AINHOA BARANDIARAN: Goi Mailako Lanbide Heziketako ikasle ohia
Batxilergoa amaitu eta ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Ainhoa Barandiaranek (1990 – Amasa-Villabona). Urte bete aritu zen komunikabide batean, baina kontratua amaitu eta langabezian zegoela Orklin lanean hasteko aukera izan zuen. Mundu hori gustatu eta modulu bat ikastea erabaki zuen. Hala iritsi zen Goierri Eskolara. Automatizazioa eta Robotika Industriala goi mailako zikloa ikasi zuen.
“Ikasketa prozesua etorkizunera edo lanera begira bideratuta dago Goierri Eskolan”
Ikus-entzuneko komunikaziotik automatizaziora eta robotika industrialera.
Mundu hori ezagutzeko aukera izan nuen Orklin, eta gustatu egin zitzaidan, makina bat zuk kontrolatzea, makinak zu kontrolatu beharrean. Aldi berean, hori egin ahal izatea izugarrizko abilidadea iruditzen zitzaidan. Lehen aldiz Orklin aritu nintzenean urte bete egin nuen, eta orduan erabaki nuen modulu bat egitea, kazetaritza alorrean halako aukera aniztasunik ez nuelako ikusten.
Salto handia dago mundu batetik bestera, ala?
Aurrez egin nituen ikasketekin zer ikusirik ez zuen, eta aldea handia zen. Egia esan behar bada, nagi pixka batekin hasi nintzen, batez ere bertigoa ematen zidalako, 24-25 urterekin berriz ikasten hastea, bi urte, nahiz eta berehala pasatzen diren. Horri, gainera, berriz ere 18 urteko nerabeekin elkartu behar izateko pentsamendu hori gehitu behar zitzaion.
Zein balorazio egiten duzu orain?
Oso ona. Egia da oso alor ezberdinak direla, baina bietan ikasi dut zerbait eta bietatik atera dut zerbait aberasgarria.
Zergatik aukeratu zenuen Goierri Eskola?
Agian mito bat da, baina Goierrin enpresa asko daude eta gero lanerako ere aukera gehiago egon zitekeela pentsatu nuen. Modulua egiten 24 urterekin hasi nintzen, eta amaitu 26rekin; estabilitate ekonomiko bat ere bilatzen nuen ordurako, ordura arte ia beti ikasten aritu nintzelako. Goierrin aukera gehiago zeudela esaten zidaten, eta hala eman nuen saltoa. Egia esan, Goierrik fama handia dauka, ikasketak oso sakonak direlako. Eta hori ere izan zen beste arrazoi bat Goierri Eskola aukeratzeko.
Goierrik “fama” handia duela aipatu duzu. Hala dela pentsatzen duzu?
Goierri eskolak beti izan du fama, eta fama zerbaitegatik edukitzen da. Eta, bai, esaten dena bete egiten da. Goierriko ikasketa prozesua oso aberasgarria izan zen. Beti esan izan ohi da modulu edo goi mailako ziklo bat karrera bat baino arinagoa izaten dela. Baina niri, karrera baino gogorragoa egin zitzaidan zikloa. Gogorragoa gai zerrenda aldetik. Exigentzia maila aldetik. Karreran gehiago zara zenbaki bat, eta bakoitzaren izaeraren arabera garatzen zara. Irakasleak ez daude horren arduratuta zuk ikasiko duzun edo ez, edo lan mundura nola bideratuko zaren. Karreran gai zerrenda bat ematen dizute, eta azterketa bat dago, hor jokatzen da guztia. Goierrin, aldiz, asko prestatzen zaituzte lanerako.
Nolakoa izaten da prestakuntza hori?
Ohiko eskolez gain, bi proiektu egiten dira, bat lehenengo mailan eta bestea bigarren mailan. Guri esaten ziguten: hau daukazu eta moldatu. Irakasleei galdetzen bagenien ere, ez ziguten erraztasunik ematen. Gu moldatu behar izaten ginen. Eta lan munduan ere hala da. Horregatik esaten dut gogorragoa dela exigentzia maila aldetik. Baina gero, asko eskertzen da, nahiz eta beste alor batzuk jorratu, lan egiteko moduan asko ikasten delako.
Esan daiteke bi bide daudela. Batetik oso harreman pertsonalizatua eskaintzen da, baina bakoitzaren abileziak garatzeko gaitasunak lantzen ere laguntzen dute. Lanean erakusten dizute, edozein alorretan. Ez dizute elektrizista izaten erakusten, baizik eta lanean nola jokatu behar duzun. Ikasketa prozesua etorkizunera edo lanera begira ere bideratuta dago.
Zein proiektu garatu zenuen?
Guk egin genuen proiektua oso aberasgarria izan zen. Hiru edo lau ardatzetako laser makina bat zen, pantaila bati eta robot bati konektatuta zegoen. Pantailan aukeratzen zen zein marrazki nahi zenuen, robotak hartzen zuen materiala, eta laser makinak berak egiten zuen lana. Pieza hartu eta paketeetan sartzera eramaten zen. Buruko min asko eman zizkigun proiektu hark, baina oso aberasgarria izan zen. Asko ikasi genuen. Momentu txarrak ere izan genituen, baina bizitzan ere ahal izaten da, eta lan mundura salto egiteko ere oso aberasgarria izan zen.
Gaur egun zein lanetan ari zara?
Gaur egun Gureak enpresan ari naiz lanean. Goierri Eskolan Hezibi (gaur egungo DUALa) proiektuan parte hartzeko aukera eman zidaten. Urte batez goizean lanera joaten nintzen Orklira eta arratsaldez ikasi egiten nuen. Proiektua ere egin genuen. Ikasketak amaituta beste urte bat egin nuen senide modura Orklin, eta tarte horretan jakin nuen Gureak-en mugimendu handia zegoela, eta hala hasi nintzen bertan.
Ikasten eta lanean aldi berean aritu zinen, beraz. Nolako esperientzia izan zen?
Ikasketak eta lana uztartzea gogorra da, baina, aldi berean, asko ikasten da. Ni oso gustura aritu nintzen. Gainera, gomendatu ere egiten dut halako esperientzia bat bizitzea. Ondorio guztiekin, baina oso aberasgarria da, oso lotua izan arren. Egia da nire kasuan proiektua egiten nuen laguna ere Orklin ari zela lanean, nire egoera berdinean, eta ondo moldatu ginen, proiektua ere eskolen ondoren egiten genuelako, 21:00ak arte, Goierri itxi arte.
Zertan lan egiten duzu orain Gureak enpresan?
Gaur egun Gureak-en beste mundu batean ari naiz lanean. Komertzial gisa ari naiz. Gureak Industrial alorrean aritzen naiz, automozio sekzioan. Kotxeetako fokoen kableak egiten ditugu, eta horiek eskaintzen aritzen naiz. Niri eskema elektrikoak iristen zaizkit, eta eskema horietatik abiatuz egiten ditut eskaintzak. Planoak hartu, interpretatu eta eskaintzak egin. Oso gustura nago, bezeroekin ere interakzio handia izaten dudalako. Hizkuntza ezberdinak praktikatzeko aukera ere badut… oso aberasgarria ari da izaten.
Goierri Eskola aholkatuko zenioke zer ikasi zalantzan dagoen bati?
Dudarik gabe! Mitoak alde batera uzteko ere esango nieke. Garai batean zegoen ikuskeragatik, ikasteko balio zuenak unibertsitatera joan behar zuen, eta ikasteko balio ez zuenak ziklo bat egitera. Eta nik jendeari esan nahi diot hori ez dela horrela. Are gehiago, gaur egun, ingeniaritza bat egiteko zalantza duenari esango nioke lehenengo ziklo bat ikasteko eta gero, gogoa izanez gero, unibertsitatera joateko.
Ikuskera hori aldatu dela uste duzu?
Lanbide heziketa ere balioan jarri behar da, eta duen garrantzia eman behar zaio. Ez dizute erakusten bi marrazki egiten, eta lanera. Hori baino askoz ere gehiago da. Ikasketa prozesu bat jartzen dute zure eskura, bai gai aldetik eta baita lanerako eta bizitzarako ere. Nik, alde horretatik, balore aldetik, gehiago ikasi nuen hemen, Goierrin, formakuntzan, unibertsitatean baino. Agian adinak ere izango zuen zer ikusirik, baina, lanbide heziketa ez da, inola ere, maila baxuagoko zerbait.
Letretatik mundu industrialera egin zenuen salto. Gizartean badago aurreiritzi bat edo topiko bat, ez direla uztargarriak esaten duena. Zer iritzi duzu zuk?
Inoiz ezin duzu jakin non eta zertan buka dezakezun, edo zer gerta dakizuken, beraz, alor ezberdinak probatzea oso aberasgarria izan daiteke. Gainera, zergatik ezin zaizkizu letrak gustatu eta aldi berean elektrizitatea edo elektronika? Nik uste dut uztargarriak izan daitezkeela; bi kirol ezberdin gustatzea bezala izan daiteke. Uste dut oso itxita gaudela, letrak badira beti letrak landu behar dituzu, eta alderantziz. Baina ez du zertan hala izan. Mediku bat oso letra zalea ere izan liteke, zergatik ez?
Eta emakume bezala, nola ikusten duzu emakumeek industria alorrean duten presentzia?
Lehenik eta behin esan nahi dut lanbide heziketa publiko guztietara bideratuta dagoela. Emakume gutxi dago, bai. Ni, adibidez, bakarra nintzen gelan. Baina zer ikasi behar den ez da sexuaren araberako aukeraketa bat izan behar, baizik eta zure gustuen eta izateko moduaren arabera.
Hari da aldatzen, eta egia da mekanizazio alorrean aldaketa handiagoa eman dela, emakume gehiago sartu dela alor horretan; elektrizitatean nik uste gutxi gaudela, baina ez dakit zergatik. Hori gustuaren araberako zerbait da eta lanbideak pertsona guztietara daude egokituta.
Nik oso esperientzia ona bizi izan dut Goierri Eskolan, eta gaur egun moduluagatik nago nagoen tokian.