LAIDA ETXEBERRIA: Batxilergoko ikasle ohia

Laida Etxeberriak 21 urte ditu eta medikuntzako laugarren urtea  egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Hiru urte Bilboko campusean egin ostean, orain Basurtuko Unibertsitate Ospitalean dabil.  Ikasgai  teorikoak eta praktika lantzen dituzte bertan. Sakanakoa, Bakaiku herrikoa jaiotzez, batxilergo zientifikoa Goierri Eskolan egin zuen. Oroitzapenez, pasadizoez , irakasleez eta beste hainbat kontutaz aritu zaigu Etxeberria.

“Iñaki Muruak, filosofia eta euskarako irakasleak, atera zidan barruan neraman idazteko grina”

 

Zein da orain arte egin duzu ikasketa ibilbidea Laida?

Etxarri Aranatzko Andra Mari ikastolan hasi nintzen umetan, Goierri Eskolara etorri nintzen arte batxilergo zientifikoa egitera, modalitate biosanitarioa aukeratu nuen. Eta behin selektibitatea eginda, Bilbora joan nintzen Euskal Herriko Unibertsitatera medikuntza egitera.

Baina orain campusa utzi eta Basurtoko ospitalean zabiltza, ezta?

Bai, lehenengo zikloa egindakoan aukera ematen dute Donostiako,  Gasteizko  eta Bilboko ospitaleetako irakasguneen artean aukeratzeko teoria eta praktika landuz eta nik Basurtora joatea erabaki nuen eta hantxe nabil.

Zergatik egin zenuen medikuntzaren aldeko apustua?

Egia esan, batxilergoa bukatutakoan ez neukan batere argi zer nahi nuen egin. Uste dut jende gehienari gertatzen zaiola. Banekien biozientzietatik joango nintzela, baina farmazia, biologia, bioteknologia, medikuntza… horien artean zer hartu ez nuen garbi ikusten. Azkenean medikuntza egitea erabaki nuen. Orduan ez nekien gustatuko zitzaidanik baina urteak aurrera joan dira eta orain oso gustora nago.

Aukera asko ematen du?

Bai, oso zabala da. Ikerketa arlotik sar zaitezke, kirurgia hartu, familiako medikuntza edota egon zaitezke baita ere pazienteak ikusi ere egin gabe erradiologian. Oraintxe bertan ez dakit zer egingo dudan. Dakidana da kirurgia ez dudala hartuko, nahiago dut gaixoekin kontaktua.

Unibertsitatean zer ikasi erabaki ezinik egon zinenean, Goierri Eskolatik lagundu zizuten?

Bai, asko. Baina zaila da horrelako erabaki bat hartzea. Baliabide guztiak eman zizkidaten, baina azkenean erabakia zuk hartu behar duzu eta zaila da jakitea benetan zer nahi duzun.

Sakanatik Goierrira 20 minutuko ibilbidea dago, baina bailaraz aldatu behar denez gehiago dirudi. Zergatik etorri zinen Goierrira batxilergoa egitera?

Gehien bat giroz aldatzeagatik eta jende berria ezagutzeagatik. Altsasun ere banuen aukera baina Goierrira etorri nintzen. Eta ordutik lagun asko ditut hemen eta harremana mantentzen dut. Urte hartan dezente etorri ginen.

Nolako esperientzia izan zen?

Oso ona. Oso etxekoa. Umetan ikastolan beti etxean bezala sentitu izan nintzen eta Goierri Eskolan ere berdin. Gertukoa izatea nahi nuen eta halaxe izan zen. Zalantza bat baldin bazeneukan, irakasleak zurekin geratzen ziren arratsaldean, detaile txikietan antzematen da.

Eta formakuntza aldetik?

Ez dut inongo hutsunerik ikusi. Karrera egiteko maila bat behar duzu eta nik uste dut ondo prestatuta atera nintzela. Nik, batik bat, biologia behar nuen karrerarako. Orain ikusi dut aldaketa batzuk egin dituztela Goierri Eskolan eta anatomia ere sartu dutela eta hori oso ondo dago. Nire garaian ez zegoen baina ikasketa prozesua oso dinamikoa zen, proiektu asko egiten genituen. Oso oroitzapen onak ditut.

Adibidez?

Esloveniara egindako elkartrukea. Talde bat joan ginen eta oso emankorra izan zen.

Eta irakasleez, zer datorkizu burura?

Euskara eta filosofiako irakasleak, Iñaki Muruak, asko idatziarazten eta pentsarazten zigun. Eta ordu ezkeroztik daukat idazteko ohitura. Baneukan hor abilidade bat pentsatzen ez nuena. Lehiaketa batzuetara ere aurkeztu nintzen. Hark, Muruak, atera zidan idazteko gogo eta gaitasun hori Banuen zerbait barruan baina ez nuen grin hori ikusi ordura arte.

Bestalde, gainontzeko irakasleekin, oso harreman estua izan genuen eta oraindik ere, batzuekin mantentzen dugu.

Batxilergo modalitate bat edo beste bat  egiteak zenbateraino lagundu dezake gero?

Badu eragina. Medikuntza ikasteko, adibidez, biologian oinarri bat behar duzu. Lehenengo urtea oso zientifikoa da, biologia, biokimika… sakontzen zoazen heinean, espezializatzen joaten zara baina lehenengo urtea oso da oinarrizkoa. Behar duzu biologia.

Nola ikusten duzu lan mundua?

Behin medikuntza ikasita, uste dut izango dudala lana. Sei urteko ikasketak dira, asko dira, baina beste edozein karreratan ere, magisteritza adibidez, lau urte dira, baina gero egin beharko duzu master bat, gero oposaketak, gero ingelesa… azkenean, nik badakit seigarren urtean MIR azterketa egingo dudala eta plaza bat izango dudala, ez plaza finkoa, baina lan munduan sartuko naiz.  Egia da gogorra dela eta neure buruari askotan galdetzen diot: gai izan naiz honaino iristeko? Ba, bai. Orain lehenengo mailan ikasten nuena ez zait ezer iruditzen. Prozesua DBHn hasi, batxilergoan jarraitu eta unibertsitatean amaitzen da. Nahiz eta askotan aldapa gogorra izan, bagoaz igotzen.

Eta medikuntzatik kanpo, orokorrean lagun artean-eta, nola ikusten duzu egoera?

Nahiko zaila. Karrera amaitutako lagun dezente ditut eta gehienak urtebete daramate lanik aurkitu gabe: ingelesa ikasten, masterren bat egiten. Baina ingelesaz gain, enpresek lan esperientzia eskatzen dute eta esperientzia hori izateko ez dute aukerarik ematen. Guk MIR azterketa egin eta lan esperientzia izango dugu behintzat.

Gaixoekin lan egiteko, beharbada gaitasun emozionala beharrezkoagoa da, ezta?

Bai. Moldatzen jakin behar duzu. Beste ezer baino lehen pertsona izan behar zara eta pertsonekin lan egin behar duzu.  Ez da karrera erraza baina bere fruituak ematen ditu. Egiten duzun esfortzuak bueltan asko ematen du. Irribarre batez “mila esker” esaten didaten bakoitzean, lanbide egokia topatu dudala pentsatzen dut.

Baikorra zara?

Bai. Izan behar da.

Laida_Etxeberria1
Gure Enbaxadoreak: Laida Etxeberria

Batxilergoko ikasle ohia

Publicada por Goierri Eskola en Jueves, 19 de abril de 2018
Laida_Etxeberria2

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?