ASMAMENAK ETA TALENTUAK EZ DUTE GENERORIK.

Maite Gonzalezek 22 urte ditu eta Mondragon Unibertsitateak Goierrin duen kanpusean Ingeniaritza Mekanikoa ari da ikasten. Miren Lopetegik 37 urte ditu eta duela urte batzuk egin zuen Maiteren ibilbidea Unibertsitate berean. Egun CAFen dago lanean. Ingeniaritza aukeratu dute biek eta esperientzia ezin hobea dela azaldu digute.

Aspalditik ingeniaritza sexu maskulinoarekin lotuta egon da, baina, asmamena, zerbait maskulinoa al da soilik? Ez al dute emakumeek asmatzeko gaitasunik edo talenturik? Azken urteetan ingeniaritzako ikasketetan emakumeen presentzia normalizatzen joan bada ere, oraindik orain badira gainditu beharrezko estereotipoak gure gizartean. Iazko udan, ekainaren 23an, Emakume Ingeniarien Egunean, Espainiako Industria Ingeniaritza Teknikoaren Kontseilu Nagusiak (COGITI) matrikulazioen inguruko datu batzuk eman zituen jakitera eta azken hamar urteetan emakumeen matrikulazioa %6 igo dela nabarmendu zuen. Hala ere, emakumeen presentzia Ingeniaritzaren esparruan  Lehen Mundu Gerratik edo ziurrenik lehenagotik ere badator. Emakume Ingeniarien Eguna ospatzeko ekimena, berriz, 2014ko ekainaren 23an jaio zen, Erresuma Batuan, Women ‘s Engineering Society (WES) elkartearen eskutik. Helburua emakumeak ingeniaritzaren munduan sartzea eta emakumeen presentzia ikusaraztea zen, baita eremu horretan genero-berdintasuna lortzeko helburuak ezartzea ere. Gaur egun ere premisa eta aldarrikapen berberekin gogoratzen da eguna, oraindik ez baitira helburu horiek lortu.

Gauzek nola funtzionatzen duten ulertu, aldatu eta hobetu

Gaur egun, neska askok ingeniaritzarekiko, teknologiekiko eta STEM karrerekiko interesa galtzen dute nerabezarora iristean. Interes-galera hori kultura-oztopoei lotuta dago batez ere; izan ere, oztopo horiek areagotu egiten dira ikasketa zailak edo gizonezkoen presentzia handiagoa dutenak aukeratzeko orduan sortzen den segurtasun ezagatik. Gainera, Historian emakume ingeniari aipagarri asko egon badira ere, gehienek ez dute behar besteko aitorpenik jaso. Bi adibide jartzearren, Edith Clarken ezagutzari esker, gaur egun itzalaldirik gabeko elektrizitateaz goza dezakegu eta Hedy Lamarr, aktore eta ingeniariak egungo GPS, Wifi eta Bluetooth-a asmatzeko ekarpen garrantzitsua egin zuen. Emakumeek ingeniaritzari balorea eskaintzen diotela duela 100 urte baino gehiago badira, nahiz eta behar adina ez den ezagutarazi edo orain dela gutxi hasi diren, adibidez, euren izenak eskoletan ikasten. Emakume hauek gauzek nola funtzionatzen duten ulertzea, aldatzea eta hobetzea bilatu zuten. Gure bi ondoko protagonistek ere astindu hori sentitu zuten euren barruan.

"Neska izanda, Ingeniaritza Mekanikoa ikasi behar duzu?”. Neu ere harritu ninduen galderak. Zergatik ez ba?"

Aniztasuna, etorkizuna hobetzeko

Maite Gonzalezek 22 urte ditu eta Beasaingoa da. Bere adineko neska askok “Biologia edo horrelako ikasketak” aukeratzen omen dituzte behin batxilerra amaituta. Berak, ordea, Ingeniaritza Mekanikoa aukeratu zuen eta gustura dabil Mondragon Unibertsitateak Goierrin duen kanpusean ikasten. Miren Lopetegi ere Beasaingoa da baina egun Ordizian bizi da eta 37 urte ditu. Duela urte batzuk egin zuen Maiteren ibilbidea Goierriko kanpusean ere eta egun CAFen dabil lanean. Oraindik orain emakume batek ingeniaritza ikasi nahi duela esatean ea jendeak harridura azaltzen duen galdetzean ondokoa dio Maitek: “Nire ustez geroz eta gutxiago. Egia esan, orain normalagoa da gauza ezberdinak aukeratzea, jasotako hezkuntzari esker. Nire ustez aniztasuna egokia da, etorkizuna hobetzen duelako”.  Miren iritzi berekoa da: “Niri ere hala iruditzen zait. Eta…, zergatik ez? Urte mordoska badira ikasi nuela eta bere garaian ez nuen inongo oztoporik izan. Nire inguruko guztiek normal hartu zuten nire erabakia. Pertsona bakar batek egin zidan horrelako komentarioa: “Neska izanda, Ingeniaritza Mekanikoa ikasi behar duzu?”. Neu ere harritu ninduen. Zergatik ez ba?”.

Inguruko industrian lan egiteko aukera

Ikasketa hauek zergatik aukeratu zituzten galdetzean, Maitek argi du erantzuna:  “Gehienbat Ingeniaritza Mekanikoa gustuko nuelako. Kontuan izanda, gainera, zer nolako industria dagoen inguru honetan, lan munduan sartzeko aukera ona zela iruditu zitzaidan”. Mirenek, aldiz, ez zuen batere garbi: “Zalantza asko nituen eta Ingeniaritza Mekanikoarekin ikusten nuen ate asko irekitzen zizkidala. Bai lan egiteko, ikerkuntzan, irakaskuntzan… eta Maitek azaldu bezala, bizi garen lekuan biziz, irtenbide aldetik ere aukera asko daudelako”. Hala ere, hasiera gogorra izan zela azaldu du 22 urteko ikasleak: “Batxilergoaren eta Unibertsitatearen arteko aldaketa nahiko zaila izan zen. Gero, pixkanaka, ikasketak eta kontzeptu berriak ikasten joan nintzen heinean ulertu nuen mekanikak nola funtzionatzen zuen eta interesgarriagoak iruditzen zitzaizkidan aukeratutako ikasketak. Zentzu gehiago hartzen nion karrera honek eskaintzen zituen aukerei. Orain, pixkanaka, praktiketan sartuta ikusten dut hori. Ez bakarrik gaitasun teknikoak, baita transbertsalak edo zeharkakoak diren kontzeptuak ere”.

EmakumeetaIngeniariak2
Maite
Miren

Goierriko kanpusean, gertutasuna nagusi

Mirenek, denbora asko pasa den arren “oso oroitzapen onak” dituela azaldu du. “Egia da lehen urtean aldaketa potentea izaten dela, baina, Goierriko kanpusean taldeak ez dira oso handiak izaten eta irakasleekin sortzen den harremana oso gertukoa da. Halako babes bat sentitzen duzu eta hori asko eskertzen da. Izenez ezagutzea, zalantzak dauzkazunean lasai galdetu ahal izatea…”, nabarmendu du CAFeko ingeniariak. Ikasle ohiak Ingeniaritza tekniko mekanikoa ikasi eta bide honen azken partea, proiektua Coloradon (Ameriketako Estatu Batuak) egin zuen, Goierriko Fundazioko beka bati esker. Jarraian, Arrasatera joan zen Goi Mailako Industria Antolakuntza ikastera. “Gero lanean hasi nintzen. Lehenengo Oronan egon nintzen boladatxo bat eta jarraian, CAFera joan nintzen”, adierazi du.

Zer ikasi zalantzan dagoenari, gomendatuko liekete Ingeniaritza ikastea. “Irteera asko eskaintzen dizkizu eta ez zara gauza bakarrean zentratzen. Gauza ezberdinak egiteko aukera eskaintzen dizu eta hori oso gustuko dut. Bakoitzaren gustura egokitzeko aukera dago, gainera”, azaldu dute biek. Halaber, Mondragon Unibertsitateak hemengo enpresekin harreman oso onak dituela gaineratu dute biek eta normalean jende gehienak lan bat aurkitzeko aukera “oso erraz” izaten duela. “Azkenean, ikasten zauden urteetan, metodologia berriei esker, teoria eta praktikaren arteko oreka hori oso egokia izaten da. Beste leku batzuetan hori ez da asko eskaintzen. Oso berria eta interesgarria iruditzen zait”, gaineratu du Goierriko kanpuseko egungo ikasleak.

Eta zuk, ingeniaria izan nahi duzu? Zatoz gu ezagutzera, ez zara damutuko!

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?