PEDRO GARCIANDIA

Indar-eko Negozio Garapen Globaleko zuzendaria

2005etik Indar-eko Garapen Globaleko zuzendaria da konpainiak dituen negozio dibisio ezberdinetan: energia berriztagarrien sorkuntza, energia konbentzionalen sorkuntza eta sistemak, propultsio sistemak eta osagarriak itsasontzientzat, eta motorrak eta ponpak meatzaritzarako eta offshore plataformentzat.

 

“Gure teknologiaren jabe izatea giltzarri izan da”

 

Indarrek badu aurten zer ospatu. 75 urte dira Construcciones Electro-Mecánicas Indar Larrañaga y Ormazabal SRC izenarekin Beasaingo Nafarroa Hiribidean sortu zela. Gaur, propultsio isileko motorrak egiten dituen munduko diseinatzaile eta fabrikatzaile nagusia da. Oraintxe bertan Beasaingo lantegian Kanadako itsas armadaren bi ontzi ozeanografikorentzat eraikitzen ari diren motorrak ikus daitezke. Hala ere, Garciandiaren esanetan, energia hidroelektrikoaren eta eolikoaren sorkuntza unitatea da inplementatuena. Merkatuari begira duten erronka: energia eraginkortasuna. Eta 75 urteren ostean, 2020ari itxaropentsu begiratzen diote ordurako handiagoak izango direlakoan.

 

 

75 urte. Hiru mende laurden. Indarren historia hiru sekuentzitan kontatu behar bazenu, zeintzuk aukeratuko zenituzke?

 

75 urte eta gero, Indarrek hasierako enpresa filosofia eta familiako enpresa batek transmititzen dituen balore berak mantentzen ditu. Hiru mugarriak ondorengoak dira: lehenengoa 97ra arte luzatzen da, Ingeteam Taldean sartu arte. Fundatzaileen, Ormazabal familiaren e.a.en ikuspegia azpimarratuko nuke. Espainiako Gerrate Zibilaren amaierarekin batera sortu zen Indar eta orduko beharrei erantzuteko xedez.

Bigarrena mugarriak 97ra garamatza. Ingeteamek Indarren aktiboak bere gain hartu zituen. Orduko krisi globalak Indarri asko eragin zion eta Ingeteam Taldera sartzearekin bide berri bati ekin citación, giza kapitalean eta teknologian inbertsio handiekin. Bide horretatik heldu da Indar gaur ezagutzen dugun enpresa izatera.

 

Eta hirugarrena?

2008koa. Sute batek ekoizpen gunearen %40 erabat suntsitu zigun eta fakturazio handiko urte batean. Beasainen bakarrik, urte hartan, 200 milioi euro fakturatu ziren. Bezero-zorro handia genuen eta erantzun bat eman behar zitzaien denei. Eta ahal izan genuen. Ingeteami eta Beasaingo hornitzaileei esker, muntaiarako tokia, baliabideak, e.a. utzi baitzizkiguten, buelta eman ahal izan genion. Guzti hura berriro altxa eta palmenta-markak hautsi genituen.

Aurtengo urtea ere aipatuko nuke. 75. Urteurrenagatik eta jada onartuta eta abian dugun gure plan estrategikoaren finkapenagatik. Horrek 2020ra begira, ikuspegi interesgarria ematen digu. Balio erantsiko produktuekin posizionatzen gara, oso ondo definitutako eta dibertsifikaturiko negozio ereduetan gainera enpresaren sei negozio unitateetan.

 

Bi hitzetan, zer da plan estrategiko horrek jasotzen duena?

Gure erronka garena bikoiztean datza. Orain arte jarraitu dugun bidean sinesten dugu, definitu ditugu zenbait gai orokor eta partikular, eta gure apustua tinkoa da. Bikoitza izan nahi dugu Beasainen bilduz balio erantsia duten Indarren aktibitate guztiak.

laboratorio

1940an sortua, sasoi hartan “Indar alternadorea” bezala ezagutzen zen zuen produktua. Gaur, Indar propultsio isileko motorren egile bakarra da. Momentuz, itsasontzi eta yateetara mugatzen da teknologia hau. Zuen produktu izarra da?

Izarretako bat. Marketin ikuspegitik hala da, baina ez da etekinik gehien ematen diguna. Sei negozio unitate ditugu eta bakoitzak du bere ekoizpena. Amankomunean dutena da estatu mailan lehenak grela eta baita mundu mailan ere, makina elektriko birakarietan, motor eta sorgailuetan.

Motorrak eragingailu industrialetarako, meatzaritzarako… eta gaur, nagusiki, ontzigintza propultsiorako. Eta energiaren sorkuntza dugu. Energia berriztagarria, eolikoa eta hidroelektrikoa batik bat, eta baita prime mover gisa gasarekin, baporearekin eta dieselarekin sorturikoa ere.

 

Eta zein da dibisiorik aktiboena?

Energia hidroelektrikoaren eta eolikoaren sorkuntza. Lehenengoari dagokionez, liderrak gara Europan ez ezik, maila globalean. Bigarrenaren kasuan, dagoeneko 18 GW potentzia instalatu ditugu.

 

Zein da erronka nagusia energiaren alorrean?

Eraginkortasun energetikoa. Dudarik gabe. Horixe da energiaren balore katean gauden guztion erronka. Askoz makina eraginkorrakoak lortzea. Cost of energy da hemen oinarrizko kontzeptua.

 

Zer nolako eragina daukate, esaterako, petrolio gordinaren prezioaren jaitsierak?

Sekulakoa. Oil&gas sektorearentzat, esaterako, ponpak eta motorrak egiten ditugu eta nabaritzen dugu beherakada gogor horren inpaktua. Orokorrean ez du mesederik egiten.

Energia berriztagarriak ezbaian jartzen dira energia konbentzionalen kostuak behera egiten dutenean. Zergatik nahi dugu eraginkortasun energetikoa? Kostua ahalik eta txikiena izateko. Energia iturri konbentzionalen (petrolioa, gasa…) prezioa jaisten bada, berriztagarrien eta ez berriztagarrien arteko balantzaren ekuazioa asko berdintzen da eta hor hasten dira arazoak, ez guretzat, baizik eta erabaki garrantzitsuak hartzen dituzten stakeholders-entzat. Energia berriztagarrien aldeko proiektuak aurrera eraman behar dituztenentzat. Edota gobernuentzat. Eolikoan, esaterako, oso arautua dago dena.

 

2005ean, Indarren sorgailuek munduko haize potentziaren %10 ekoizten zuten. Eta gaur egun?

Ez, eta arrazoi jakin bategatik. 10 urte pasatu dira eta Txinaren eklosioaren lekuko izan gara munduko potentzia gisa. Eta Txinak energia eolikoaren hiru fabrikatzaile handi ditu. Indartsu sartu dira oso eta hirurak daude lehenengo bosten artean eta beraz, mapa errotik aldatu da.

Merkatuko kota apur bat galdu dugu tokiko presentzia indartsua duten aktore berrien eraginez, eta paraleloki, onshore eskariak behera egin du munduan krisia dela-eta.

 

Edonola ere, esan duzunez, 2020ari begira, oso ikuspegi ona duzue. Zenbateraino izan da erabakigarria Indarrek zabaltzearen alde egindako apustua Ingeteam Taldean sartutakoan?

Bilakaera esponentziala izan da. 90.en hamarkadako urteak oso gogorrak izan ziren orokorrean eta baita etxe honetan ere. Ingeteam proiektuan sartzea erabakigarria izan zen gaur ezagutzen dugun Indar eraikitzen joateko, oso dibertsifikatua eta nazioartekoa den Indar. %90 esportatzen dugu.

Zona Hydro

Nazioartekoa sorreratik izan da. 50eko hamarkadan Europako herrialdeetara esportatzen zuen Indarrek, Holandara esaterako, ez?

Bai, Indar-etik kamioiak ateratzen ziren Holandara, Alemaniara… orduan eskulanarekin jokatzen zen. Espainia herrialde merkea zen eskulanari zegokionez eta Indar-ek produktu propioa zuen eta lehiakorra.

 

Nola lortzen da horrelako hazkuntza?

Oso garbi izanda zein den zure posizioa lanean ari zaren proiektuaren balore katean. Produktu soilaren ikuspegia gainditu eta zabaldu egin behar dugu, aplikazioa txertatzen den sektorearen ikuspegia geureganatuz eta balore eredu horren parte bihurtuz.

 

Indar-en kasuan, produktu gehienak pertsonalizatuak dira?

Dibertsifikatuta daude ereduak. Eolikoa oso seriatua da, automobilgintzaren antzera, baina ez du horrek esan nahi ez dela balio teknologiko handikoa. Serieak garatu eta homologatu behar dira eta merkatuak exijitzen digun kalitatea lortu. Aldiz, Indar-en gainerako produktuak neurrira egiten dira, motorrak eta sorkuntzakoak.

Homologazioak daukana da kostu handia ikerkketa eta garapenean. Guk gure teknologiaren jabe izatearen zortea dugu eta Ingeteamek, gainera, sekulako osagarria eransten digu, alegia, frekuentzia bihurgailuak. Aplikazio askotan gure motorrak bihurgailu horiekin egiten dute lan. Eta azkenik, Europako laborategirik hoberenetakoa dugu makina elektriko birakari eta elektronikoentzat.

 

Zer egiten duzue laborategian?

Gure sorgailuak baldintza errealetan probatzeko aukera ematen digu laborategiak. Imajinatu itsasontzi batean gaudela eta diesel motorrak gure sorgailua aktibatzen duela, gure sorgailuak bihurgailua eta bihurgailuak motorra. Hori da sekuentzia osoa. Guzti horren simulazio bat egin daiteke laborategian.

Horrelako laborategiak hiru daude Europa guztian, baina beste biak multinazional handienak dira, gure lehiakide globalak dira. Gure ondoan, duten tamainagatik munstro batzuk dira baina guk ere baditugu abantailak. Merkatu-hobiak ditugu eta gure produktuak duten malgutasunagatik hobeto egokitzen dira.

 

Garrantzitsua da tamaina munduan lehiakorra izateko?

Tamainak badu garrantzia baina malgutasuna eta teknologia propioa izatea oso kontutan hartu beharreko aldagaiak dira.

 

Ikerketak, garapenak eta berrikuntzak beti dakar soluzioa?

Gure kasuan, giltzarri izan da gure teknologia propinaren jabe izatea. Horrek atera gaitu aurrera, giza kapitalean eta formakuntzan egindako inbertsioarekin batera. Indar ingeniaritza eskola bat da, makina elektrikoen mundu liluragarria bizi dutenen eskola.

Jendea hona ikastera etortzen da. Baditugu lankidetza hitzarmenak tekonologia zentroekin eta unibertsitateekin, eta laborategia ikasketa eta formakuntza banku bat da gure taldeentzat.

 

Indar-ek aurretik beste krisi batzuk bizi izan ditu eta badirudi 2008tik kolpatzen gaituen honetatik ateratzen ari garela. Erasoa saihestu ahal izan duzue?

Krisi honetatik inork ezin izan du ihes egin eta gu ez gara salbuespena. Batez ere, marjinetan antzematen da. Bestalde, sektore honek kontzentraziorako joera handia du. Gero eta aktore independente gutxiago geratzen gara eta horrek garapen teknologikoaren aldeko apustua berrestera garamatza.

 

Multinazionalen arteko kontzentrazio prozesu baten lekuko garela diozu. Eta herrialdeei dagokionez, zeintzuk dira politika protekzionistak?

Zenbait herrialdek indarrean dituen politika protekzionistei aurre egin beharrean aurkitzen gara. Horrek behartzen gaitu aktore izan nahi dugun zonalde horietan kokatzera. Brasil da honen adibide argi bat eta munduan badira beste batzuk oso deigarriak.

Zaharkitutako politika da eta ez die onik egingo, zeren ezin da lehiakorra izan protekzionismo arauak erabat artifizialak direnean.

 

Non gehiago ditu lantegiak Indar-ek?

Beasaingoa da nagusia. Espainian, Castellón, dugu beste bat. Oso aktibo gaude Estatu Batuetan, Milwaukeen. Han produkzio lantegi interesgarria dugu. Aerosorgailuak egiten ditugu. Eta laugarren fabrika Mexikoko DFn, Ecatepec herrian, dugu. Han ponpak eta urpeko motorrak egiten ditugu.

 

Zuen merkatu nagusiekin kointziditzen dute lantegien kokalekuek

Ez derrigorrean. Mexiko gure unitate batentzat lehenengo merkatua da, baina ez enpresa osotasunean hartuta. Oraintxe bertan, oso ondo posizionatuta gaude Ipar Amerikan eta Latinoamerikan.

 

Horrek badu bere isla Indar-en izaten dituzuen bisitetan. Aurten izan dituzue hemen pertsona famatuak…

Bai. Aurten Kanadako enbaxadorea etorri zaigu bisitan, Jon Allen. Kanadako armadaren bi itsasontzi ozeanografikorentzat eraikitzen ari garen motor isilen probak gainbegiratzera etorri zen. Eta Wisconsineko gobernadorea, Scott Walker, ere berriki izan dugu hemen, besteak beste.

 

Edonola ere, Indar-ek bailarekiko duen konpromisoari sendo eutsi dio beti. Noiz edo noiz jarri da kolokan konpromiso hori?

Enpresa oso errotuta dago Beasainen eta Goierrin. Eta oso harro gaude horretaz. Erantzukizun Sozial Korporatiboa bailararekiko ulertzen dugu. Aberastasuna sortzen ari gara Beasainen eta Beasaindik eta balio erantsiko aktibitatea eta inbertsioak hemen geratzen dira.

 

Jabetzen zarete zer nolako balioa duen zuen ekarpenak Goierri Eskola bezalako entitateetan?

Azken lau urte hauetan, gure parte-hartzea areagotu dugu bailara mailan. Lehen egon, egoten ginen. Baina orain askoz modu aktiboagoan gaude Goiekiri edo irakaskuntzari dagokionez. Balio erantsiko aktibitate guztiak Beasainen kontzentratu nahi baditugu, ondo prestatutako jendea behar dugu. Gure apustua Beasain da eta jende kualifikatua behar dugu.

Gure kezka nagusia ez da bihar norbait behar badugu, haren kontratazioa, baizik eta definitzea zer norabide hartu behar duen Goierri Eskolak, ingeniaritza eskolak edo inguruko beste hezkuntza zentroak, industriaren ikuspegitik. Aztertu behar da zein norabidetan mugitu behar duten enpresei erantzun bat emateko. Eta hau elkarrekin egin beharreko lana da. Denon artean ikusi behar da nola sortu kalitatezko lanpostuak. Indar-en langileriaren %80a goierritarra da.

IÑAKI ZABALO, Goierri Eskolako zuzendaria

“Pedro Garciandiak ondo dioen moduan, inoiz baino beharrezkoagoa da erakunde, enpresa eta formakuntza eta teknologia zentroen arteko elkarlana. Eskutik joatea giltzarria da gure enpresen lehiakortasunari eusteko eta baita gure ikasleen garapen pertsonalerako ere. Ongi prestatuta egon behar dute lan merkatuan sartzeko eta ondo prestatuta egon behar dute gure bailarako enpresak ez daitezen kanpora joan kualifikatutako profesionalen bila. Elkarren beharra dugu. Aprobetxa dezagun aukera bakoitzak bere ekarpena eginez.

Lerro hauen bidez, Indar osatzen duten guztiak zoriondu nahi ditut 75. urteurren honetan. Guretzat harro egoteko arrazoia da Indar bezalako enpresak izatea gure patronatuan. Orain artekoa bezain ibilbide arrakastatsua opa dizuegu aurrerantzean ere”.

logo_indar

-LANGILEAK: 680

-URTEKO FAKTURAZIOA:137 milioi euro 2014an

– 2015erako AURREIKUSITAKO INBERTSIOA:  salmenten %5

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?