierri Eskola bezalako zentro bat izatea.

Munduko bost enpresa handienak dira Apple, Alphabet –Googleen jatorriko konpainia- , Microsoft, Facebook eta Amazon. Berri ona da Amazonek oraindik ez duela trenik saltzen…

Oraingoz. Baina Google eta beste konpainia batzuk hasita daude mugikortasun gaiei heltzen. Adibide bat jartze aldera, hemendik ez askora, mugikortasun zerbitzuak salduko dituzte eta hor lehiatzera sar daitezke Google edo Amazon. Adi gaude…

Iñaki Zabalo, Goierri Fundazioko zuzendari gerentea:

CAFek beti izan du gizartea eta negozioak uztartzeko sena, inguruarekiko ardura eta herri honekiko konpromisoa. Horrek etengabe balio ekonomikoaren eta humanoaren sortzaile bihurtu du konpainia.

CAFek bere 101 urteko ibilbidean ez die sekula muzin egin Goierriren eta goierritarren beharrei. Goierri Eskola bezala ere, asko zor diogu CAF enpresari. “Fabrika handie” izan zen 60ko hamarkada hasieran Goierriko Lanbide Eskolaren bultzatzaile nagusia. Formakuntza zen orduko gizartearen begietara aukera berriei ateak zabaltzeko bidea eta CAF berehala gizartearen zerbitzura jarri zen, denen artean etorkizun hobeago bat eraiki zezaketela pentsatuta.

Zimendu haien gainean sostengatu da Goierriko eskualdea. Bailarak gaur langile kualifikatuak ditu, CAF eta beste hainbat enpresen arrakastaren parte den giza kapitala, alegia. Aurrera egiteak modu kohesionatuan, zorroztasunez eta arduraz, lanean jarraitzea eskatzen du. Segi dezagun.

 

 

-LANGILEAK: 8.700

-2017ko ESKABIDE-ZORROA: 6.265 milioi euro

– 2017ko kontratazioa: 1.514

-KAPITAL SOZIALA: 10.318.505,75 euro 34.280.750 akziotan

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?