JOSÉ LUIS PÉREZ GARMENDIA  

Orkli S.Coop-eko presidentea

Orkliko  fabrikazio sailean 91n hasi zen lanean. Postu ezberdinetan jardun ostean, enpresako presidente izendatu zuten. Sei urte daramatza karguan. “Bi urte –dio- geratzen zaizkit bukatzeko. Nire asmoa beste dinamika batera bueltatzea da, eguneroko kudeaketara”.

 

“Hemen lanpostuak sortzeko, kanpoan lantegiak ireki beharra daukagu. Gure multilokalizazioa babesteko da”

 

Mondragon Korporazioaren osagaien dibisiora atxikita, Orkli euskal industria sarea osatzen duten izen handiko enpresetako bat da. Bost kontinenteetan du presentzia, Copreciren eskutik sortutako kooperatibak. Tximistaren abiaduran hornitzen ditu munduko merkatuak. Klimatizazio eta ur beroketarako osagaiak eta segurtasun termoelektrikorako sistemak egiten ditu.

 

 

-Eguneroko erronka al da Orkli?

Bai. Egunerokoa da. Eta ezin diozu aurre egin egunekoari bakarrik begiratuta, baizik eta etorkizunari.

 

-Orklik fabrikazio plantak ditu Txinan eta Brasilen baina, zein izan zen nazioartera lehen jauzia?

Orkli 1972an sortu zen Copreciren eskutik, eta honek ordurako portzentaia altu bat kanpora saltzen zuen. Beraz, bokazio horrekin jaio ginen. Gertatzen dena da orduan nazioartera joatea Europara joatea zela eta orain, aldiz, Europan saltzea ia etxean saltzea da.

 

-2002an, lantegi bat ireki zenuten Txinan eta lau urte beranduago, Brasilen. Honek deslokalizazioaz edo multilokalizazioaz hitz egitera garamatza. Zer suposatu zuen?

Guk argi dugu. Gurea multilokalizazioa da. Multinazional batek deslokalizatu egiten du. Ordizian du lantegia eta Indiara lekualdatzen du diru gehiago irabazteko. Bat itxi eta beste bat ireki. Guk, ez. Guk multilokalizatu egiten dugu. Inbertsioen zatirik handiena hemen geratzen da eta gure konpromisoa beti da hemen lanpostuak sortzea eta kasurik okerrenean, daudenak mantentzea. Baina hemen gure lanpostuak babesteko, kanpoan lantegiak ireki beharra daukagu”.

 

-Zenbat euro inbertitzen dira Goierrin kanpoan gastatzen den euro bakoitzeko?

Inbertsioetan egiten dugun ahaleginaren %80 hona bideratzen da, geratzen  da, Goierrin.

Orkli1

-“Enpresa arrakastatsua dagoen tokian, noizbait norbaitek erabaki ausarta hartu zuen”. Bat zatoz esandiarekin?

Orkliren historian, zorionez, gehienetan asmatu egin dugu gure erabakietan, ikuspegiaren, estrategiaren eta exekuzioaren ikuspuntutik. Kontrakoak ere izan ditugun arren. Eta noski, ausardiaz jokatu dugu inbertitzeko eta erabakiak hartzeko orduan. Erabakiak hartzen direnean, gauza batzuk ondo ateratzen dira eta beste batzuk ez. Ez asmatu izanak, gertatu denean, ikasteko balio izan digu eta erreakzionatzeko.

 

-¿Bada Orkliren historian mugarri jakinik?

Mugarrien batura bat da, momentuen batura bat. Hastapenetan, izan zitekeen Orklik izan zuen nazioarteko ikuspegia. Jakitea kanpoan mugitu beharra zegoela. Horrek bere fruituak ematen ditu, batik bat, merkatu jakin batean arazoak sortzen direnean eta konturatzen zarenean merkatua dibertsifikatuta duzula. Bada beste faktore bat garrantzitsua dena 80ko hamarkadarekin lotuta.

 

-Zein?

Pertsonen formakuntza. Inbertsio handia eskatzen zuen automatizazio prozesuarekin lotua dago formakuntza behar hori.

Hain justu, fabrikazio teknologien aldeko apustu hori Orkliren giltzarrietako bat da. Baliabideak erabiltzeko prestaturiko jendea behar duzu. Orklin sartzeko gutxieneko formakuntza, Lanbide Heziketa da. Duela hogei urte baino gehiagotik da hori horrela.

 

– Tamainak axola du. Lehiakorra izateko behar da neurri bat, ez da hala?

Noski. Tamainak garrantzia du. Mundu osoan dituzu bezeroak eta zu mundu osoan egon behar duzu.

Txinan egoteak, adibidez,  txinatarrekin euren jokalekuan lehiatzeko aukera ematen digu, hazi eta indartsu egin ez daitezen, horrela ez direlako hain errez etorriko. Ondorioz, hemengo lanpostuak babesten ari zara. Bestetik, hemendik lehiatzea ezinezkoa da muga-zergak oso altuak direlako.

Gure multilokalizazioa, batik bat, babesteko da.

 

-Merkatu berri bati heltzerakoan, zeintzuk dira oztopo nagusiak, hizkuntzak, kultura…?

Eragozpen handienak kulturalak dira. Hizkuntzarenak gainditzen dira. ingelesarekin mundu  osora zoaz. Niretzat gakoa apaltasunez joatean datza, zuk ere ikasi dezakezula pentsatzean.

Zure kultura, zure ereduak, zure sistema, zure egiteko modua inposatu nahian joanez gero, ez dago zereginik. Bezeroek ikusten dute. Egokitu egin behar da. Eta noski, herrialdearen araberan ere badago aldea. Japonia, esaterako, oso herrialde zaila da.

 

-Zergatik?

Kulturalki jendea oso ezberdina da. Hemen esan edo egin daitezkeen gauzak, Japonian ba ezin dituzu egin. Oso herrialde sofistikatua da, baina behin japoniarren konfidantza irabazitakoan ate asko zabaltzen dira. Baina kontuz ibili behar da txisteekin, kontaktu fisikoarekin…

 

-Bada sartu ezin zareten merkaturik?

Negozioaren arabera. Etxetresna osagarrien negozioari dagokionez, mundu osoan gaude. Presentzia areagotu genezake Japonian, Korean… baina mundu mailan lidergotza dugu. Eta egon, bagaude. Beroketaren negozioan Europatik beste kontinenteetara jauzi egitea falta zaigu. Berogailuenean, berriz, Espainian lehenengoak izatetik beste nazioarteko merkatuetan ere lehenengoak izatea falta zaigu.

 

-Zer gomendatuko zenioke nazioartekotu nahi duen enpresa bati? Bertako enpresekin itunak egitea, langileak atzerriratzea, komertzialak hartzea…?

Duen egoeraren araberan dago. Ez badu aurretik ezer egin, oinarrizkoena egitetik hasi behar du, alegia, merkatu azterketak egitetik. Behin merkatu potentzial bat ikusitakoan erabaki beharko du hemendik lan egin edo bertan ordezkari bat jarri. Konplexutasuna handitzen joaten da, olio orbana bezala. Garrantzitsuena da garbi izatea mugitu beharra dagoela.

 

– Txinan, Kunshango zonaldean duzue  lantegia, Mondragon taldeko beste enpresa batzuek duten industrialdea berean. Kontaiguzu nolakoa den tokia.

Hasieran industrialdean lau empresa ginen eta gehitzen joan dira. Inguruan kooperatibak ez diren eta  Mondragonen barruan ez dauden enpresak ere jarri dira. Baserri bat dago eta han jaten dute atzerriratu guztiek. Horrek batasun bat sortzen du parkea kudeatzeko orduan.

Hori oso garrantzitsua da, esaterako, agintari txinatarrekin harremanetan jartzeko orduan. Indar handiagoa du enpresa guztien izenean joateak. Eta gauza bera gertatzen da, adibidez, ingurumen edo bestelako azterketak egiteko orduan ere. Posizio horrek gauzak errazteko balio du.

 

-Momentuz, esperientzia hori Txinara mugatzen da, ezta?

Kunshan erreferentzia da. Indian zerbait egin nahi zen baina ez dakit zein den proiektuaren egungo egoera, gu momentuz ez gaude sartuta eta.

 

Ari gara produktua saltzen ikasten?

Ari gara saltzen ikasten, baina oraindik gehiago dakigu gauzak ondo egiten. Italiarraren adibidea  jarri ohi dut. Guk munduko produkturik hoberena lortu arte ez dugu saltzen eta ez diogu apaindurarik ipintzen. Italiarrak esku artean ezer izan ez eta dena saltzen dizu. Asko daukagu egiteko. Fidatzekoak gara, hori bai. Fama hori dugu. Baina garena gara.

Orkli2

Multilokalizazioaz gain, ezagutza da biderik hoberena konpetentziaren aurrean babesteko?

Bai. Ikerketa eta garapena garrantzitsuak dira baina ez produktuari dagokionez soilik. Inork ez duen produkzio prozesu batetaz hitz egin dezakegu berrikuntzaz ari garenean. Baita antolakuntzaren edo enpresa matrizearekiko harremanari dagokion berrikuntzaz ere. Denean berritu behar da.

 

Zer gertatzen da berrikuntza sozialarekin?

Oso konplexua da,  zeren berrikuntza sozialak berrikuntza pertsonala eskatzen du. Mila laguni galdetzen badiogu gauzak aldatu behar al diren, baiezkoa esango dizute, baina eskatzen badiegu eskua altxatzeko eta esateko norberak zertan aldatu beharko lukeen, ez du inork ezer esango. Beharrezko prozesua da baina zaila.

 

-Zer portzentaia bideratzen du Orklik ikerketara? Jasangarria da?

Izugarri ari gara inbertitzen. Jasangarria? Enpresa nola joaten den ikusi beharko da. Gaizki badoa, ez daukazu inbertitzerik eta ondo badoa, beti duzu inbertsioa estutzeko aukera.

150 milioiko fakturaziotik, urtean 20 milioi inguru ari gara inbertitzen. Asko da. 2015erako aurreikusita dugu salmenten fakturazioaren %18,5 bideratzea inbertsioetara.

Iaz, Orkli Logística kokatzeko eraikin bat erosi genuen eta ondoko beste bat bota. Ordiziako lantegiak sekulako handitzea hartu du. Hemen hazitzea da hori.

 

-Giza-kapitalean berrinbertitu beharrik izan duzue lanpostuak mantentzeko?

Bai, bai noski. Paradigma horren inguruan, Orklin adostasun batera heldu ginen duela denbora asko. Esan ohi da: inbertitu eta makina berriak ekartzen badira, enplegua suntsituko da. Hori erantzunik sinpleena da. Inbertitu eta 40 lagun zeuden tokian, 20 egongo dira. Hori epe ertainera eta luzera begira, faltsua da. Inbertitzeak lehiakorragoa egiten zaitu eta ondorioz, bezero eta merkatu gehiago izango dituzu, salmentak igoz eta enplegu gehiago sortuz.

Multilokalizazioarekin paradigma bera ematen da. Frogatuta dago multilokalizazioarekin matrizea indartu egiten dela, gure kasuan, Ordiziako lantegia.

Batzuetan kosta egiten da ulertzea, baina horrela da.

 

-Fagorren erorketaren ostean, nola ikusten da kooperatiba eredua?

Fagorrekin gertatu dena dramatikoa da zeren jende askok lanpostua eta enpresa galdu ditu. Fagor erreferentea zen kooperatiben artean. Baina enpresa munduak bere zikloak ditu, jaio, hazi eta hil egiten dira. Garrantzitsuena da lanpostua galdu duten pertsonei irteera bat eskaintzea eta horretan ari gara. 2.000 lagun baldin bazeuden lanik gabekoen poltsan, 300 eta 400 faltako lirateke lana emateko. Gainerakoak lanean daude jada.

 

-Eragin dio Orkliri?

Ez. Bezero bezala Fagorrek ez zeukan guretzat dimentsiorik. Arlo ekonomikoan ere ez digu eragin zeren ez gaude, ez dibisio berean eta ez bailara berean. Emozionalki bai, ordea. Talde berekoa, tamaina handikoa eta guzti honi hasiera eman zion enpresa bat zelako.

 

-Formakuntza dualaz hitz egiten da eta, aldi berean, enpresek dituzten zailtasunez langile kualifikatuak topatzeko. Esan daiteke gazteek titulua bai, baina merkatuak eskatzen dituen gaitasunik ez dutela? Ez dira uztartzen  eskaintza eta eskaria?

Orain ez dugu zailtasunik kontratatzeko. Baina bere momentuan izan genituen. Esan dudan bezala, Orklin sartzeko gutxienez Lanbide Heziketako ikasketak egin behar dira. Teknologian inbertitzen jarraitzen dugu, beraz, profil horretako jendea lehen behar genuen eta orain ere bai. Bere garaian, eskasia zegoen.

Berez, gainera, kontratatzerakoan Goierriko jendeak lehentasuna zuen eta pertsonen kaptazio eremua zabaldu behar izan genuen.

Orain ez da hori gertatzen. Datorrena datorrela, ikastera etortzen da. Ezagutza enpresan dago eta espezialistaren bat bilatzen ez duzun kasuan, barruko ezagutza handiagoa da. Oro har, uste dut ondo prestatutako jendea dagoela, oinarri ona duena.

 

-Enplegua sortzeaz gain, enpresak zuen kasuan paper sozial eta kultural esanguratsua betetzen du laguntzak emanez.

Legez kooperatibek irabazien portzentaia bat komunitatera bideratzen dute. Guk bailarara. Sartuta gaude Goierriko Berrikuntza Gunean, campus unibertsitarioan, Goierri Eskolan, Lortek teknologia zentroan…

Kultur, kirol, laguntza edota euskara elkarteekin ere kolaboratzen dugu. Guzti horretarako urtero diru kantitate garrantzitsua bideratzen dugu.

 

-Erakunde, enpresa eta formakuntza zentroen arteko elkarlana areagotu behar dela irizten diozu?

Ez dakit kanpoan nola egiten duten. Bailara mailan, ikusten dut batasun hori falta zaigula ikuspegi bakar bat adosteko eta lanerako gida bat izateko. Zintzilik dago. Borondate onenarekin egin daiteke okerreko norabidean lan. Ezin da inor behartu egotera baina garrantzitsua litzateke adostutako ikuspegi bat izatea Gaur egun ez daukagu eta lagungarria izango litzateke.

 

-Nola ikusten duzu Orkliren etorkizuna?

Etorkizuna egiten ari garena egiten jarraitzea da baina intentsitatea areagotuz. Helburua da lana eta aberastasuna sortzen jarraitzea, ingurunearekin elkarlanean.

 

-Zenbat hegaldi egiten dituzu urtean?

Ez hainbeste. Lehen zuzendari komertziala nintzenean, hegazkinera igo eta pilotuak agurtu egiten ninduen ia! Azafatek denak agurtzen dituzte baina pilotuak… je, je, orain 15 edo 20 bat  hegaldi egingo ditut. Ez dirudi hainbeste.

 

2015eko produktu katalogoan, nobedaderik?

Eraginkortasun energetikoaren alde egiten ari garen apustua, etxeetarako berogailu edo konfort sistema eraginkorrak azpimarratuko nituzke. Halaber, energia berriztagarriak erabiltzeko egiten ari garen lana, errekuntza eraginkorrean… Hori da bultzatu nahi duguna. Eta egongo dira nobedade gehiago.

IÑAKI ZABALO, Goierri Eskolako zuzendaria

 

Orkli S.Coop. erreferentea da gure ingurune hurbilean eta lan egiten duen bost kontinenteetako herrialdeetan. Kooperatibak beste behin erakutsi du bailararekiko duen konpromisoa Ordiziako lantegia handitu ahal izateko, aldameneko partzelak eskuratzearekin.

Konplexutasuna eta ziurgabetasuna nagusi diren testuinguru global honetan, Orklik gauzak ondo egiten asmatu du bere ibilbidean zehar, José Luis Pérez Garmendiak, kooperatibaren presidenteak, dioen moduan. Goierriko eta Euskadiko enpresa enbaxadorea da nolanahi ere”.

Orkli_logoa

-LANGILEAK: 500 Ordiziako lantegian, 250 Txinan eta 70 Brasilen.

-ORKLI TALDEAREN URTEKO FAKTURAZIOA: 150 milioi

-2015erako AURREIKUSITAKO INBERTSIOA: Salmenten %18,5a

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?