TARIK HASSAD: Lanbide Heziketako ikasle ohia
Marokoko Settat herrian jaioa da Tarik Hassad, Casablanca ondoan. Sei urterekin etorri zen Euskal Herrira familiarekin. Orain 20 ditu. Ez da izan guraso eta irakasleek eredutzat jarri ohi duten ikaslea.
Urteek ematen duten heldutasunetik atzera begiratzen duenean, damua jabetzen da beregan, batez ere, gurasoei sufriarazi zienagatik. Alabaina, Goierri Eskolan egoerari buelta ematen jakin zuen. Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasketak egin zituen, Kotxeen Elektromekanika, alegia. Olaberriako moto tailer batean egiten du lan, baina ahalko balu ikasketekin jarraituko omen luke.
“Nire gomendioa da ikastea eta burua jartzea ikasi nahi duzun horretan”
Maroko utzi eta Euskal Herrira, Beasainera. Nola gogoratzen dituzu zure haurtzaroko eskola garaiak?
Beasaingo Murumendi eskolan hasi nintzen. Urte eta piku pasa ostean, Idiazabalera aldatu ginen. Aita Iparragirre Herri Eskolan ibili nintzen eta handik berriro, Beasaingo Loinazpera DBH egitera. Baina ez zitzaidan batera gustatu hura.
Nik mekanika egin nahi nuen. Lagunak nituen Goierri Eskolan eta garbi neukan. Azkenean, Loinazpetik bota egin ninduten.
Eta hori? Zer gertatu zen?
Bazterrak nahasteagatik izan zen, istiluak sortzen nituelako. Bizpahiru urte eman nituen Loinazpen. DBH1 errepikatu egin nuen, gero DBH2 ere errepikatu nuen eta Goierri Eskolara jo nuen, baina 16 urte bete gabe nituenez, artean ezin ninduten Goierri Eskolan hartu. Kalean ere ezin nintzen geratu legeak eskolan egon behar nuela esaten zuelako, beraz Loinazpen DBH3 egin eta azkenean lortu nuen Goierri Eskolara etortzea.
Zer dela eta jarrera hura?
Hona etorri nahi nuelako izan zen dena. Eskolatik botatzea nahi nuen eta pentsatzen nuen jarrera oso txarra izaten banuen, lortuko nuela. Bestela, fin ibiliko nintzatekeen. Orduan ez nekiena da 16 urte behar zirela Goierri Eskolan sartzeko.
Hizkuntza jakin gabe, nola moldatu zinen lehen urte haietan?
Murumendin euskara gutxi ikasi nuen. Gazteleraz hitz egiten zuten nirekin. Ez dut oso ondo gogoan. Egia da gogorra izan zela. Irakasle bat jarri ziguten anaiari eta niri arabieraz, gaztelaniaz eta euskaraz zekiena. Hark lagundu zigun, bai. Gurekin egoten zen ikasgelan. Idiazabalen hobeto moldatu nintzen. Lagunak azkar egin nituen. Marrazki, keinu eta abarrekin, denak saiatzen ziren esan nahi zuten hura ulertarazten niri.
Gazteleraz oso gaizki egiten dut.
Jarrera aipatu duzu. Noiz hasi zen zure aldaketa?
Goierri Eskolan hasi nintzen aldatzen. Ikasturtea errepikatu egin nuen baina hurrengoan derrigorrez gainditu beharra neukan jarraitu ahal izateko. Bestela, kanpora nindoan. Gurasoekin bilera egin zuten irakasleek, ikusi nuen zer gerta zitekeen eta orduan aldatu nuen txipa. Nahiago nuen ezer gabe geratu baino urtebetez esfortzua egin eta zerbait bilatzeko aukera izatea, denbora alferrik galdu beharrean.
Irakasleen babesa izan zenuen?
Irakasleek asko lagundu zidaten. Ikusi zutenean jarrera aldatu nuela asko animatu eta motibatu ninduten. Gurasoekin ere biltzen ziren eta gainean zeuden oso.
Hasieran, Goierri Eskolan hanka sartu nuen berriro. Egia da ikasturte hartan “hoberenak” etorri ginela mekanika ikastera eta gure artean ez zegoen ikasle eredugarririk. Gauzak aldatzen joan dira. Bigarren urtean, jende saiatuagoa tokatu zitzaidan eta horrek ere laguntzen du. Gustura egin nituen ikasketak.
Ikaslanen ere praktiketan ibilia zara, ezta?
Bai, zortzi bat hilabetez ibili nintzen eta oso gustura. Diru kopuru bat ordaintzen ziguten eta ondo etortzen zitzaidan nire gauzetarako. Bukatu eta hilabete pare batera eskolatik deitu zidaten tailer baterako langile bila zebiltzala-eta. Jon Zuremoto enpresan hasi nintzen, Olaberrian, eta han jarraitzen dut. Bi urte beteko ditut aurki. Pozik nago.
Atzera begirada bat botatzen duzunean, zer da aldatuko zenukeena?
Izandako jarrera. Gurasoengatik nagusiki. Disgustu asko eman dizkiet.
Etorkina izateak zertan eragin dizu?
Ez dit kalterik eragin. Hona, Euskal Herrira, etorri nahi nuen nik. Aitak kontatzen zizkigun hemengo gauzak eta ezagutu egin nahi nuen.
Zer esaten zizun aitak?
Aita gu baino zortzi bat urte lehenago etorri zen. Dena txarra kontatzen zigun. Sekulako hotza egiten zuela hemen, euria beti… Baina argazkiak ikusi eta tentazioa sortzen zitzaidan.
Gurasoak urtero joaten dira Marokora, baina ni gutxi. Zortzi urte egon naiz jaitsi gabe eta udan izan nintzen koadrilako lagun batekin. Baina hara bizitzera ez nintzateke bueltatuko, hemen ditut lagunak, dena… han familia bakarrik ezagutzen dut.
Hemendik aurrera zer?
Ikastea pasa zait burutik. Soldadura ikasiko nuke gustura. Betidanik gustatu izan zait eta esaten didate esku ona dudala soldatzeko. Lanean hasi nintzen eta ez nuen ikasten jarraitzeko aukerarik izan. Une honetan ezin ditut ikasketak eta lana bateragarri egin baina… probatuko nuke. Gainera, lana egongo da soldatzaile gisa seguruenik.
Zer gomendatuko zenieke ikasketak oso gustuko ez dituzten neska-mutilei?
Ikastea gustatzen ez zaionarentzat Oinarrizko Lanbide Heziketa aukera ona da. Azkenean ikasgelan baino lantegian denbora gehiago ematen duzu. Hala ere, nire gomendioa da ikastea eta burua jartzea ikastea gustatzen zaizun horretan lortu arte.