RAQUEL DE OLIVEIRA: Lanbide Heziketako ikasle ohia

Mugitua da Raquel de Oliveira ordiziarra. Nahi duen hura bilatzen eta lortzen saiatzen den horietakoa. Lehen eta orain. DBHn aspertu egiten zen  ikasgelan eta Goierri Eskolara etorri zen sukaldaritza ikastera. Bertan, bere tokia aurkitu omen zuen. Sukaldaritzako  titulua eskuratuta, Erdi Mailako zikloa egitea erabaki zuen. Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko teknikari ikasketak burutu zituen. Gaur  egun, Segurako nagusien  egoitzan ari da lanean. Eta ikasten jarraitzen du.

“Ikasi gabe ez zoaz inora”

Zertan zabiltza oraintxe bertan?

Lanbide Heziketako goi mailako ziklo bat egiten ari naiz Hernanin: Animazio soziokulturala. Eta aldi berean, Segurako egoitzan egiten dut lan laguntzaile gisa eta oso gustura nago.

Baina Lanbide Heziketa aspaldi ezagutu zenuen. Nola iritsi zinen Goierri Eskolara?

Ordizian Urdaneta eskolan ibili nintzen eta handik institutura pasa nintzen baina DBHn, 3. mailan, utzi eta Goierri Eskolara etortzea erabaki nuen sukaldaritza ikastera. Hala, DBHko titulua Goierri Eskolan lortu nuen.

Zer gertatu zitzaizun DBHn ikasketak aldatzeko?

Alferra nintzen. Ez zen besterik. Aspertu egiten nintzen gelan eta ez nuen gustuko sei ordu ikasten egotea. Oso mugitua naiz eta zeharo aspertzen nintzenez, irakasleei ez nien jaramonik egiten. Oianguren institutuan Goierri Eskolan sukaldaritza ikasteko aukera nuela esan zidaten eta animatu egin nintzen. Garai hartan nik Goierri Eskola ezagutzen nuen baina ez nekien zehazki ze eskaintza zuen.

Asko kosta zitzaizun erabakia hartzea?

Ez. 16 urte nituen eta ikasturte bat errepikatu egin nuen gainera. Ez nuen nire burua zentratuta ikusten. Ikasle txarra izan naiz…

Eta institutuan ez zenuen zure tokia aurkitu. Goierri Eskolan bai?

Bai. Egia da ikasgai batzuk besteak baino gehiago gustatzen zitzaizkidala, matematika eta ingelesa esaterako. Baina sukaldaritza ikasten hasi nintzenean askoz ere gusturago sentitu nintzen. Talde txikia zen eta gure artean konfiantza sortu zen, giro polita. Oinarrizko Lanbide Heziketan ikasgaiak oso gainetik ematen genituen. Nik arrautza bat frijitzen ez nekien eta sukaldean aritzea ez zait gustatzen gehiegi, baina zerbait berria ikasteko balio izan zidan. Bizitzarako oinarri bat hartu nuen.

Ez zara damutu?

Ez. Burbuila batean nengoen, blokeatuta, eta Goierri Eskolan pentsatu nuen gauzak beste modu batera hartzea eta egitea. Irakasleak gainean zeuden eta motibatu egiten gintuzten. Oso irakasle onak izan nituen, bizitzan izan ditudan irakaslerik onenak hemen, Goierri Eskolan izan ditut, eta oso oroitzapen onak geratu zaizkit.

Sukaldaritza bukatuta, mendekotasun egoeran daudenei arreta emateko zikloari heldu zenion…  Nolatan?

Idoia Otaegi irakasleak –niretzat maitagarria- komentatu zidan eskaintza berri bat martxan jartzear zela. Ni nire bizitzarekin zer egin ez nekiela nengoen. 18 urte nituen eta jendearekin lan egitea gustatzen zait. Jendea gustatzen zait eta lanerako, gehiago. Beraz, hasi egin nintzen. Hasieran beldurtu egin nintzen baina  Idoiak lagunduta, jarraitu egin nuen eta oso gustura amaitu nuen. Eta bukatutakoan Lisboara joan nintzen praktikak egitera.

Nola suertatu zitzaizun aukera?

Gurasoak portugaldarrak ditut eta han bizi dut amona. Nik portugesa ulertu ulertzen nuen baina hitz egin, ez. Erasmus programaren bitartez, ea Lisboara joateko aukerarik ba ote nuen galdetu nuen eskolan eta baiezkoa eman zidaten. Hiru hilabete eraman nituen hango egoitza batean lanean. Oso esperientzia aberasgarria izan zen. Zaldibiko lagun batekin joan nintzen eta harekin partekatzen nuen pisua. Aurretik beti oporretara joan izan nintzen eta lanera joateak beste ikuspegi bat eman zidan.

Eta amona pozik…

Oso. Astero joaten nintzaion bisitan.

Lisboatik  bueltan, nola jarraitu zuen zure lan abenturak?

Goi mailako ziklo bat hasi nuen, Integrazio Soziala. Baina ez zitzaidan gustatu, bi hilabete egin eta utzi egin nuen. Lan bila hasi nintzen eta supermerkatuetan, tabernetan… aritu nintzen lanean Segurako San Juan egoitzatik deitu zidaten arte. Idoia Otaegik esan zidan jende bila zebiltzala eta curriculuma bidaltzeko. Iazko apirilean hasi nintzen eta han jarraitzen dut lanean. Gustura nago oso ze etxeko gazteena naiz eta haize berria, bertako egoiliarrentzat.

Egia da apur bat nekatuta nagoela zeren goizetan eskolara joaten naiz eta arratsaldetan lanera. Gainera, egoitzako lana oso fisikoa da.

Fisikoa eta psikologikoa, ezta?

Baita. Hala ere, asko ematen didate aiton-amonek. Sarritan etxeratu eta pentsatzen dut: “begira iezaiozu, oheratu aurretik musu bat emateko eskatu dit”. Musu bat ez diozu edozeini eskatzen. Pertsonon bizitzako azken fasea alaiagoa eta errazagoa egitea ba, garrantzitsua eta polita da niretzat.

Beti haur hezkuntza ikasi nahi izan dut baina orain pentsatzen dut arazoak dituzten umeekin lan egitea, adibidez, gogorregia suertatuko litzaidakeela. Zahartzaroak dakartzan desabantailak ulertzea errazagoa da, bizitzako ziklo bat delako.

Balore kontu bat da aiton-amonei bizitza alaitzen saiatzea…

Pazientzia eta energia behar dira. Pazientziarik ez duenak, ez du jasaten.

Aurrera begira zure burua non ikusten duzu?

Animazio soziokulturalaren baitan, ea ze aukera sortzen diren. Antzerki mundua ere gustatzen zait.

Gaur egun esaten da ikasteari, berritzeari, ezin zaiola utzi. Zu horretan eredu zaitugu.

Saiatzen naiz. Batzuetan pixkatxo bat galduta ikusten naiz baina aurrera goaz, pentsatzen dut. Gauza asko ikasi nahi ditut, beti nago zerbait egin nahian.

Beti eroso egoten saiatu naiz, nahi nuen hura bilatzen eta dudana ez badut gustukoa, aldatu egiten dut.

Izaera aktiboa duzu.

Amarengandik datorkit. Beti esan izan digu ikasteko eta geure gauzak geuk egiteko, inori eskatu gabe. Anai arrebak eta ni langileak gara. Etxean hori irakatsi digute eta horretan zortea izan dugu. Beti amaren gonapean ezin da egon.

Zer gomendatuko zenieke zu  DBHn sentitzen zinen bezala daudenei?

Ikasteko. Ikasi gabe ez doazela inora esango nieke. Lanbide Heziketa ikasita, gainera, lana badago nik ikusten dudanaren arabera. Gu etxean sei anai-arreba gara, seiok Lanbide Heziketako ikasketak ditugu eta denok ari gara lanean. Hiru gazteenak Goierri Eskolan ibiliak gara sukaldaritza ikasten. Bertako kafetegian ere egin nuen lan.

IMG_4182 slide
IMG_4153 slide
Gure Enbaxadoreak: Raquel de Oliveira

Gure Enbaxadoreak berriz ere gurean... oraingoan Raquel de Oliveiraren bizipenak. Benetan pozgarria zure berri izatea Raquel. Zorionak eta eskerrik asko benetan!!!!

Publicada por Goierri Eskola en Jueves, 17 de enero de 2019

©2024 GOIERRI ESKOLA. 

Contacto

Lehenbailehen erantzuten saiatuko gara - Procuraremos responder lo antes posible

Sending

Log in with your credentials

Forgot your details?