Saiakuntza ez-suntsitzaileen gune berria martxan dago Goierri Eskolan

NDT edo saiakuntza ez suntsitzaileen alorrean aurrera pauso bat ematen du Goierri Eskolak.

Goierri Eskolak Saiakuntza Ez Suntsitzaileen laborategi berria jarri du martxan. Kalterik eragin gabe, piezen edo materialen ezaugarriak egiaztatzeko egiten diren entseguen gune berria izango da, ikasgai hauetan irakasleria propioa duen Espainiako lanbide heziketako zentro bakarra eta CERTIAEND ziurtapen erakundeak onartutakoa.

Goierri Eskolak helburu du hezkuntza integral bat eskaintzen jarraitzea, eskaintza arruntean lantzen diren konpetentziez harago ikasleen zeharkako konpetentziak eta gaitasunak ere garatuz. Lan lerro horien artean dago, besteak beste, estrategikoak diren ezagutza arloetan pausoak ematen jarraitzea. Eta puntu horretan kokatzen da gaur aurkeztutako Goierri NDT Lab gunea.

Mikel Iparragirre Goierri NDT Lab gunearen koordinatzaileak azaldu duenez, gune berri hau “beste urrats bat” da: “Fabrikazioan eta zerbitzuan dauden produktuek haien erabilera bermatzeko eta, batez ere, instalazioen eta pertsonen segurtasuna bermatzen dutela egiaztatzea da SES-en helburua”.

Goierri Eskolak 20 urte baino gehiago darama SES-en formakuntzan lanean, irakasleriaren formakuntzan eta zertifikazioan sakonduz, horretarako instalakuntzak egokituz eta ekipamenduetan inbertsioak eginez, beti ere enpresen beharrei erantzutera bideratuta eta formakuntzara zabalduta.

Espainiako lehena

NDT Lab laborategia irekita, orain arteko zerbitzua hobetzen jarraitzea du helburu Goierri Eskolak. Iparragirreren esanetan, “Goierri Eskolaren ezaugarrietako bat da Estatuko Lanbide Heziketa Arautuko lehen ikastetxea eta bakarra dela, bere eskaintzan Saiakuntza Ez Suntsitzaileei buruzko prestakuntza ikastetxeko irakasleekin eta CERTIAEND ziurtapen erakundearen baldintzak betez egiten duena”.

Hala, gaur egun, Goierri Eskolak, formakuntza eskaintzeaz gain, nazioarteko hainbat programatan parte hartzen du, enpresekin elkarlanean dihardu hainbat proiektutan, langabeei zuzendutako ikastaroak eskaintzen ditu, enpresentzako SES prozedurak diseinatzen ditu, edo enpresen behar zehatzetara bideratutako kurtsoak eskaintzen ditu, besteak beste.

Datozen urteetarako hainbat erronka berri ere baditu zehaztuta Goierri Eskolak alor hori dagokionez: CERTIAEND erakundearekin elkarlanean formakuntza programa berriak martxan jartzea, SES teknika eta metodo berriak txertatzea, SES ezagutzak unibertsitate masterrekin lerrokatzea…

Saiakuntza ez suntsitzailek gaur egun duten garrantzia azpimarratu nahi izan du gaurko aurkezpenean Ignacio Gonzalez CERTIAEND-eko zuzendariak. Azaldu duenez, “industriaren alorrean, osagaien kalitatea erabat lotuta dago osagaien segurtasunarekin, eta, beraz, fabrikazio-prozesuan edo zerbitzuan egon daitezkeen akatsak antzemateko saiakuntza ez suntsitzaileak egitea funtsezkoa da azpiegituren, garraioaren eta industria-instalazioen segurtasunerako”. Beraz, Gonzalezek “ezinbestekotzat” du lan horietan arituko diren langileek ziurtagiri bat izatea, “SES-etan lanetan diharduen teknikarien gaitasuna ziurtatuko duena”.

Guzti horretan Goierri Eskola bezalako erakundeek duten garrantzia ere nabarmendu du Gonzalezek: “Formakuntza eskolen lana funtsezkoa da teknikari horiek denek saiakuntza-metodoak aplikatzeko beharrezkoak diren ezagutzak eskura ditzaten. Hori dela eta, CERTIAEND-en oso positibotzat jotzen dugu teknikarien kualifikazioa indartzera bideratutako ekimen oro, hala nola Goierri NDT Lab espazioa sortzea”.

 

Urtean 200 pertsona trebatuko ditu Goierri Eskolak

Goierri NDT Lab gune berria martxan jarrita, urtean 200 pertsona inguru formatuko ditu Goierri Eskolak, SES-en arloan eskualdeko premiei erantzungo dieten profesionalak trebatuz, eta Espainiako iparraldean erreferentziazko zentro bihurtuta.

Izan ere, Goierri Eskolak, pertsonen prestakuntza integrala bilatzen eta bultzatzen du, irakasleen etengabeko formakuntzarekin, eskolaren eta enpresen arteko harremana sustatuz eta kalitatezko hezkuntza bat eskainiz: pedagogikoki gaurkotua, aniztasunari erantzuten diona, metodologia aktiboetan oinarritutakoa eta ikasleen artean ingurumenarekiko eta segurtasunarekiko begirunea zabaltzen duena. Eskualdeko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuten dien zentroa da Goierri Eskola, hiru arlo teknologikotara bideratzen dena: Informazio eta Komunikazio Teknologietara, 4.0 industriara eta Saiakuntza Ez Suntsitzaileetara (SES).

Gaur egun 1200 ikasle baino gehiagori eskaintzen dio zerbitzua Goierri Eskolak, lau zutabetan banatuta: Batxilergo eskaintza, Lanbide Heziketa, ingeniaritza ikasketak eta master bat. Lau zutabe horietan ahalik eta eskaintzarik egokiena eta eraginkorrena eskaintzen jarraitzeko lan lerro estrategikoak eguneratzen ari da egun Goierri Eskola, gaur egun martxan dituen zutabeak indartzen jarraitu eta Goierri eskualdeari zein gizarteari punta-puntako proiektu jasangarri bat eskaintzen jarraitzeko.

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?