JON ELUSTONDO: Lanbide Heziketako ikasle ohia
Jon Elustondo 24 urteko berrobiarra dugu. Tolosako Orixe institutuan batxilergoa egin ostean Goierri Eskolara etortzea erabaki zuen. Fabrikazio Mekanikoko Diseinua hautatu zuen. Erreferentea den enpresa batean, Irizarren hain zuzen, praktiketan hasi eta han jarraitzen du gaur egun ingeniaritzako departamentuan autobusen munduan murgilduta.
“Praktikak bukatu eta hurrengo egunean jarraitu nahi al nuen galdezka etorri zitzaizkidan”
Lau urtetik gora daramatzazu Irizarren lanean. Nola izan zen sarrera?
Goierri Eskolan ikasten ari nintzela Irizarren praktikak egiteko aukera eman zidaten eta halaxe hasi nintzen. Praktikak bukatu eta hurrengo egunean ea jarraitu nahi ote nuen galdezka etorri zitzaizkidan eta ordutik hantxe nago, ingeniaritza departamentuan.
Eta eskolako zure ibilbidea zein izan da?
Seigarren mailara arte Berrobiko San Andres eskolan ibili nintzen. Handik Tolosako Orixera joan nintzen DBH eta batxilergoa egitera eta behin hangoa bukatuta, goi mailako zikloa egiteko aukera ezberdinak nituen eta Goierri Eskolara etortzea erabaki nuen.
Zergatik?
Ziklo bera, Fabrikazio Mekanikoko Diseinua, beste toki batzuetan ere egin nezakeen baina Goierri Eskolak izena dauka eta kontutan hartuta, inguruan oso industria sare indartsua daukala, besteak beste, Irizar, CAF, Ampo… ba, erabaki hobea zela pentsatu nuen. Eskola eta enpresa sarearen arteko harremana eta ingurunea bera garrantzitsuak dira.
Berrobi 600 biztanleko herria da eta denok ezagutzen gara. Guraso batzuk etorri izan zaizkit aholku eske eta nik beti Goierri Eskola gomendatzen diet.
Orientatzaileek ingeniaritzako ikasketak egiteko esaten omen zizuten, ezta?
Hala da, baina ni ez nintzen animatu. Nik jendea Lanbide Heziketara animatuko nuke zeren niri oso ondo atera zait. Etxean anaia daukat ingeniaria eta hura aurretik pixkat ikusita, banekien ez nuela jasango hainbeste ordu ikasten pasa beharra. Niri kirola gustatzen zait eta nahiago nuen orduan ere mendira edo frontoira joateko astia izatea.
Zure itxaropenak bete ditu, beraz, Goierri Eskolak.
Ni gustura ibili nintzen. Exijentzi maila altua duela esaten da, baina ez zitzaidan hain gogorra egin. Irakasleak oso gertukoak dira. Nik ondo prestatuta atera nintzenaren ustea daukat. Adibide bat jarriko dut. Goierri Eskolan erabiltzen genuen programa bat jartzera zihoazen orduan Irizarren eta langileek ez zuten funtzionamendua ezagutzen. Guk eskolan erabilita genuen eta oinarri bat ere hartuta. Hasiera hartan programa ezagutzen zuten bakarrenetakoak Goierri Eskolatik ateratakoak ginen.
Edonola ere, gaur egun etengabeko formakuntzan dago giltzarria.
Bai, teknologikoki beti soluzio berriak bilatzen ari gara eta noski, programak ere beti aldatzen doaz. Beharren arabera, egokitzen joan beharra dago.
Lan mundurako jauzi hori nola bizi izan zenuen?
Ondo. Ez dut neure burua geldotzat eta Fabrikazio Mekanikoko Diseinua ikasita, eraman nitzakeen zortzi ordu ordenagailu aurrean, aldiz, lantegian nago, lineako bulegoan eta ni nagoen eremuan arazoren bat sortzen bada niri abisatzen didate. Hortaz, ez da ordenagailu aurreko lana bakarrik eta hori gustukoa dut.
Beraz, Irizarren gustura zaude.
Bai. Iaz bazkide egin ninduten kooperatiban eta gustura egoteko moduan nago. Egunik galdu gabe horrelako enpresa batean sartuta, ezin naiz kexatu.
Zenbat autobus egiten dituzue egunean?
Une honetan sei egunean. Hasi nintzenean lau t’erdi egiten ziren eta zazpira ere igo izan gara. Horietatik lauri karrozeria lana egiten diegu eta bi osotasunean muntatzen ditugu. Hau da, motorraren muntaketaz ere gu arduratzen gara. %100ean gureak dira.
Gure erronka da Europa mailan hobeto posizionatzea. AEBetarako ere batzuk saltzen ari gara. Orain sartu gara. Lantegiak ditugu Marokon, Mexikon eta Brasilen. Salmenta osteko zerbitzua, berriz, Europa osoan ematen dugu.
Coach of the Year 2018 saria jaso du Irizarren aurten. Zer suposatzen du?
Europa mailan ematen den hoberena da. Urrian izan zen sari banaketa Belgikako Kortrijk hirian eta hara ere joateko zortea izan nuen. Antzeman dugu sariaren eragina.
Bidaiatzea tokatu zaizu?
Ez, nahikoa etxezuloa naiz gainera. Pare bat egunetarako ez zait axola baina batzuk joaten diren moduan bi edo hiru hilabetetarako…
Sarri aldatzen duzue autobus modeloa?
Ni nagoenetik bat atera dugu. Daukagu hirietakoa, %100 elektrikoa dena, i3 hirietakoa, i4 interurbanoa edo hiriartekoa, i6 bidaia luzexeagoak egiteko, i6s-a i6-aren “anaia berritua” eta i8-a luxuzko gamakoa. Azken hau oso luxu eta konfort handikoa da, futbol taldeek, txirrindulari taldeek… erosten dute. Gainera, guk asko pertsonalizatzen dugu autobusa, bezeroaren beharren arabera. Beste etxe batzuk esaten dizute zer daukaten eta kitto, hor bukatzen da. Guk eskatzen digutena ematen diegu.
Xelebrekeria edo bitxikeriarik eskatu ohi dute bezeroek?
Ez zait niri tokatu baina esaten dute Madonnaren biraren baterako egin zela bat. Futbolarienak bitxiak izaten dira. Txirrindularienak ere bai, zeren atzekaldean 10 bat besaulki eramaten dituzte, sukaldea, dutxa, mahai handi bat eta sofa…
Real Sociedad, Real Madrid, Athletic, Osasuna, Liverpool, Eibar, Betis, Sevilla… futbol talde batzuenak tokatu zaizkit. Baita txirrindulari talde pare bat ere Ag2r, CCC… Movistar eta Caja Rural-ekoak ere bertan eginak dira. Holakoek ilusioa berezi bat egiten dute.