JON ALUSTIZA: Batxilergoko eta Goi Mailako Lanbide Heziketako ikasle ohia

Gauza bakoitzari dagokion garrantzia ematen eta momentu zailei nola aurre egin, lanean ikasi omen du Jon Alustizak. Cadinox enpresan proiektu kudeatzailea da gaur egun. Goierri Eskolan batxilergo zientifikoa egin eta gero, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko goi mailako zikloa egin zuen. Lanean denboraldi bat eman ostean, berriro ikasteari  ekin zion. Bigarren aldian, Metal Eraikuntzetako goi mailako zikloaren aldeko hautua eginez. 30 urte ditu idiazabaldarrak eta ez du unibertsitatera joan ez izanaren penarik. Izan dituen aukerak ikusita, atzera bueltatuko balitz, Lanbide Heziketari helduko omen lioke.

“Lanbide Heziketak irteera onak eskaintzen ditu, lehen eta orain”

Goierri Eskolara heldu aurretik, non ibili zinen eskolan?

Txikitan Idiazabalgo Aita Iparragirre Herri Eskolan ibili nintzen. Hangoa amaitutakoan, Beasaingo Loinazpe Institutura joan nintzen DBH egitera eta gero Goierri Eskolara batxilergoa egitera.

Batxilergoa bukatutakoan zalantzak izan nituen. Ez nekien ingeniaritza hartu edo Fabrikazio Mekanikoko Diseinu ikasketak egin. Azkenean anaiak konbentzitu ninduen -bera ingeniaria da- Lanbide Heziketa hartzera.

Zer dela eta gomendatu zizun hori anaiak?

Beharbada uste zuena baino zorrotzagoa suertatu zitzaion. Ez dakit. Baina gerora ikusita nik ze irtenbide eta aukera izan ditudan, ez dut penarik.

Goi mailako zikloa gainditu eta lanean hasi zinen…

Bai. CAFen urtebete egin nuen. Kontratua amaitu zitzaidan eta ez zidaten berritu beraz, berriro lan bila hasi ordez, ikasten jarraitu nahi nuela erabaki nuen. Goierri Eskolan goi mailako bigarren zikloa egin nuen, Metal Eraikuntzetako zikloa, alegia. Praktiketan ibili nintzen Ikaslanen, eskolan bertako irakasleen departamentuan ere bai, eta azken praktikak  Cadinox enpresan egin nituen eta hantxe geratu nintzen. Gaur arte. Zazpi bat urte eramango ditut han.

Pozik hartutako erabakiarekin?

Bai. Justu CAFen kontratua ez berritu izana zoritxar gisa hartu nuen ze orduan mundu guztiak nahi zuen CAFen sartu baina ikasteko gogotsu nengoen eta bigarren zikloa eginda, Cadinoxeko aukera suertatu zitzaidan.

Goierri Eskolan egindako goi mailako bi zikloak, ezberdin bizi izan dituzu?

Lehenengoa marrazketa eta piezen diseinuaren ingurukoa zen eta beti gustukoa izan dudanez hori, batxilergoa egindakoan bide naturala hori zela pentsatu nuen. Ez nuen zailtasun berezirik izan eta bigarren zikloa are eta errazago egin nuen.

Bigarren zikloa egindakoan, gelako gazteena nintzen. Pentsa daiteke batxilergotik zuzenean doan jendearekin egingo duzula topo, baina askok ordurako  ingeniaritza edo beste ikasketa batzuk eginak zituzten. Batzuetan gauzak birplanteatzea tokatzen da.

Lanbide Heziketaz zer iritzi duzu?

Uste dut irteera oso onak eskaintzen dituela, lehen eta orain. Ingeniaritzarekin alderatuta beste maila batean jarri izan da eta egia da ingeniaritza ikasgai aldetik-eta, zorrotzagoa dela baina gero benetan, industria munduan sartutakoan batzuetan ez da aldea hain nabarmena. Nire lanpostuan ingeniaritza ikasi dutenak badaude eta baita ingeniaritza egin ez dutenak ere. Eta alderdi teknikoan batzuetan euren ezagutza handiagoa da eta beste batzuetan kontrakoa gertatzen da.

Zein da zure lana Cadinoxen?

Praktiketan ia departamentu guztietatik pasa nintzen eta praktikak egin ostean, proiektu kudeatzaile jarri ninduten eta ordutik horretan nabil. Proiektuen lidergotzaz eta fabrikazio prozesu osoa kudeatzeaz arduratzen naiz, hau da, eskaria sartzen denetik entregatzen den arte.

Bezeroekin  harreman zuzena duzu?

Bi fase daude. Eskaria sartu arte komertzialek dute harremana bezeroekin baina behin eskaria eginda, zuzeneko harremana izaten dut eurekin eta aldi berean, barruko lantaldearekin. Bi bezero ditugula esaten dugu: pieza erosi duena eta lantegia.

Hainbeste jenderekin hartu-emana izan beharra ez da beti erraza izango…

Erraza ez da. Errazagoa da askotan ardura gutxiago izatea. Baina aberasgarria da eta asko ikasten da. Bi aurpegi ikusten dituzu. Jakin behar duzu bezeroaren aurrean nola erantzun eta baita zure lankideen aurrean ere. Hori ez dizute eskolan irakasten.

Zer irakatsi dizu lan horrek?

Momentu zailei aurre egiten. Gauzak beste era batera hartzen eta benetan duten garrantzia ematen. Hasieran zure burua presionatzen duzu eta denborarekin erlatibizatzen ikasten duzu. Bezero batek esaten badu “oraintxe behar dut” hasieran uste duzu ez bada oraintxe, mundua bukatzen dela.

Hizkuntza aldetik ere, eskolan baino gehiago ikasi dut lanean. Bezeroekin harremana ingelesez da. Nik oinarri txiki bat banuen baina horrekin ezin zara oso urrutira joan. Lanean, hitz eginez ikasi behar izan dut. Egunerokotasunean erabiltzera behartuta zauden momentutik ikasten joaten zara.

Zer da eskolari eta formazioari begira, faltan sumatzen duzuna?

Baldintzatuko duena da azkenean zer lanpostutan amaitzen duzun baina uste dut arazoei eta erantzukizunei aurre egiteko gaitasuna ez dela eskoletan lantzen. Lehen ez behintzat. Badakit zaila dela baina lanean behar duzu gaitasun hori. Eta baita  hizkuntzak ere. Egia da ikasi daitezkeela eskola garaian baina agian ez diezu duten garrantzia ematen. Eskola garaian ikasi ezkero, gero dena errazagoa da zeren hizkuntza ondo ez baduzu kontrolatzen, bezeroak errespetua, beldurra, ematen dizu.

Langile orok izaten duela ahaztu ezin duen lanegun txar bat diozu. Zein  da zure egun txar hori?

Ostiral bat gogoratzen dut. Lanean hasi eta urte eta erdira edo. Bezero baten bisita genuen proba batzuk egiteko eta probak behar baino gehiago luzatu ziren. Goizean hasi, arratsaldea iritsi eta ez genuen amaitzen. Azkenean, beste bi lankiderekin piezak muntatzen aritu nintzen. Goizeko seietan sartu nintzen lanera eta gaueko 11:45 aldera iritsi nintzen etxera. Probak ez ziren ondo joan baina gogoan dut bezeroak esan zidana: “Ez dakit zenbat kobratuko duzu, baina zure nagusiak ez dizu merezi duzuna ordaintzen”. Geroztik ez naiz ahaztu. Oso gaizki pasatu nuen baina ordutik gauzak beste era batera hartzen ditut.

CAFeko esperientziatik zer atera zenuen?

Lan munduan arazoak gainditu behar direla eta ez dela mundua amaitzen lehenengo arazoarekin. Orduan ere gaizki pasa nuen zeren denek nahi dute CAFen lan egin. Urtebete daramazu, etxetik gertu, jendea ezagutzen duzu… eta bat-batean lanik gabe ikusten zara. Ez dakizu nora jo eta tristura eta dezepzioa zurekin dituzu. Askok esan zidaten CV bidaltzeko baina argi nuen irailean ikasten hasiko nintzela.

Cadinoxen pieza oso bereziak egiten dituzue, ezta?

Bai, galdaragintza enpresa da. Gure produktu propiorik ez dugu baina gure bezeroen diseinu eta produktuak fabrikatzen ditugu. Bezeroak normalean diseinu bat ematen digu eta fabrikazio prozesu osoaz arduratzen gara. Sektore ezberdinentzat egiten dugu lana. Cadinoxek Tolosaldea eskualdeko papergintza industriarentzat egiten zuen lan hasiera batean baina gero energia hidraulikoaren, energia nuklearrean, zientziarako ekipoen sektorean eta beste hainbatetan murgildu gara. Eta emergenteak izan ez arren, estrategikoak diren sektoreetan, balio erantsia deitzen diogun hori inportantea den sektoreetan alegia, zeren gure bezeroei askotan ez zaie gehixeago ordaintzea inporta, lasaitasuna bermatzen badiezu. Erabakitzeko orduan gakoa hor egoten da.

IMG_0656
IMG_0616

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?