MAITANE GARMENDIA: Batxilergoko ikasle ohia

Maitane Garmendia beasaindarrak 32 urte ditu eta ezagutzaren transferentzia eta enpresari balio lehiakorra gehitzea ardatz dituen IK4-Ikerlanen egiten du lan. Potentzia elektronikan ingeniari eta energiaren biltegiratze sistemetan doktore, energiaren biltegiratze eta kudeaketa sistemen ikerkuntzan eta enpresei euren ezagutza transferitzen lan egiten du gaur egun. Beasaingo Alkartasuna Lizeoan ikasketak egin ostean, argi zuen batxilergo teknologikoari heldu nahi ziola eta Goierri Eskola aukeratu zuen. Ingeniaritzako  lehenengo urtea Mondragon Unibertsitatearen Goierri campusean  egin eta Arrasaten amaitu zuen karrera. Doktoretza tesia aldiz, IK4-Ikerlanen gauzatu zuen. Ikasteko gosez bizi da.

Egiten duzuna defendatzen jakin behar duzu erantzukizun osoarekin

 

Ikasle ohia zaitugu. Alkartasuna Lizeoan ikasketak bukatu eta zerk bultzatu zintuen Goierri Eskolara etortzera?

16 urterekin banekien batxilergo teknologikoa egin nahi nuela eta bere momentuan, gaur bezala, asko baloratu nuen Goierri Eskolaren eta bailarako enpresen arteko gertutasun hori. Gainera, ez ziren urte asko Mondragon Unibertsitatea Goierri campusean martxan jarri zela eta ziur nengoenez ingeniaritza egin nahi nuela, zehazki zein adarretatik jo jakin ez arren, Goierri Eskolara etortzea bide naturala izan zela esango nuke.

Eta pentsatu bezala, ingeniaritza ikasten hasi zinen…

Bai. Lehenengo urtea bertan egin nuen eta ingeniaritza elektronikoa aukeratu nuenez, bigarren urtean Arrasatera joan behar izan nuen. Han jarraitu nituen ingeniaritza teknikoko ikasketak eta baita goi mailakoak ere. Karrera amaierako proiektua berriz, Ikerlanen gauzatu nuen.

Orduan hasi zinen IK4-Ikerlan zentroan, ezta ala?

Bai, han egin nuen karrera amaierako proiektua eta bertan hasi eta jarraitzen du nire ibilbide profesionalak.

Karrera amaierako proiektuan sare elektrikoari babesa ematen dion energia biltegiratze sistema bat integratzeko beharrezkoa den bihurgailu baten diseinu eta inplementazioan lan egin nuen. Azken batean, sistema hauek, sare elektrikoan eman daitezken intzidentzien aurrean, sare horren baitan dauden elementuen elektrizitate horniketa bermatzen dute.

Behin proiektua bukatuta, hasitako bidean sakontzen eta ikertzen jarraitu genuen energia biltegiratze sistemen azterketarekin.

Energiaren biltegiratze sistemek zenbateraino eman dezaketen ikertzen?

Bai. Azken belaunaldiko teknologietan oinarritutako bateriak aztertzen, alegia. Ordurako kontsumo txikia duten telefono mugikorretako edota tabletetako energia biltegiratze sistemak nahikoa garatuak zeuden; erronka teknologia horiek potentzia eta energia eskaera handiagoa zuten aplikazioetan integratzean zegoen. Hala, inguruko enpresen interesetara aurreratuta, hau da, ORONAk igogailuetan edo CAFek trenetan erabil zitzaketela ikusita, beste hainbat adibideren artean, ikertzen hasi ginen.

Eta tesia egiteko aukera suertatu zitzaizun…

Tesia Litio-ioizko baterien karga maila ezagutzeko estrategien inguruan egin nuen nahiz eta zeharka euren integrazioa ere landu. Tesia amaituta, sistema hauen integrazioan dihardut lanean enpresa ezberdinekin elkarlanean transferentzia proiektu bidez. Une honetan punta-puntan dagoen gaia da.

CAF eta ORONA aipatu dituzu. Nola integra ditzakete zuk aipatzen dituzun biltegiratze sistema horiek?

CAFek jada erabiltzen ditu energia biltegiratze sistemak tranbia batzuetan. Hauetako adibide bat da duela urte batzuk Sevillan instalatu zuena Ikerlanen laguntzarekin. Aste Santua iristen zen bakoitzean prozesioak tarteko, katenaria kendu eta jarri ibili behar izaten zuten. Orain, tranbiak katenaria gabe ibiltzeko adinako autonomia du superkondentsadoreetan oinarrituriko biltegiratze sistemari esker.

Superkondentsadoreek halere, ibilbide laburretan dute kabida, potentzia altuak emateko kapazitatea baitute baina energia dentsitate gutxi.

Orain jauzi bat eman nahi da Litio-ioizko biltegiratze sistemak erabiliz. Hauekin helburua autonomia handitu eta ibilbideak luzatzea da, energia biltegiratzea distantzia luzeagotan ibiltzen diren trenetan ere erabiltzeko elektrifikaziorik ez dagoen zonaldetan.

Eta igogailuen kasuan zer da lortzen dena?

Igogailuen kasuan hiru dira biltegiratze sistema bat integratzearen helburu nagusiak.

Lehena kontrataturiko argindar potentzia jaistea da. Biltegiratze sistema izango da igogailuak azelerazio fasean eskatuko duen potentzia pikoaren hornitzaile. Honek saretik kontsumituko den potentzia jaistea ahalbidetzen du eta beraz, aurrezte ekonomiko bat erabiltzailearen ikuspuntutik.

Bigarrena sistemaren efizientzia igotzea da, igogailuak balaztatzean sortzen duen energia ondoren trakzioan erabiltzea ahalbidetuz. Honek, saretik kontsumituko den energia jaistea ahalbidetzen du eta beraz, epe luzera aurrezte ekonomiko bat erabiltzailearen ikuspuntutik.

Hirugarrena igogailuari autonomia ematea da, argindarrik gabe geratuta ere, igogailuak martxan jarraitu ahal izateko.

Ikusten da izugarri gustatzen zaizula egiten duzuna. Pasioz hitz egiten duzu.

Asko gustatzen zait, bai. Ibilbide osoa orain arte Ikerlanen egin dut eta ez daukat beste enpresetako esperientziarik. Hala ere, Ikerlanen beste enpresa batzuekin elkarlanean dihardudanez, nola funtzionatzen duten ikusi ahal izaten dut.

Ezagutza  horren arabera, zein da enpresek lanerako nahi duten profila?

Nire ikuspuntutik enpresek nahi dituzten pertsonak, pertsona autonomoak, iniziatiba dutenak, taldean lan egiten dakitenak, motibatuak eta, noski, arduratsuak direnak dira. Egindakoa defendatzen dakitenak erantzukizun osoarekin eta baita egoera deserosoetatik ateratzeko baliabideak dituztenak ere.

Nahiz eta guzti hori zuzenean ez esan, Goierri Eskolan guzti horretarako prestatzen gintuztela konturatzen naiz. Ondo bideratutako irakaskuntza zela esango nuke.

Proiektu bidez garatzen delako irakaskuntza-ikaskuntza prozesua beharbada?

PBL (Project Based Learning) edo proiektuetan oinarritutako irakaskuntzaz ari naiz, bai. Batxilergoan ikasgai ezberdinak genituen baina jasotako ezagutza guztia bateratu eta talde lanean eginiko proiektu batera bideratu genuen. Horretan oso aurrerakoia izan zen Goierri Eskola. Ordudanik hainbat eta hainbat eskola eta unibertsitateetan aplikatu da prozesua eta agerian geratu da bere arrakasta.

Zuk zeuk ikertzaile izatea zenuen buruan?

Aktibo egotea gustatzen zait, azken joerak norantz doazen jakitea, nola ekarri berrikuntza inguruko enpresetara eta nola inplementatu… baina egia esan karrerako lehenengo urtean Ikerlanen lan egitea oso urrun ikusten nuen. Kuriositateak bultzatuta eta saiatuta iritsi naiz.

Krisirik izan duzu zure ibilbidean zehar?

Tesi bat egin duen edonork jasan du krisiren bat, nire ustez. Eta hori ere tesiaren parte da. Zeure buruari ea nahikoa kontribuzio egiten ari zaren galdetzen diozu… Zure lana eta zure burua zalantzan jartzen dituzu. Halere, zalantza horiek sanoak dira. Bizitzan bezala gorabeherak daude baina konponbideak jartzen jakin behar duzu; azken batean, lezio bat da. Teknikoki asko ikasten da baina baita zeure burua autogestionatzen ere. Guzti horrek pertsona bezala osatzen laguntzen du.

Goierri Eskolaz gordetzen dituzun oroitzapenak nolakoak dira?

Sekulakoak. Oso giro ona genuen gelan eta oso harreman ona bai ikaskideon artean eta baita irakasleekin ere. Ikasi behar zenean ikasi egiten genuen, saiatuak ginen baina oso motibatuta ere bageunden. Askotan diot nire garairik hoberenetarikoak izan zirela.

Garai onak eta zailak, etorkizunari nola heldu jakin ezean… zer gomendatuko zenioke batxilergoa bukatzear duen neska edo mutilari?

Bakoitzak bere bidea bilatu behar duela arakatuz: zer gustatzen zaion ikusi, zertan den abila eta zein proiekzio duen ikasketa edo lanbide bakoitzak.

Nire kasuan adibidez, ingeniaritza ikasi zuen jendearekin egon nintzen euren esperientziatik ikasteko, unibertsitate ezberdinetara ere bisitak egin genituen,… azken batean, erabakia hartzeko garaian ahalik eta informazio gehien izatea komeni da eta horretarako baliabide ezberdinetara jo.

Irakasleek aholkatu zintuzten?

Bai, babes handia eman ziguten. Irakasleak hain gertukoak izanda, oso erlazio ona genuen eta alde bietatik erantzuna oso ona izaten zen. Gogoratzen dut nola behin Jorge -Mancisidor- nire irakasleak hartu ninduen bere elektronikaren inguruko esperientzia partekatzeko, Iñaki Muruarekin unibertsitate eta enpresa ezberdinetara egin genituen irteerak… Une horretan alboan norbait izatea asko baloratzen da, erantzungo dizun jendea, alegia. Beti ateak irekita genituen, ez zegoen galdetzeko beldurrik eta erabaki zuzenena hartzen laguntzeko prest zeuden.

Etorkizunera begira, nola ikusten duzu zeure burua?

Ikerlanen oso gustura nago. Ikasteko gosea daukat eta gose hori asetzen dut, beti puntako gaietan baikabiltza. Gainera, jorratutako ikerketa ildoek aplikazio zuzena dute inguruko enpresetan. Ez dira edonola aukeratzen ikerketa lerroak, enpresei lagungarri suerta daitekeen hura ikertzen dugu eta hori motibagarria da. Asko betetzen nau. Ikerlan kooperatiba denez, kooperatibako baloreak ere hor daude. Pozik nago.

IMG_3757
IMG_3728
Gure Enbaxadoreak: Maitane Garmendia

Gure Enbaxadoreak: Maitane Garmendia. Batxilergoko ikasle ohia

Publicada por Goierri Eskola en Miércoles, 2 de mayo de 2018

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?