BOGDAN CRISTIAN POPA: Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Ingeniaritza graduko ikasle ohia

Gauzak ez dira denentzat berdinak. Egoera batzuk zailago bihurtzen diete dena batzuei. Bogdanek bere jaioterria, Errumania, 15 urterekin utzi zuen familiarekin batera Goierrira bizitzera etortzeko. Errumaniera eta ingelesa zekizkien. Orain euskaraz eta gazteleraz ere nahi bezala aritzen da. Argi zuen Ingeniaritza Mekanikoa ikasi nahi zuela. Goierri Eskolan batxilergo zientifikoa egin eta unibertsitatera jauzi egin ordez, Fabrikazio mekanikoaren produkzioa programatzeko goi mailako zikloa egiteari ekin zion. Behin hura bukatuta, MUren Goierri campusean ingeniaritzari heldu zion. Pasa den ekainean amaitu zuen gradua eta urrian bere lehenengo lan kontratua sinatu zuen sei hilabeterako Tolosako Voith Paper enpresan. Hango bulego teknikoan egiten du lan. Kontratua berritu diote.

“Ingeniaritza egin aurretik, Lanbide Heziketako ziklo bat egitea gomendatuko nuke, abantailak besterik ez ditu ekartzen”

 

Bogdan Cristian Popa. Zure jatorri atzerritarra agerian uzten du izenak. Kontatuko zeniguke zure istorioa?

Popa da dudan abizen bakarra. Errumanian aitaren lehenengo abizena hartzen dute seme-alabek. 15 urterekin etorri nintzen -orain 26 ditut- ama eta anaiarekin. Ordurako aitak urtebete inguru zeraman hemen. Loinazpe Institutuan hasi nintzen DBH4 egiten baina ikasturtea errepikatu behar izan nuen zeren ez nekien ez euskara eta ez gaztelera. Ingelesa egiten nuen baina besteak ez ziren ondoegi moldatzen. Hiru hilabetez itzultzaile baten laguntza ere izan nuen baina ez nuen ikasturtea gainditzerik lortu.

Nola gogoratzen dituzu herrialde berri batean lur hartzeak eragindako inpresioak?

Ez nekien zer topatuko nuen. Dena zen berria. Gogoratzen naiz hizkuntza ez jakiteak eragiten zidan urduritasunaz. Baina dena oso ondo joan zen. Ez nuen arazorik izan ez ikaskideekin, ez beste inorekin.

Eta zure lehenengo eguna Goierri Eskolan? Gogoan duzu?

Bai. Ikasgelaz nahastu nintzen. Ordurako pare bat urte neramatzan Euskadin. DBH4 egin ondoren, batxilergo zientifikoa egitera etorri nintzen Goierri Eskolara. Kosta zitzaidan. Ez nituen batere gustoko zenbait ikasgai, Filosofia edo Historia, kasu, teoria asko eta dena euskaraz.

Zergatik aukeratu zenuen batxilergo zientifikoa?

Batik bat garbi nuelako ingeniaritza mekanikoa egin nahi nuela.

Batxilergoa egin eta unibertsitatera zuzenean joan ordez, zuk ibilbide luzexeagoa egitea erabaki zenuen, ezta ala?

Selektibitatea saihesteagatik Lanbide Heziketako mekanizazioko ziklo bat egitea erabaki nuen. Selektibitaterik egin beharrik gabe unibertsitatera heltzeko modu bat da. Horrela egin nuen selektibitateko azterketa euskaraz eta gazteleraz egin beharko nuelako.

 

Gomendatuko zenioke beste bati unibertsitatera joan aurretik Lanbide Heziketako ikasketak egitea?

Zalantzarik gabe. Niri oso ondo etorri zait. Zikloan zehar ikasitako guztia baliogarria egin zitzaidan unibertsitatean. Gainera, ikasgai batzuk baliozkotu zizkidaten. Bide hori gomendagarria da. Praktiketara joandakoan, nik ezagutzen nituen lehendik tornuak, lantegiko irakasleak… niretzat ideala da. Eta lana bilatzerakoan ere balio izan dit. Enpresakoek esan zidatenez aurretik modulua egin izana gustatu zitzaien, alegia, benetan pieza bat makinetan nola egiten den jakitea eta ez bakarrik teorian. Baditut ingeniaritza egin ondoren zikloa egin duten lagunak ere. Abantailak besterik ez dizkit ekarri niri.

Oso denbora gutxian sartu zara lan merkatuan…

Hala da. Karrera amaierako proiektua egin eta Errumaniara joan nintzen oporretara. Han nengoela lanean ari naizen enpresatik deitu zidaten. Goierri Eskolan bertatik, Lanbiderekin elkarlanean, laguntzen zaie ikasleei lana bilatzen eta horretarako arduradun bat ere badago. Enpresek ezagutzen dituzte eskolatik aterako diren ikasleen profilak. Ni urrian hasi nintzen lanean. Dena oso azkarra izan zen. Sei hilabete daramatzat eta oraintxe berritu didate kontratua beste urte eta erdirako.

Ze balorazio egiten duzu Voith Paper-en daramatzazun lehen hilabete hauetaz?

Esperientzia oso ona izan da. Ikasten eta bidaiatzen ari naiz. Estatu mailan hainbat proiektu ditugu (Huelvan, Asturiasen, Bartzelonan…) eta baita nazioartean ere (Suedian, Finlandian, Pakistanen…). Tolosako delegazioak paper makinak konpontzen ditu. Mantenu lanetara dedikatzen gara. Voith markako edo beste edozein markako makina baten bezeroak deitzen digu, adibidez, sentsoreak inplementatu nahi dituelako eta hara joaten gara. Neurketak egin, bulegora bueltatu, marraztu eta aldaketak egiten ditugu.

Eta bidaiatzearena, gustuko duzu?

Niretzat zerbati berria zen. Banuen lanagatik bidaiatzea zer izan ote zitekeen jakiteko gogoa. Nik uste nuen bidaiatzea gustatzen zitzaidala baina konturatu naiz gustatzen zitzaidana oporretara joatea dela. Bidaiak normalki astebete ingurukoak dira baina luzeak egiten dira. Kanpora joandakoan ordu asko egiten dira lan, iritsi eta hiria ez duzu ezagutzen… polita ere bada, baina ez nik espero bezain beste.

Voith enpresa alemaniarra da. Zerbaitetan bereizten da hemengoekin alderatuz?

Enpresa familiar alemaniarra da. Tolosan 200 langile inguru ditu baita mundo mailan, 19.000. Alemanak dira lana antolatzeko moduan, diziplinan eta sisteman. Egiten dugun guztia Alemaniatik pasatzen da. Interneten Google Mapsen sartzen bagara ere, Alemanian gaudela agertzen da.

Lanari dagokionez, nola ikusi duzu zeure burua unibertsitatetik lan mundura eginiko trantsizio horretan?

Lana ez zait zaila egin. Karrera oso gogorra da baina bizitza errealerako prestatzen zaituzte, lan mundurako. Mondragon Unibertsitatean PoBL (Project-based Learning) metodologia dute ezarrita eta horrek esan nahi du seihileko bakoitzaren amaieran proiektu bat aurkeztu behar izaten genuela. Arazo bat planteatzen zitzaigun eta ikasleok soluzioa bilatu behar izaten genion. Taldeka egiten genuen lan eta nola edo hala irtenbidea bilatu beharra geneukan, enpresetan gertatzen den moduan. Eta proiektuen bidez bai ikasten dela! Eta ezagutza teorikoaz gain, taldean lanean aritzea zer den ikusten da.

Ikasgelan formula bat ikasten duzu eta gai zara ariketak egiteko baina proiektuen kasuan, ez dago formularik eta ez duzu soluziorik.

Gogoratzen zara landutako proiektuez?

Lehenengo mailan, lehen seihilekoan lanpara bat eman ziguten, flexo bat malguki batekin. Irakasleek pisua jartzen zuten eta erortzen utzi. Ikasleok aurreikusi behar genuen ze posiziotan eroriko zen. Bigarren seihilekoan umeentzat balantzina diseinatu genuen bibrazioak aztertzeko eta bereziki erresonantziaren fenomenoa. Bigarren mailan puntzonaketa makina bat aztertu genuen eta diseinu originala hobetu. Hirugarren mailan, pilotak jaurtitzeko makina diseinatu eta fabrikatu behar izan genuen tenisten entrenamenduetarako. Eta azken urtean, karrera amaierako proiektua egin nuen, hau banaka egin ohi da eta normalean, enpresa batean.

Pozik nago jasotako prestakuntzarekin eta izan nituen irakasleekin.

Zein izan zen zure  karrera amaierako proiektua?

Laulagun Bearings enpresan egin nuen. I+G sailean entsegu banku bat egin genuen. Errodamentuko bolak entseatu nahi zituzten. 3, 4 edo 5 metroko aerosorgailuentzat errodamenduak fabrikatzen dituzte eta bolak entseatu beharra zeukaten.

Zer gomendatuko zenioke Ingeniaritza Mekanikoa egitea buruan bueltaka darabilkien norbaiti?

Garbi izan dezala. Lehenengo urtean konturatzen zara benetan ingeniaritza egin nahi duzun ala ez, zeren batzuk agian gurasoak pozik uzteko hasten dira edo… eta benetan ez baduzu nahi egin, ezin duzu amaitu. Karrera gogorra da. Ezin duzu dena azkeneko egunerako utzi.

Amestutakoa ikasi duzu eta lanean zabiltza daoeneko. Hemendik aurrera, zer?

Honainokoa nuen pentsatuta. Karrera egin eta lana bilatu. Eta hemendik aurrera, ba,  ikusiko dugu zer datorren.

IMG_4804
IMG_4826
IMG_4812
Gure Enbaxadoreak: Bogdan Cristian Popa

Gure Enbaxadoreak: Bogdan Cristian Popa Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Ingeniaritza graduko ikasle ohia

Publicada por Goierri Eskola en Lunes, 23 de abril de 2018

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?