MAIDER AMENABARRO: Lanbide Heziketako ikasle ohia

Lanbide Heziketatik unibertsitatera joaten direnak gehiago dira kontrako bidea egiten dutenak baino. Maider Amenabarrok lehendabizi arkitektura ikasi zuen EHU/UPVn eta gero Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko goi zikloa egin zuen Goierri Eskolan. Tartean Global Training bekari esker Holandan ibili zen lanean eta master bat ere atera zuen. Ez da denbora galtzen dutenetarikoa. 35 urteko amezketarra dugu Amenabarro. Gaur egun Belauntzako Cadinox galdaragintza enpresan ari da lanean.

“Niri Lanbide Heziketak lan merkatuan sartzeko aukera eman dit”

Ikasle ona izan al zara?

Batxilergoan hobea, unibertsitatean baino. Arkitekturan ez da hain erraza nota onak ateratzea.

Asko kosta zitzaizun Tolosako Orixen batxilergoa egin eta gero, zer ikasi erabakitzea?

Bai. Marrazketa gustukoa nuelako hartu nuen arkitektura, baina erabaki zaila da. 18 urterekin garbi ez badaukazu zer egin, aukera oso zabala da. Nik arkitektura egin arren, ez zitzaidan axola aldatzea aukeren arabera. Baina egia da ez dela erraza beste sektore batzuetan sartzea.

Zer gertatu zen arkitektura egin ondoren?

Nire garaian sei urte ziren arkitekturan. Erasmus tarteko, Italiara joan nintzen eta 2010ean bukatu nuen. Sekulako krisia zegoen bereziki eraikuntzan. Ez zegoen inolako lan aukerarik. Egoera ez zen batere ona eta ate guztiak itxita nituela aurkitu nintzen. Ez nekien nora jo. Azken urteetan lana besterik ez zen egin eta bat-batean burbuila lehertu eta hantxe harrapatu zigun askori.

Eta besoak gurutzatuta geratu beharrean, Lanbide Heziketara…

Gogorra izan zen. Ez nuen erabakia egun batetik bestera hartu. Eusko Jaurlaritzaren Global Training bekari esker Holandan egon nintzen praktika batzuk egiten baina han ere krisia nabarmena zen. Hizkuntza ere muga handia da. Ingelesarekin ondo moldatzen nintzen baina han geratzekotan holandarra ikasi beharra daukazu. Sei hilabete eman nituen Holandan eta jarraitu edo bueltatu erabaki behar nuen. Tartean master bat ere egin nuen. Baina epe motzera ez nuen hemen lan aukerarik ikusten eta Lanbide Heziketari heldu nion.

Ze master egin zenuen?

Proiektuen kudeaketari buruzkoa. Masterra egin nuen pentsatuz beste sektore batzuetako ateak irekiko zizkidala baina oinarri teknikoagoa behar nuen. Lan esperientzia ere falta nuen.

Curriculum asko bidali zenuen? Nola oroitzen duzu lan bila ibili zineneko garai hura?

Elkarrizketetara iristen ez nintzenaren sentipena nuen. Industrian sartu nahi nuen baina master batekin sartzea ondoan milaka ingeniari daudenean ez da erraza.

Holandako egonaldia, masterra… ostalaritzan ere aritu zinen. Esperientzia ona izan zen?

Ez zen nahi nuena baina bitarteko bat bezala ikusten nuen. Epe motzean lana behar nuen. Ez neukan alternatibarik. Gero Lanbide Heziketaren ideiari heldu nion bai enpresetatik eta bai lan merkatutik hurbilago ikusten nuelako. Errealistagoa.

Eta 2016an Goierri Eskolara…

Bai, arkitektura bukatu eta handik sei urtera. Egonkortasun bat nahi nuen eta arkitekturarekin lotura ikusten niolako hartu nuen Fabrikazio Mekanikoko Diseinua.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Ona. Jende gehiago ere bazegoen nire antzeko egoeran, unibertsitatetik bueltan zetorrena. Hezibi programaren bitartez, formakuntza duala jaso nuen. Praktiketan sartu nintzen Belauntzako Cadinox enpresan eta bertan jarraitzen dut lanean merkataritzako departamentuan. Lanbide Heziketak niri lan merkatuan sartzeko aukera eman dit.

Eta praktikak egiteko erraztasun guztiak izan nituen. Eskolak CV batzuk bidali zituen, elkarrizketak egin eta gero aukeraketa.

Egia da unibertsitatean beti ordenagailu aurrean egoten ginela eta Lanbide Heziketan bat-batean tailerreko lanetara pasatu nintzen. Aldaketa handia da baina arazorik gabe egokitu nintzen.

Orain Cadinoxen zein da zure lana?

Batik bat bezeroentzat eskaintzak prestatzea, kalkuluak-eta egitea. Oso pieza bereziak fabrikatzen ditugu. Gure merkatua Europan dago.

Zenbateraino da garrantzitsua lana zure bizitzan?

Inportantea da. Garatzeko, hazteko bidea ematen dizu.

Zer da lanean gehien baloratzen duzuna?

Faktore asko daude. Nik orain baloratzen dudana da bertako lan giroa eta enpresak ematen didan segurtasuna.

Ikasketak hautatu beharrean aurkitzen denari zer gomendatuko zenioke?

Ikusi behar du zer duen gustukoa eta ze itxaropen. Ni ez naiz arkitektura egiteaz damutzen baina lan merkatura berandu sartu naiz. Urte batzuk oso aberasgarriak izan ez direnaren sentsazioa badut. Eta bestalde, gustura nago horri buelta eman diodalako.

Edonola ere, nik nire esperientzia kontatzen dut. Ez du zertan berdina izan behar beti.

IMG_8878
IMG_8897
Gure Enbaxadoreak: Maider Amenabarro

Gure Enbaxadoreak atalaren ale berri bat. Eskerrik asko @maider.amenabarroirastorza bejondeizula!!!!

Publicada por Goierri Eskola en Lunes, 10 de diciembre de 2018

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?