Ormaiztegiko tren zubiaren 3D maketa

Goierri Eskolak garatu duen 3D maketa Zumalakarregi Museoaren eskura ipini da.

Goierri Eskolako ikasleek amaitu dute Ormaiztegiko tren zubiaren 3D maketa. Zumalakarregi Museoarekin eta Ormaiztegiko Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren emaitza da zubia, eta dagoeneko Zumalakarregi museoaren jabetzan dago.

Proiektuan parte hartu duten Goierri Eskolako ikasleek eman diote zubiaren maketa Zumalakarregi Museoko arduraduna den Lurdes Azpiazuri. Harekin batera izan dira Goierri Eskolan ere Begiris Elkarteko bi ordezkari, itsutasuna edo ikusmen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzen duen elkartea.

Izan ere, lankidetza hitzarmenaren helburua zubiaren 3D maketa egitetik harago joan da, maketaren helburua ikusmen desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna hobetzea baita.

Azpiazuk adierazi duenez, “lan bikaina egin dute Goierri Eskolako ikasleek. Hasieratik izugarrizko jarrera ona erakutsi dute, erabat egin dute bat proiektuarekin, eta inklusioaren alde lan egiteko erabateko prestutasuna izan dute”.

 

Amets bat

Begiris Elkarteko kideek ere emozioz hartu dute maketa. Azaroaz geroztik aritu dira elkarlanean hiru erakundeak, eta sari elkartu dira Begiris Elkarteko kideak ere Goierri Eskolako ikasleekin. Baina maketa guztiz amaituta, hura ukitu eta ezagutu dutenean “izugarrizko emozioa” sentitu dutela adierazi dute. “Ez dut esango miraria denik, baina bai amets bat”, adierazi dute. “Goierri Eskolak egin duen lana eredu izan beharko litzateke, eta Gipuzkoako beste museo batzuek edo kultur erakundeek gehiago babestu beharko lituzkete horrelako proiektuak, guretzat ezinbestekoak direlako”.

Begiris Elkartetik esan dutenez, “gaur ezagutu ahal izan dugu lehen aldiz horrenbestetan entzun dugun Ormaiztegiko tren zubi famatua. Gu jarri gaitezke zubiaren azpian, eta norbaitek deskribatu diezaguke nolakoa den zubia. Baina horrela ideia bat besterik ezin dugu egin. Maketa batekin, berriz, benetan jakin dezakegu nolakoa den”.

Maketa Zumalakarregi Museoan ikusi ahal izango da aurrerantzean.

 

Ikus GITB-koek eginiko bideoa.

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?