JOSTAILU EKOLOGIKOAK
Jostailu ekologikoak diseinatu dituzte Goierri Campuseko ikasleek
Jostailu ekologikoak diseinatu dituzte Mondragon Unibertsitateko Goierri Campuseko mekanikako lehen mailako ikasleek. Egindako jostailuak Urtarrilaren 29an aurkeztu dituztelarik.
Jostailuak, 4 eta 6 urte arteko haurrentzat izatea, bihurdurako malguki baten energia erabiliz mugikorra izatea eta material birziklatuekin fabrikatuta egotea eskatzen zitzaien. Diseinatzeaz gain, prototipoa ere fabrikatu behar izan dute.
Maialen Rancho ikasleak aipatzen duen modura, prototipoa egiterakoan erabilitako materiala, material horrek ingurumenean duen inpaktua, jostailuaren diseinua eta erabilitako energiaren efizientzia baloratu dute irakasleek.
Mikel Zabaleta ikaslearen esanetan, jostailuak derrigor izan behar zuen malgukiaren eraginkortasuna ahalik eta handiena izan zedin, fisika eta informatika uztartu eta kalkulu matematikoak egin behar izan dituzte.
Erronka honek dituen helburuei dagokionez, “zailtasunei aurre egiten trebatzea eta etorkizuneko ibilbide profesionalerako prestatzen joatea” direla azaldu du Jose Ignacio Vicentek, MU-ko Goierri Campuseko koordinatzaileak.
Vicentek zehaztu duenez, “mekanikako ikasketen alde teknologikoa, gizarteko beste alor batzuekin uztartzen saiatzen gara, jasangarritasuna eta birziklapena bultzatzen dugu eta aurten, egun bizi dugun egoerari keinu eginez, pandemiak itxialdi garaian gehien eragin duen kolektiboa izan dugu kontuan: haurrena”.