Ormaiztegiko trenzubiaren maketa 3D-n egingo dute Goierri Eskolako ikasleek
Zumalakarregi Museoarekin lankidetza hitzarmena sinatu da.
Ormaiztegiko trenzubiaren maketa 3D-an egiteko lankidetza hitzarmena sinatu du Goierri Eskolak Zumalakarregi Museoarekin eta Ormaiztegiko Udalarekin. Herriko ondarea edozein pertsonarentzat modu irisgarrian jartzeko pausoa eman du Zumakalarregi Museoak, eta udalak ere bat egin du asmo horretan.
Egitasmo honekin, ikusmen urritasuna duten pertsonei, Ormaiztegiko trenzubia gerturatu nahi zaie, 3D-ko maketa erabiliz horretarako. Ekimenean, Begiris Elkarteak hartzen du parte, itsu edo ikusmen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzen duen elkartea delarik.
Proiektuarekin bat egiteko aukera eskaini diote Goierri Eskolari, eta eskolak ikasleekin garatzen duen erronka bidezko ikasketa prozesuan txertatu da proiektua.
Jorge Mancisidor, Goierri Eskolako zuzendariak zehaztu duenez, “azken urteetan Goierri Eskolan saiakera berezia egin dugu ikasleekin egiten ditugun erronkek gizartearekiko helburu bat izan dezaten; gero erabilera bat izan dezaten proiektuak izan daitezen saiatu gara. Alde horretatik, proposamen honek erabat egiten du bat helburu horiekin”.
Erronka bidezko ikasketa prozesua
3D inpresora batekin egin beharko dute trenzubi famatuaren maketa fabrikazio mekanikoko diseinua ikasten duten ikasleek. “Oso proiektu polita iruditu zitzaigun, eta ikasleei ere ikasketa prozesurako motibazio puntu gehigarri bat ematen dio, erreala den zerbait eta balio bat duen proiektu bat delako”, nabarmendu du Mancisidorrek.
Azken urteetan erronka bidezko proiektu ugari garatu dituzte Goierri Eskolan eskaintzen diren lanbide heziketako zikloetako ikasleek. Mancisidorren esanetan, askoz ere emaitza positiboagoak lortzen dira erronka errealak garatzen diren kasuetan: “Nabaritu dugu ikasleen motibazioa eta inplikazioa igo egiten dela halako proiektuak garatzen ditugunean, beraz, Zumalakarregi Museoak eta Ormaiztegiko Udalak egindako proposamenak borobildu egiten du gure ikasketa prozesua”.
Proiektua garatzen laguntzeko, ikusmen desgaitasuna duten pertsonen elkarte baten aholkularitza jasoko dute ikasleek, proiekturen irisgarritasuna erabatekoa izateko.
Hiru erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko ekitaldian, Goierri Eskolaren izenean eskerrak eman dizkie Mancisidorrek eta Mikel Azkarate ikasketa buruak gainerako bi erakundeei.